Tretatxu, lapur mitikoen lekua historian

Tretatxu, lapurren gobernadorea saiakera historiko ezohikoa kaleratu du Hektor Ortega historialari eta kazetariak. Liburuak XVIII. mendeko bandolero baten biografia xehatua dakar. Baina, bandolero baten bizitza zirraragarria kontatzeaz gain, saiakera hau eztabaida piztera dator: Patakon ote da gure lapur mitiko bakarra?

Euskal Herrian bandolerismoak ez du historia ikerketa askorik eragin, XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendeko lehenengo erdialdean euskal gizartean izugarrizko garrantzia eskuratu zuen arren. Gutxi dira ikerlanak eta are gutxiago urrezko aro horretatik kanpo geratzen diren lapurren gaineko argitalpenak. Hortaz, Tretatxu Larrauriko, lapurren gobernadorea liburu ezohikoa da, XVIII. mendeko bandolero ahaztu baten bizitza baitakar hizpide.

Bautista Landa, Tretatxu, (1716-1761), lapurra izan zen. Baina ez edonolakoa, auzitegietan agiri sorta lodiak eragin zituenetakoa baizik. Legez kanpo karrera laburra egin arren (1751-1753), milaka orrialde idatzi zituzten haren kontrako salaketa eta frogekin. Zorionez, gehienak gorde egin dira eta ikertzaileen esku daude. Horiek baliatu ditu egileak, Hektor Ortega historialari eta kazetariak, Landaren bizitza berreraikitzeko.

Informazio oparo hori baliatuz, lehenengo atalean legez kanpoko ibilbidea jorratu du. Gutxitan bezala jarraitu daitezke hemen lapur baten ibilerak, lapurreta saioak, ihesaldiak, segadak… Jatorrizko herritik, Larrauritik, Baionaraino edo Iruñearaino joango da irakurlea Tretatxuren urratsei segika, Altube, Urkiola, Arantzazu, Bilbo, Azpeitia, Tolosa edo Ataundik igarota. Lehenengo mendateetan bidelapur, gero apaizen etxean ostuz, tarteka tabako kontrabandoan…

Bigarren atalean, ordea, Landa bere ingurumarian jarri du Ortegak. Alegia, erakutsi du Tretatxuk nola jokatu zuen aurrera egiteko garai hartako egoera sozialak sortutako presioen eta mugen artean. Eta aurkitu zuen aterabidea lapurgintza izan zenez, bere lapur moduak ere azaldu ditu egileak, sasoi hartako lapurrenekin alderatuz.

Patakon bakarra ote?

Ikerketa hotxe utzita, biografia hutsa izango litzateke. Baina Ortegak nazioarteko eztabaida historiografikoa ekarri nahi izan du gurera: egon ote da bandolero sozialik Euskal Herrian? Orain arteko ikerketek lapur eskuzabal bakarra atera dute argitara: Manuel Antonio Madariaga, Patakon ospetsua. Egilearen aburuz, ordea, gehiago izan zen, eta horietako bat, Tretatxu

Ondorio horretara iristeko agirien irakurketa sakonagoa egin du, lehen begiratuan atera daitezkeen irakurketak irauli arte. Atal horretan jabetu gara Tretatxuk lapurgintzara jotzeko benetako arrazoiez eta Mungialdeko herritarrekin eduki zuen harremanaren nolakotasunaz.

Ondoren ahozko tradizioa arakatu du. Han agertu zaigu Tretatxu, herritarren ezpainetan. Horiek aintzat hartuta, erantzuna eman dio galderari. Ez, Patakon ez zen bakarra izan, Tretatxu ere ezpal horretakoa zen. Eta hautagai zerrenda luzeagoa izan daiteke, ahozko tradizioari jaramon eginez gero, behinik behin.

Nobela baterako osagaiak baditu ere, historia liburua da hau. Erraz irakurtzen da eta, konturatzerako, lapurraren biografian iraganeko herritar xumeak bilakatu zaizkigu historiako protagonistak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin