Antton Valverdek bost poetaren olerkiak musikatu ditu

Hitzak hots poesia kantaldia izan zen lehenengo, eta liburuxka eta dvd bihurtuta dator orain, Pamiela argitaletxearen eskutik. Arantxa Urretabizkaia, Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Miren Agur Meabe eta Tere Irastorzaren olerkiei Antton Valverdek jarri die musika. Orkestra osoaren zuzendari, ostera, Anjel Lertxundi aritu da.

Musika eta poesia aspaldiko adiskideak dira Euskal Herrian. Bide luzea egin dute elkarri lagunduta. Anjel Lertxundiren irudiko, “poesia irakurketaren bidez zabaldu da gehien, baina musikak asko lagundu dio hainbat testu ezagutarazteari. Lizardik eta Lauaxetak, adibidez, ez lukete gaur daukaten oihartzunik kantariek emandako aupadarik gabe”. (Irakurri +)

Joseba Sarrionandiarekin hitz egin dugu ‘Gure Oroitzapenak’ bildumaz

Joseba Sarrionandiaren literatura unibertsoa lau haizetara zabaltzeko ahalegin eskerga da Gure Oroitzapenak. Alde batetik, hamabi film laburrez osatutako pelikula; bestetik, olerki musikatuak biltzen dituen liburua eta CD bikoitza (32 kantu). Poesiaren indarra, agerian. Joseba Sarrionandiarekin hitz egin dugu proiektuaren gainean.

(Irakurri +)

Tretatxu, lapur mitikoen lekua historian

Tretatxu, lapurren gobernadorea saiakera historiko ezohikoa kaleratu du Hektor Ortega historialari eta kazetariak. Liburuak XVIII. mendeko bandolero baten biografia xehatua dakar. Baina, bandolero baten bizitza zirraragarria kontatzeaz gain, saiakera hau eztabaida piztera dator: Patakon ote da gure lapur mitiko bakarra?

Euskal Herrian bandolerismoak ez du historia ikerketa askorik eragin, XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendeko lehenengo erdialdean euskal gizartean izugarrizko garrantzia eskuratu zuen arren. Gutxi dira ikerlanak eta are gutxiago urrezko aro horretatik kanpo geratzen diren lapurren gaineko argitalpenak. Hortaz, Tretatxu Larrauriko, lapurren gobernadorea liburu ezohikoa da, XVIII. mendeko bandolero ahaztu baten bizitza baitakar hizpide.

Bautista Landa, Tretatxu, (1716-1761), lapurra izan zen. Baina ez edonolakoa, auzitegietan agiri sorta lodiak eragin zituenetakoa baizik. Legez kanpo karrera laburra egin arren (1751-1753), milaka orrialde idatzi zituzten haren kontrako salaketa eta frogekin. Zorionez, gehienak gorde egin dira eta ikertzaileen esku daude. Horiek baliatu ditu egileak, Hektor Ortega historialari eta kazetariak, Landaren bizitza berreraikitzeko. (Irakurri +)

Hektor Ortega idazlea Azpimarra saioan “Guía de los pueblos amurallados ” liburuari buruz aritu da

guía de los pueblos amuralladosSua argitaeltxeak orain dela gutxi argitara eman zuen aurtengo udaberriko nobedadeak zein izango ziren, tartean zen “Guia de los pueblos amurallados” liburua. Hektor Ortega kazetari eta historialaria arduratu da liburu hori idazteaz. Etb1eko Azpimarra saioan izan da liburuaren nondik norakoak azaltzeko. Dokumentazio lan zaila izan dela aitortu du Ortegak baina gaur egungo Euskal Herriko hiribildu harresidunen egoera zein den ezagutzeko gida ederra da. Erdi aroko harresiak, erromatarrak, modernoak… mota askotako harresiak ditugu gure inguruan baina asko ez ditugu ezagutzen. Liburu hau ezin hobea da gure historia bidaiatuz ezagutzeko.