2020ko Ibilbideari elkar Saria Seaskak jasoko du

Urtero apirila edo maiatza inguruan egiten den elkar Sariak banatzeko ekitaldia aurten ez da egingo baina sariak bai banatuko dira. Aste honetan jakinarazi du elkar Fundazioak Joseba Jaka beka Juanjo Olasagarre idazlean jasoko duela, eta Ibilbideari elkar saria, berriz, Seaskak jasoko du.

Euskara eta euskal kulturaren inguruan egindako lana ezagutu eta goraipatzea du helburu sari honek eta elkar Fundazioak erabaki du Seaskak merezi duela saria 2020an. Saria Seaskari ematea honela azaldu du:

“elkar Fundazioak erabaki du 2020ko Ibilbideari saria Seaskari ematea, eskolaren bidez, 50 urte luzez euskararen alde Ipar Euskal Herrian, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan, egindako lana aitortzeko.

Guraso talde baten ekimenez, Baionan hasi eta 1969an ofizialki finkatu zen Arrangoitzen. 5 ikasleekin zabaldu zenetik, etengabea izan da Ipar Euskal Herriko lurraldeetan egindako lana. Milaka ikasle eskolatu ditu euskaraz, eta hezkuntza euskalduntzeko akuilu izan da Ipar Euskal Herrian.

Lan handia egin du eta ez baldintza onetan, oraindik euskara ofiziala ez den eremu batean egin behar baitu bere lana.

Oztopoak oztopo, guraso eta irakasleen engaiamendu eta kemenari ezker, Seaska indartzen eta zabaltzen joan da, gaur egun 37 ikastetxeko sarea du eta 4.000 ikasle ari dira ikasten ikastetxe horietan.

Seaskaren ekarpena beste hainbat ekimenekin batera, inolako zalantzarik gabe, ezinbestekoa izan da Ipar Euskal Herrian euskara gal ez dadin.

Seaska herri ekimenaren emaitza da hastapenetik eta baita ere bere iraupenean. Adibide argia da ikusteko zein baliotsua izan daiteken herri gogoa, ondo artikulatzen jakiten bada.

Hasieran, guraso batzuk bere seme-alabak euskaraz ikastea nahi zuten, gogo hori ekimen bihurtu zen eta jarraipena eman zitzaion, eta beste askoren laguntzarekin eta herri baten sostenguarekin, posible egin dute gaurko errealitatea.

Benetan txalogarria egindako bidea eta lortutako emaitza.

Seaskari eta Ikastolen Elkarteari onena opa diegu bere ibilbidean. Jarrai dezatela euskara biziberritzeko eragile izaten, aldian aldiko egoera eta beharretara egokituz.”

Sariaren berri jasotakoan, eskerrak eman dizkio Seaskak elkar Fundazioari, eta bertako lehendakaria den Peio Jorajuriak honako hitzak izan ditu:

Seaskarentzat, ohore handia da, egun, Elkar Fundazioaren aitortza jasotzea, 50 urteko ibilbidearendako.

Euskalgintzaren baitan, Elkarren zein ikastoletan, urratsez urrats aitzinatzen gara. Elkar eta Seaskaren arteko harremana aspaldikoa da, eta beti izan da ona. 50 urtez,

Elkarreko liburu eta diskoak gure haurren altxorra izan dira. Momentu zailenetan, elkar lagunduz lortu dugu oztopoak gainditzea; lehen bezala orain, eta geroan ere lortuko dugu. Mila esker, zinez, zuen sostenguarengatik.

Saria Gotzon Huegun eskulturagilearen artelana da, eta, ohiko ekitaldiaren faltan, aukera dagoenean emango dio elkar Fundazioko patronatuak Seaskari.

Aukera baliatuz, elkar Fundazioak gogoratu nahi du datorren igandean, maiatzaren 10ean, denok Senpereko lakuan elkartzeko hitzordua genuela, Herri Urratsen beste edizio bat zian behar baizen bertan. Aurten ezingo da Herri Urrats egin, baina Ipar Euskal Herriko ikastolek euskaltzale guztion laguntza beharko du aurrerantzean ere, eta dei egiten du Seaskako ikastolak laguntzen eta indartzen jarrai dezagun.

Zorionak eta beti aitzina!

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina