Mugaz gaindiko bidaia

Jalgi hadi plazaraNegu luze baten ostean udaberria heldu da eta gorputzak gozamenerako tartea eskatzen du, giro goxoa giharrak laxatzeko, izan lagunartean elkarrizketan, bidaiatuz, edo nobela eder bat irakurriz. Batzuei genero beltza gustatzen zaie, besteei umorezkoa, eta badago gogoeta eragilea nahiago duenik ere. Hiru hauek –eta gehiago- uztartzen dituen liburu batekin gatoz oraingoan.  

Itxaro Bordak Amaia Ezpeldoi detektibearen ibilerak kontatu dizkigun bost liburuetatik laugarrena da hau. Tregoa garaian idatzi zuela nabari da, isiltasuna apurtu eta aldarrikapen bat egiteko aprobetxatuko zuelako: 1545ean Etxeparek euskararen alde idatzi zuen ‘jalgi hadi plazara’ esaldia hartu eta lesbiana izanik ez lotsatzeko eta aske esan eta bizitzeko aukera ematen dio protagonistari, finean, armairutik ateratzen laguntzen dio esanahi berria emanez esaldi ezagunari. 

Bost pertsonaia topatuko ditugu Euskal Herrian barna bidaian desagertutako euskaltzain baten bila. Izturitzeko kobatik hasi eta Baiona, Bilbo, Gasteiz edo Bardeak bisitatuko ditugu koadrila honekin: marjinetako identitate anitzeko pertsonaiak, entzuten ohituta ez gauden ahotsak, irri eginaraziko digutenak.

Hausnarketarako aukera ere izango dugu tarteka protagonistaren eskutik, ezartzen dizkiguten eta onartzen ditugun mugei buruz: “Mugak eraikitzen ditinagu… Mugak baditun denetan … Denborarekin ohartuko haiz mugarik ez dela, nehon, bizidunak kate luze baten maila biluziak garela, ez bata bestearen aurka, baina bai bata derrigorrez egundaino bestearekin, bestearen alde”.

Nagusiki euskara eta sexualitatea izango ditu gogoeta gai; euskaldun izateko moduez; euskaldunen eta boterearen arteko harremanez; euskalduna eta lesbiana aldi berean izateko zailtasunez eta hori gainditzeko beharraz.

Prest lagun berriekin bidaiatzeko?

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina