Joseba Sarrionandiarekin hitz egin dugu ‘Gure Oroitzapenak’ bildumaz

Joseba Sarrionandiaren literatura unibertsoa lau haizetara zabaltzeko ahalegin eskerga da Gure Oroitzapenak. Alde batetik, hamabi film laburrez osatutako pelikula; bestetik, olerki musikatuak biltzen dituen liburua eta CD bikoitza (32 kantu). Poesiaren indarra, agerian. Joseba Sarrionandiarekin hitz egin dugu proiektuaren gainean.

Gure Oroitzapenak proiektu zabala da: filma batetik, olerki liburua eta CD bikoitza bestetik. Zelan ikusi duzu?

Gela txoko batean liburu batekin da nire estiloa, in angulo cum libro. Gainerakoa arraroa egiten zait, lekuz kanpo ibiltzea bezala. Alde batetik, onuragarria izan daiteke, literatura ohiko itxituratik medioetara apur bat ateratzeko. Beste aldetik, ni lasaiago nengoen neure ohiturarekin.

Liburuko olerkiak CDan eta filmean agertzen dira. Sarrera bana idatzi diezu poemei, bakoitzaren nondik norakoak azalduz. Irakurketa berriak eragingo dizkio irakurleari?

Testu bat idazten duzunean, kontestu konkretuan egiten duzu eta asmo batzuekin. Irakurketak, beste kontestu eta beste kriterio batzuekin egiten dira. Hori normala da eta, gainera, nik apropos idazten dut modu apur bat anbiguo edo irekian, irakurleari kriterio desberdinak proposatuz bezala. Liburu honetako glosetan, testu bakoitzaren sorrera edo motibazioa esplikatzen da apur bat, kontuan hartuz testu asko duela 25 edo 35 urtekoak direla, zientzia paleografikoek ikertzeko modukoak…

Olerkiak irakurtzea gutxi batzuen ohitura ei da gaur egun. Hala ere, ez dirudi poesiak galdu duenik jendea hunkitzeko ahalmena…
Witold Gombrowiczek esplikatu zuen hori poeten aurka eman zuen hitzaldian. Poesia gauza guztietan da go, antzematen da, eta orduan, baten bat azaltzen denean esanez ni poeta naiz eta poesia emango dizut kontzentratuta, da anpoila perfumez betea eman nahi dizuna bezala. Perfumero jarrera horren kontra erreakzionatzen dugula uste dut, ez delako naturala. Poesia, zentzu orokorrean,
norberak antzeman beharreko zerbait da, liburuetan eta beste gauza guztietan…

Musika izan da poesia zabaltzeko biderik emankorrena. Zer sentitzen duzu zure olerkiren bat musikatuta entzutean?
Kantak, berez, idazkera baino lehenagokoak dira. Gilgamexen poema, buztinezko tauletan marka kuneiformez idatzi zena orain lau mila urte, abestu egiten zen. Iliada eta Odisea ere ahozkoak ziren, batez ere… Gu beste zibilizazio batekoak gara, Gutenbergen letren mundukoak: nire poesia, berez, leitzekoa dela uste dut, bista paper zurian zehar isilean eta akaso behin baino gehiagotan pasatzekoa, testua konplikatua izan daitekeelako… Baina, abestia ahalmen handiko generoa da. Gertatzen da Mikel Laboak, esate baterako, testu bat hartzen duenean beste zerbait bihurtzen duela…

Behin idatzi zenuen: “Eta kantak eginen ditut, eta beste batzuek kantatuko dituzte, beste kanta batzuk” (Hitzen ondoeza). Amets edo profezia hura, inoiz baino egiazkoagoa da orain, ezta?
Hori hitz joko bat zen, eta esaten nuen ez dituztela nireak kantatuko, kar, kar, kar. Bueno, nire kantuak ere kantatu dituzte batzuek. Baina, nire intentzioa esaera horrekin egilearen eta hartzailearen arteko paradoxa seinalatzea zen. Egiten ditugu jendearentzat gauzak eta, igual, jendea beste gauza batzuetarako dago.

Ruper Ordorikak ireki zuen bidea eta harrezkero jarioak ez du etenik izan. Zenbaketa egin dute: 145 abesti grabatu dira zure poemekin. Duda barik, euskal idazlerik musikatuena zara…
Ez dakit. Zenbakia apur bat beldurgarria da eta nire izena ez zait gustatzen. Nahi nuke izan Ixil-ixilik dago abestiaren autore ezezaguna.

Poema zerrenda luze horretako 32 daude CD bi hauetan. Zelan ikusi duzu aukeraketa? Musikari edo olerkiren baten falta igarri duzu?
[Angel Azkarraga] Matxitxak eta Anjel Valdesek egin dute aukeraketa, kriterio musikalekin batez ere. Nik ez dakit zer interesatuko zaion jendeari, hobe da beste batzuek hautatzea. Gero, badakizu Jorge Luis Borgesek esan zuena: benetako antologia Denbora deitzen den horrek egiten du.

Gure Oroitzapenak proiektuko olerkiak espetxean edo erbestean idatzi zenituen eta, hala ere, poesia gutxi irakurtzen den herri honetan sustrai sakonak egiten ari dira… Zer bilatzen du jendeak zure poemetan?
Gai batzuk, esateko modu batzuk, paradoxa batzuk, ez dakit.

Olerkiak idazten segitzen duzu?
Ez dut poema libururik argitaratu 1995etik, baina paperak zirriborratu bai. Diskootan badaude testu batzuk orain dela gutxi idatziak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin