Garbiñe Larrea: “Egurra banatzen ari denean bere buruari ematen dio lehenengo”

Santiago egunez Zarauzko batzokian elkartu gara, olgetan-benetan, ezin bestela, Garbiñe Larrearekin (Urnieta, 1976), Iñaki Segurolaren (1962-2022) Ganorexia (Alberdania, 2022) liburuaz aritzeko. Meteorologoek euria iragarri arren eguzkia agertu da laino artean. Mañukorta hil dela jakin dugu arratsaldean.

Idazten zuenaren gordetzaile izatetik (ez ireki, ez irakurri) editore lanak egitera pasa zara.

Hiletaren egunean esan nion Jorgeri Giménez Bechi [Alberdaniako editorea] lan bat geneukala egiteko. Ireki eta irakurtzeko indarra edukitzea ere salto bat izan zen, jakin gabe testu hori zer zen, ideiarik ez neukan zer idazten ari zen. Beste Koiteritzia (2021) bat zen, edo ipuinak ote ziren. Gauza oso ezberdinak egiteko gogoa zeukan.

Gure arteko harremana hasi eta handik gutxira Arrazoia ez dago edukitzerik (Alberdania, 2012) atera zuen, eta orduan hasi zitzaidan niri bidaltzen. Ez nuen ulertzen, editorearen eta bien arteko kontua zela uste nuen, are gehiago ezin banuen irakurri eta tartean sartu. Astean behin, hamar egunetik behin bidaltzen zizkidan, eta nik egiten nuen aurreko artxiboa borratu eta berria jaso korreoan, ordenagailuan, kanpo-memoria batean eta Dropboxen. Bere segurtasun neurriak ziren. Garbi neukan prozedura hori ahal zen neurrian errespetatu behar zela, espero nuena zen Jorgek testua jasotzen zuenean bera arduratuko zela. Hasierako ideia izan zen oin-oharrak behintzat beharko zituela, Iñakik aipatzen dituen argibideak emateko; hitzaurrea berak idatzita dauka, izenburuak ematen dio bide horretarako, eta Jorgek esan zidan horrelakoetan epilogo bat egitea ondo datorrela, bere obraren bukaera baita. Agur esateko ariketa bat ere bada, aldi berean. Horretarako beharra ikusi genuen.

Zer topatu duzu liburuan?

Topatu dut Iñaki bat bere betiko gaiak dituena, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo (Alberdania, 2005), Arrazoia ez dago edukitzerik liburuetan hasitako bidetik, idazketa estilo eta ariketa oso antzekoa da. Hortik kanpo geratzen dira Nere gorringotik (Alberdania, 2008), irratiari lotutakoa, Sed quia sua (Erein, 2020) sailkaezina, munstro bezala geratu dena, eta Koiteritzia eleberri dialogiko baita ere sailkatzen zaila.

Bereak diren gai asko ikusten dira Ganorexian: hizkuntzarena, etimologia, Euskal Herria, eliza… Badauka behar handi bat egurra ematekoa, bere kritikotasun garratz hori. Gai horietako asko dira motz gertatzen zitzaizkion formatuetan, Euskadi Irratiko sermoietan, adibidez, denboragatik garatu ezin zituenak. Hankak Lurrin irratsaioa ere berarentzat mina bat izan da. Nik ikusten diot berak zeukan ibilbide horretan atzera begiratzeko beharra ere, lehen idatzi izan dituenen inguruko hausnarketa egiten du, hor baditu damuak, autokritika egiten du, egurra banatzen ari denean bere buruari ematen dio lehenengo. Liburu honetan ere ikusten zaio pentsamendu ezbaikari hori, Sed quia suan garatu zituen hainbat gai eta han kokatu ez zituenak estilo libreagoan lantzen ditu, kapituluka beharrean tamaina handitik txikirako aleetan sailkatuta. Txikiena, azkena jarri zuena, niretzat, jeniala da: “Nere liburuak ere hitzaurreak dira”.

Ale bakoitzak dauka bigarren buelta bat.

Batzuetan bigarren buelta absurdoa da, ez dauka zentzurik. Hor ikusten dut libertate bat erabatekoa gogoak ematen diona egiteko, eta hori eskertzen dut literaturan, ez izatea kanon zurrun bat, “gauzek horrela izan behar dute”… Horren kontrako errebeldia ere badauka, batzuetan asko eskertzen da, aurretik idatzi duenarekin irakurri eta karamelu baten zaporea du, beste batzuetan da “baina hau zertara dator? Kendu izan balu hobeto”, baina horrek ez dio gehiegi inporta.

Irakurtzea, aletzea eta zuritzea berdintzen ditu momentu batean. Idaztea dena gauzatzea dela dio.

Berak etengabekoa zuen zentzumen guztietatik sartzen zitzaionaz hausnarketa egin beharra. Ez zuen amore ematen, “hau horrela etorri zait, horrela ote da?”. Ez daki nondik etorriko zaion, ez daki zertara eramango duen, zer garatu ahalko duen, bere pentsamenduak ere harritu egiten du batzuetan. Eta eskatzen dio hizkuntzari dena. Ederra da hori ikustea, ederra da ikustea dardara handia zeukanean, segurtasun-eza zeukanean, barruan oinaze ikaragarria zeukanean, ariketa hori egiten jarraitu zuela halere. Miresgarria iruditzen zait. Ikusita ze oinaze psikofisiko zeukan, hortik abstraitzea, ateratzea eta egitea betiko modu horretan… Barruan zeukan eremu sano bat zela uste dut, behar fisiologiko bat, arnastea  edo jatea bezala.

Aldi berean badago tentsio bat, “Ez dago ondo idazterik eta (zeren) ez dago ondo bizitzerik”, ezta?

Gauza bat da bizitzea eta beste bat idaztea, beste upel bateko sagardoa da, oso eremu ezberdinak dira. Nahi zuen hurbildu, era batera, bizitzen ari zen hori idazgai izatera. Baina ez baliabide terapeutiko bezala. Beretik ari zenez, bere pentsamendutik ari zenez, zergatik ez bere bihotzetik aritu edo bere arimatik, bizitzen ari zen hori zergatik ez erakutsi? Ez dago ondo bizitzerik, eta ez bazara ondo bizi ez duzu ondo idatziko, dio. Esango nuke, berari kontra eginez edo, ondo ez biziz ere ondo idaztea zeukala, hori egiteko gai zela. Aitak erakutsi zion berari igeri egiten, Zarautzen, sekulako olatuen artean. Bere aitak ez zekien igerian, Errezilgo baserritar bat zen, eta esan zion “hau horrela egin behar dek” eta “beste hau horrela egin behar dek”. Eta berak hori erreibindikatzen zuen, ez jakinda ere beste bati erakutsi diezaiokezu eta maisu ona izan zaitezke. Niretzat bizitzen ez asmatuta ere asmatzen du idazten.

Espiritualtasuna ere asko aipatzen du.

Jakin-min aseezina zuen bizitzako esparru askotan. Bera eliza kristau katolikoaren formaziotik dator, ama oso zurruna zuen, eta hortik dator bere errebeldia. Fedea galdutakoan bizitzarekiko hustasun horrekin geratu zen, nihilismo batekin ere… Aldi berean, badauka beti harra. Honek [batzokiak] morboa ematen dion bezala eliza katolikoak ere ematen dio, Munillak ematen zion morboa. Apaiz exorzista batzuen bideoak ikusten genituen noizean behin. Konfinamendua pasa genuen Espainiako exorzista handienaren bideoak ikusten. Biziak sortzen dion jakin-min ikaragarri horretatik egiten du galdera: biziaz aparte zer? Bilaketa horretan dago, besteak beste, Conan Doyle, zeina gizon errespetagarria izan zen espiritista bilakatu zen arte. Horrelako pertsonaiek sekulako jakin-mina sortzen zioten. Hor badago Kabala ere, hasidismoko kabalistak. Badauka bilaketa espiritual hori, handia, eta niretzat hori da justu bere gaitzean aurkitu nahi zuen zerbait. Nola ezin zuen mundu honetan ondo egon, ba ea haragoko munduan zer. Eta ez zuen edozer gauza onartuko, bere amak saltzen zion bertsio hori, behintzat, ez.

Katolizismoak utzitako hutsune horretan transzendentziaren, bakearen eta lasaitasunaren bilaketa dago.

Osasun mentalaz ari baldin bagara, bakea eta lasaitasuna dira galtzen diren lehenak. Are gehiago baldin badaukazu insomnio bat menderagaitza dena. Eta gero bera bere sakoneta beltzera iristen zenean, iluntasun maximora eramaten zuenean prozesu horrek. Berak bizi nahi zuen AAG, argi, arin eta gozo, eta hori ikusten dut liburuan. Orain dela hamar urte beste depresioa izan zuenean, handik atera zenean, osatzeko lan handia egin zuen. Medikazio hori uztea ez da erraza eta dena utzi zuen ondo, hor erabaki zuen ez edatea. Argi, arin eta gozo: argi buruz, arin motxilaz, gozo jendartean. Psikoanalisia egin zuen motxila arintzeko, eta sekulako ahokadak esan, polemika handietan sartu, lagunak galdu arren gozotasun hori bilatzen saiatzen zen. Bizitzeko sekulako planteamendua iruditzen zait. Aldi berean ematen du lorrezina dela, baina zure buruari opa behar diozu hori, eta liburuan ikusten da hori. Guk ere pentsatu behar dugu argi arin eta gozo bizitzea, opa behar diogu gure buruari.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina