Sorginekin jolasean

Ibon Martinek liburu berri bat aurkeztu du Oninen Abenturak sailean, azken urteotan gehien saldu den haur-bilduman. Lehenengo hiru liburuen ondoren, kalean da jada laugarrena: Onin eta sorginen sekretua.

Urdaibain kokatutako Izaro irlan pirata maltzurrekin topo egin, Gorbeiako basoetan Basajaunen bila ibili eta Pasaian galeoi batean Kanadarantz itsasoratu ondoren, Onin eta bere lagunak sorginen lurraldean barrena abiatuko dira oraingoan. Ez da bidaia erraza izango. Ez, erlojuaren aurkako bat baizik. Zuritxo ardia gaixo dago, eta Oninen lagun-taldea sanjose-loreen bila abiatzen da, horixe baita ardia salba dezakeen edabearen osagai nagusia.

Lore horiek mendian hazten dira, baina zailak dira aurkitzen. Oraingoan, gure protagonista txikiak Larhun mendira igotzen dira kremailera-tren batean. Tontorretik gertu, artzain zahar bat topatzen dute, eta hark Zugarramurdin bilatzeko gomendatzen die. Sorginen lurraldea da abentura honen bukaerako jokalekua, eta sorginen haitzuloak inguratzen dituzten baso misteriotsuak. Inguma pertsonaia beldurgarria, eguzki-loreen botereak eta euskal mitologiaren hainbat sekretu ezagutuko dituzte bidean zehar.

Euskal Herriko suspense-literaturako maisua irakurle gazteenengana hurbiltzen da bilduma honetan. Abentura dibertigarrien
bidez haurren artean irakurketa-ohiturak eta euskal kultura sustatzeko asmoarekin sortu du Onin Travel Bug argitaletxeak. Bildumako lehenengo liburuak, Onin eta Altxorraren uharteak alegia, Ikastolen Elkarteak ematen duen Juul saria jaso zuen, Lehen Hezkuntzako hamabost mila ikaslek beren liburu gogokoena hautatzeko bozketan parte hartu ondoren. Gordeko al diguzue sekretu bat? Urriaren 1ean Oninen bosgarren abentura, Onin eta Afrikarako bidaia, liburu-dendetan egongo da salgai!

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin