Maddi Ane Txoperena: “Haurtzaroan sexu abusu bat bizitakoa naiz ni ere”

Lehen nobela arrakastatsu baten ondoren bigarrena kaleratu berri du Maddi Ane Txoperenak, Ez erran inori, Igartza bekaren laguntzaz idatzia eta sexu abusuen gai minbera sentiberatasunez lantzen asmatzen duena.

Zergatik aukeratu duzu gai hau?

Haurtzaroan sexu abusu bat bizitakoa naiz ni ere, eta gaiarekiko obsesio moduko bat izan dut urteetan: anitz irakurri dut gaiaz, tailer batzuetan ibili naiz, eta halako bizipenak izan dituztenekin konpartitu dut nirea, bertzeak bertze. Liburua idaztea niri eta bertze anitzi pairarazi digutena ulertzeko bertze modu bat izan da. Idazketak eta fikzioak laguntzen dute horretan. (Irakurri +)

Maddi Ane Txoperenak irabazi du Igartza saria

Maddi Ane Txoperena Iribarrenek irabazi du Igartza saria, Ez erran inori izeneko nobela proiektuarekin. Idazle gazteen lanak bultzatzeko sariketa hau Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute, eta hogeitaka urtetako bere historian gerora ospetsu eta bikainak izan diren idazleak ezagutarazi ditu. Txoperenak “Ene baitan bizi da” izeneko nobela bat argitaratu du orain arte, aurtengo udaberrian kaleratu zena, eta amona-biloba harreman bat kontatzen zuena, besteak beste. Oraingo nobelak, berriz, haur batek jasandako sexu-abusua kontatuko du, baita horrek gerora protagonistarengan izango duen eragina ere.

ELKARRIZKETA:

Ez erran inori nobela-proiektuarekin irabazi duzu Igartza saria. Zer da, edo zer izango da, Ez erran inori?
Zuk erran bezala, nobela proiektu bat da. Lide du protagonista nagusia eta haren ahotsetik eta bizipenetatik harilkatuko dut narrazioa. Lideri sexu eraso bat egin zioten umea zela: horrekin hasiko da kontakizuna, erasoaren kontaketarekin. Baina nobela ez da haurtzaroan zentratuko: Lide heldu bilakatu eta erasoaren kontzientzia hartzen hasten denetik erasoak eragin dion minarekin nola bizi kudeatzen duen arte bizi duena kontatuko dut nobelan; bizipenetan, emozioetan eta sentsazio fisikoetan zentratuta. (Irakurri +)

Maddi Ane Txoperena: “Milaka istorio interesgarri daude gure amatxi-aitatxiengan”

Lehen liburua kaleratu du Maddi Ane Txoperena Iribarrenek (Hendaia, 1994), Gazteluma bekaren laguntzaz: Ene baitan bizi da. Marie protagonista lapurtarra Parisen bizi da, baina udako oporretan, gurasoenera joan ordez amatxirengana joanen da, eta bien istorio txirikordatuek osatuko dute eleberriaren haria.

Zure lehen esperientzia da hau literaturan, ala lehendik ere aritua zinen?
Nire izenean idazten dudan lehen lan argitaratua da, bai. Aitzinetik idatzi izan ditut ipuinak-eta, nire buruarentzat, edo ezizenarekin sinatuak, aldizkarietan eta. (Irakurri +)

Maddi Ane Txoperenaren “Ene baitan bizi da” lan sarituaren lehen kapitulua

Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia, 1994) kazetari eta bertsolariak bere lehen eleberria kaleratu berri du, Gazteluma sariari esker: Ene baitan bizi da, Parisen ikasten den neska gazte baten eta Beran bizi den bere amatxiren arteko harremanean oinarritua. Istorio eder, bizi eta mamitsua. Hemen duzu liburuaren hasiera:

JOSEFINA

Aski zaku ttipian sartu zaizkio zazpi urtez metatzen arituriko ondasun guziak. Mihiseak ez ditu bereak, eta ohatzeari erantzirik utzi ditu gela bazterrean, mordoilo bat eginik. (Irakurri +)