Maddi Ane Txoperenak irabazi du Igartza saria

Maddi Ane Txoperena Iribarrenek irabazi du Igartza saria, Ez erran inori izeneko nobela proiektuarekin. Idazle gazteen lanak bultzatzeko sariketa hau Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute, eta hogeitaka urtetako bere historian gerora ospetsu eta bikainak izan diren idazleak ezagutarazi ditu. Txoperenak “Ene baitan bizi da” izeneko nobela bat argitaratu du orain arte, aurtengo udaberrian kaleratu zena, eta amona-biloba harreman bat kontatzen zuena, besteak beste. Oraingo nobelak, berriz, haur batek jasandako sexu-abusua kontatuko du, baita horrek gerora protagonistarengan izango duen eragina ere.

ELKARRIZKETA:

Ez erran inori nobela-proiektuarekin irabazi duzu Igartza saria. Zer da, edo zer izango da, Ez erran inori?
Zuk erran bezala, nobela proiektu bat da. Lide du protagonista nagusia eta haren ahotsetik eta bizipenetatik harilkatuko dut narrazioa. Lideri sexu eraso bat egin zioten umea zela: horrekin hasiko da kontakizuna, erasoaren kontaketarekin. Baina nobela ez da haurtzaroan zentratuko: Lide heldu bilakatu eta erasoaren kontzientzia hartzen hasten denetik erasoak eragin dion minarekin nola bizi kudeatzen duen arte bizi duena kontatuko dut nobelan; bizipenetan, emozioetan eta sentsazio fisikoetan zentratuta.

Haurtzaroko sexu-abusuak aipatu dituzu. Gizartean pil-pilean dagoen gaia. Zer berezitasun izango du zure hurbilpenak?
Pil-pilean dago, baina era berean tabu bat da oraindik. Estatistikek diote bortz umetatik batek jasan izan duela sexu erasoren bat. Hori anitz da: erran nahi du gure inguruko jende anitzek bizi izan duela. Baina inguruan zenbat pertsona ezagutzen ditugu hori gertatu zaiela kontatzen dutenak?

Bertzalde, anitz hitz egin da azken urteotan Elizako erasoez, larriak direnak, noski (gainera, babesten dituen instituzio bat dute gibelean). Baina berez eraso gehienak etxean, familian edo ingurune hurbilean gertatzen direla diote estatistikek, eta horri buruz uste dut ez dela hainbertze hitz egiten. Ez erran inori-ko erasoa ere ingurune hurbilean gertaturikoa izanen da, eta Lideri arazo gehigarri ugari sortuko dizkio horrek.

Hurbilpenari dagokionez, umetan bizitakoak Lideri gaztaroan eta helduaroan ekarri dizkion ondorioetan zentratu nahiko nuke. Badira mekanismo batzuk umetako (eta bertzelako) sexu eraso kasuetan errepikatzen direnak: ukapena eta ahaztura, isiltasuna, erruduntasun sentimendua… Izateko eta jokatzeko modu batzuk ere bai, nik uste. Horietan arakatu nahiko nuke Lideren pertsonaiaren bitartez.

Gai minbera eta mingarria da gertutik bizi izan dutenentzat…
Kontziente naiz zauriak irekitzeak eman dezakeen minaz, bai. Baina uste dut landu beharreko gaia dela, eta min handiagoa eman dezakeela isiltasunak. Errealitateari ahal dudan bezain fidel izaten saiatuko naiz, halako zerbait jasan behar izan dutenekiko erabateko errespetuz. Ez nuke deus hanpatu nahi, baina ezta duen garrantzirik kendu nahi ere.

Erreferentzia teorikorik edo praktikorik izan duzu egitasmo honi heltzerakoan?
Irakurri dut gaiari buruz, eta sexu erasoen gaiaz ere bai, oro har. Antropologiako gradu amaierako lana sexu eraso batzuei buruz egin nuen (nahiz eta eraso mota ezberdinak izan), eta horretarako leitu behar izan nuen dezente gai horiez. Mari Luz Estebanek Gorputzaren Antropologia liburuan proposatzen dituen metodologia eta teknikak erabili nituen lana egiteko, eta hortik inspiratu naiz, partez: emozio, bizipen eta eragin edo ekintza fisikoetan zentratzean datza ikertzeko modu hori. Uste dut jakintza interesgarria atera daitekeela hortik, eta hortik etorri zait, bertzeak bertze, ‘Harrizko emakumea’-renak edo ‘Piztiarenak’ deitu diedan zatiak idazteko ideia. Lideren beraren kontakizunarekiko paraleloan-edo, erasoak Liderengan utzi dituen aztarnei buruzko pasarteak dira: Lideren gorputza bera da hitz egiten duena. Proiektua da oraindik, beraz, ikusiko da ea nola ateratzen den, baina horrelako zerbait egitea da asmoa.

Lan literario bat da zurea, ez ikerketa akademikoa. Zein dira erabiliko duzun estiloaren bereizgarriak?
Aski estilo zuzenean idazten ari naizela erranen nuke. Gaiagatik agian ere, modu gordin xamarrean; itzulinguru sobera gabe. Baina ez dakit: ez naiz oso ona nire burua baloratzen. 1. 2. eta 3. pertsonak tartekatzeko asmoa dut, baina beti Lideren ahotsean, ikuspegi ezberdinetatik. Euskalkiari dagokionez, nafar lapurtera batuaz idazteko asmoa dut, berriro, aurreko liburuan bezala pixka bat, Lapurdin eta Baxenabarren kokatu dudalako istorioa, bertzeak bertze.

Baionan eta Donapaleun kokatuko da zure nobela. Euskal literatura garaikidean gutxi samar agertzen diren lekuak, ezta?
Istorio hau munduko edozein lekutan gerta zitekeen, baina nahita kokatu dut Euskal Herrian, tentazioa izaten baitugu maiz halako gauzak kanpoan gertatzen direla pentsatzeko, bertzeei gertatzen zaiela eta ez guri: baina gure etxeetan eta gure ingurunean ere badira, tamalez, sexu erasoak. Lide Donapaulekoa izatea aukeratu dut, bertzalde, herri txiki batean bizitzeak are gehiago zailduko diolako barnean duena azaleratzea: denek elkar ezagutzen duten leku batean, ez zaio erraza izanen. Baionara joanen da ondotik, hirira, herritik ihes. Izan zitekeen Donostia eta Gipuzkoako herri txiki bat ere, baina Ipar Euskal Herria hautatu dut, batetik, ezagutzen dudalako, eta, bertzetik, hango errealitatea ikusarazteko pixka bat, baita ere, modu orokorrean: lekuak, erreferentziak… gure iruditeriaren parte izan daitezen. Ene baitan bizi da-n eskertu zidan jendeak hori.

Aurretik, aurtengo udaberrian, Ene baitan bizi da eleberria kaleratu zenuen. Handik hona, zertan aldatu zara eta zertan jarraitzen duzu ildo beretik?

Ene baitan bizi da idazten ari nintzela jada buruan nuen bertze proiektu hau. Bereziki zuzenketa lanetan-eta ari nintzela, aspergarria egin zitzaidan pixka bat, astuna, eta bertze zerbait berria sortzeko gogoa nuen. Anitz ikasi dut Ene baitan bizi da idatziz, eta elkarrizketaren batean erran nuen gauza batzuk ez nituzkeela berdin egin izanen orain berriz hasteko aukera banu (baina ja ezin nituen aldatu): gauza horiek honetan probatzeko gogoa dut.

Zure aurreko eleberri horrek ere beka edo burtsa bat jaso zuen, Iparraldeko idazle berrientzako “Gazteluma” saria. Formatu hau onuragarria dela iruditzen zaizu? Ze alde on edo txar ikusten diozu?
Beka hauek aukera ikaragarria iruditzen zaizkit, sari bikaina, eta ardura dakartena, ere bai. Pribilejio bat ere bai, partez: urtean bakarrak irabazten dituelako (eta hortik ardura). Oso pozik nago, ezin naiz kexatu, eta gogotsu nago idazteari ekiteko.

Literatura bakarkako lan isila izaten da, baina zu aldi berean kazetaria zara, gizarteko gorabeherak bete-betean eta beroan jaso behar dituen lanbidean ari zara. Nola uztartzen dituzu bata eta bestea?
Oso soziala eta aldi berean bakartia naiz ni ere: behar dut saltsa baina gero pausa ere bai. Uste dut kazetaritzak ere baduela bakartitik: Berriako erredakziora lehen aldiz joaten den jendeak normalean erraten du bakoitza bere munduan sartuta egoten garela idazten, eta hala izaten da; idazteko momentuan bai behintzat. Aurretik, noski, egon behar zara jendearekin. Baina idazteak badu bere parte soziala ere, ez? Edo nik ikusten diot behintzat: jendearekin egon, jendea behatu, esperientziak bizi… gero horiek moldatu eta idazteko. Errealitate zatiak dituzten kontakizunak interesatzen zaizkit gehien, eta ni ere horiek idazten saiatzen naiz. Agian batzuek etxeko salatik egiten dute dena: nik uste dut ezinen nukeela.

Eta, zure arlo desberdinak aipatzen jarraituz, bertsolaria ere bazara. Aurtengo Xilaban izena emanda zaude. Gogotsu?
Kantatzeko gogoz nago, bai. Gero, txapelketak beti ekartzen ditu presioak-eta… Laguntzen dute batzuetan, baina ez zaizkit bereziki gustatzen. Gustura kantatuz gero eta koronabirusak aurrera egiten uzten badigu, pozik. Ea hala den!

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina