Maddi Ane Txoperenaren “Ene baitan bizi da” lan sarituaren lehen kapitulua

Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia, 1994) kazetari eta bertsolariak bere lehen eleberria kaleratu berri du, Gazteluma sariari esker: Ene baitan bizi da, Parisen ikasten den neska gazte baten eta Beran bizi den bere amatxiren arteko harremanean oinarritua. Istorio eder, bizi eta mamitsua. Hemen duzu liburuaren hasiera:

JOSEFINA

Aski zaku ttipian sartu zaizkio zazpi urtez metatzen arituriko ondasun guziak. Mihiseak ez ditu bereak, eta ohatzeari erantzirik utzi ditu gela bazterrean, mordoilo bat eginik.

Arropa xehea, garbitu berria, objektu kuttunenak biltzeko baliatu du: aitak oparituriko zilarrezko katea, esne zopak hartzeko erabili ohi duen katilua… Eta hain hauskorrak ez diren bertze jabetzen ondoan ezarri ditu zakuaren hondoan, itxuraz aski modu desordenatuan: Françoisek oparituriko
arrosa idortua, amak hilean behin huts egin gabe bidalitako gutunak, bere izerdiz aurrezturiko libera guziak eta duela ordu erdi eskuetatik kendu nahi izan dioten pasaportea.

Tentuz erantzi ditu mantal zuria eta soineko beltza, tentuz bildu objektu guziak, eta duen karrikako arropa txukun bakarra janztearekin batera itxi du larruzko poltsa, arnasa sakon hartuaz. Ez da harrabotsik entzuten leiho bakarreko gelatxoan, hain da ari lapur baten moduan lanean, isilean.

Marie-Clairek soilik susma dezake memento horretan zer dagoen gertatzear, hari kontatu baitizkio etxeko jabea eritu zenetik pairatu behar izan dituen amesgaiztoak. Ez zekien noiz arte iraunen zuen; noiz erranen zuen aski da.

Jarraitu kapitulua irakurtzen (.pdf)

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina