Mugaz gaindiko bidaia

Jalgi hadi plazaraNegu luze baten ostean udaberria heldu da eta gorputzak gozamenerako tartea eskatzen du, giro goxoa giharrak laxatzeko, izan lagunartean elkarrizketan, bidaiatuz, edo nobela eder bat irakurriz. Batzuei genero beltza gustatzen zaie, besteei umorezkoa, eta badago gogoeta eragilea nahiago duenik ere. Hiru hauek –eta gehiago- uztartzen dituen liburu batekin gatoz oraingoan.  

Itxaro Bordak Amaia Ezpeldoi detektibearen ibilerak kontatu dizkigun bost liburuetatik laugarrena da hau. Tregoa garaian idatzi zuela nabari da, isiltasuna apurtu eta aldarrikapen bat egiteko aprobetxatuko zuelako: 1545ean Etxeparek euskararen alde idatzi zuen ‘jalgi hadi plazara’ esaldia hartu eta lesbiana izanik ez lotsatzeko eta aske esan eta bizitzeko aukera ematen dio protagonistari, finean, armairutik ateratzen laguntzen dio esanahi berria emanez esaldi ezagunari. 

Bost pertsonaia topatuko ditugu Euskal Herrian barna bidaian desagertutako euskaltzain baten bila. Izturitzeko kobatik hasi eta Baiona, Bilbo, Gasteiz edo Bardeak bisitatuko ditugu koadrila honekin: marjinetako identitate anitzeko pertsonaiak, entzuten ohituta ez gauden ahotsak, irri eginaraziko digutenak. (Irakurri +)

Josune Larrañagaren liburu gomendioa: Juan Kruz Igerabideren “Maite poemak hasiberrientzat”

Maite poemak hasiberrientzatJosune LarrañagaLiburu saltzaile gisa, hainbat poesia liburu izaten ditut esku artean. Aukera gero eta zabalagoa da, batez ere gazteak sareetan -eta, zorionez, paperean ere bai- beren pentsamenduak eta kontakizunak azaltzen hasi direnetik.

Nik neuk gustura irakurtzen ditut olerki liburuak. Horregatik, zuek ere, ohiturarik ez baduzue, gonbidatu nahi zaituztet Maite poemak hasiberrientzat (Denonartean) liburua eskuratzera.

Juan Kruz Igerabidek ibilbide luzea dauka haur eta gazte literaturan, bai nobeletan, bai poema liburuetan. Hitz errazak eta esaldi motzak erabiliz, poema politak ondu ditu liburu honetan. Hau da horietako bat: (Irakurri +)

Inurriak, mundua salbatuko duen brigada

Hemen daude, gure artean. Mundua salbatu behar duen brigada berezia Euskal Herrira heldu da. Inurri4k dira, mundu zabaleko auzirik gaitzenak ikertu eta argituko dituzten inurri harrigarriak. Dibertsioa, komikia, geografia eta historia egoki nahastuta agertu zaizkigu.

Inurpanpox, Inurrindar, Inurmalgu eta Inurmail dira Inurriak brigada bereziko lau kideak. Izenek iradokitzen duten bezala, nork bere gaitasuna dauka: malgutasuna, kemena, azkartasuna, hegan egitea. Edonola ere, brigada dira eta misterio ilun eta nahasienak non, brigada han. Beraz, munduan barrena ibiliko dira hara eta hona haien dohaiez auzirik harrigarrienei argia ekarri nahian.

Lehenengo bi liburuetan New York eta Paris bisitatuko dituzte. Etxe-orratzen hirian misterio sinesgaitzari egin beharko diote aurre, Askatusunaren estatuak bere lekutik alde egin du eta. Parisen, ostera, gorpurik gabeko krimena argitu beharko dute hilerri beldurgarri batetik abiatuta.

Liburu sorta hau Juan Luis Zabalak euskaratuta dator. Sortu galizieraz sortu zuen Pere Tobaruela idazleak eta haren testuei osagarri egokia eman zioten Andres Meixideren marrazkiek. Testuak eta irudiak batera, irakurleak gure historiako eta geografiako pasarte gogoangarrietan barrena ibiliko dira, disfrutatuz eta, konturatu gabe, ikasiz.