Maddi Ane Txoperena: “Milaka istorio interesgarri daude gure amatxi-aitatxiengan”

Lehen liburua kaleratu du Maddi Ane Txoperena Iribarrenek (Hendaia, 1994), Gazteluma bekaren laguntzaz: Ene baitan bizi da. Marie protagonista lapurtarra Parisen bizi da, baina udako oporretan, gurasoenera joan ordez amatxirengana joanen da, eta bien istorio txirikordatuek osatuko dute eleberriaren haria.

Zure lehen esperientzia da hau literaturan, ala lehendik ere aritua zinen?
Nire izenean idazten dudan lehen lan argitaratua da, bai. Aitzinetik idatzi izan ditut ipuinak-eta, nire buruarentzat, edo ezizenarekin sinatuak, aldizkarietan eta.

Marie protagonista bezala, zu ere Lapurdiko kostaren eta Nafarroako Bortzirien artean bizi izan zara. Zer du zugandik Mariek eta zer du zure irudimenetik?
Mariek nire antzekoak ditu ezaugarri batzuk: Lapurdi eta Nafarroaren arteko joan-etorria, adina gutxi gorabehera, amatxirekin duen harremana ere bai, hein batean. Gainerako guzia irudimenaren produktua da. Arriskua ere badu norbere buruaren antza izan dezakeen pertsonaia bat asmatzeak, baina uste dut aldi berean errazago asma ditzakedala nire hurbileko neska baten kezkak eta bizipenak.

Liburuan bi belaunaldi dira nagusi, eta haien historiak kontatzen dira: batetik, zure adineko neska-mutilen kezkak; bestetik, haien amatxien mundua, 50eko hamarkada… Zerk piztu dizu gerraosteko garai horrekiko jakin-mina?
Bereziki, nire amatxik kontaturiko istorioek, hurbilena dudana delako-edo. Baina oro har uste dut nahiko erromantikoa izan naizela beti garai zaharragoekiko. Urte gutitan bizimodua anitz aldatu dela ikusten dut, galtzear direla pentsatzeko eta egiteko modu batzuk, eta zorte bat iruditzen zait oraindik ere bertze garai haiek bizi izan zituztenak bizirik eta hurbil edukitzea. Milaka istorio interesgarri daude haiengan, eta, kasurik egiten ez badiegu, galdu eginen dira.

Aberatsen etxeetan neskame aritzen ziren emakumezkoak dira protagonista liburuaren harietako batean, Josefina eta bere lagunak; fikziozko lanetan ia beti itzalean geratu izan den gizarteklase hori bindikatu nahi izan duzu?
Modu batean, bai. Gure eskualdean anitz hitz egin eta idatzi da Ameriketara joan ziren artzainez edo kontrabandoan aritzen ziren gizonezkoez, baina ez hainbertze kontrabandoan aritu ziren emakumeez edota Ipar Euskal Herrira eta Frantziara migratu zuten neskatoez. Historia modu partzialean ailegatu da guregana, emakumeak eta haiek egindako zaintza lanak ez direlako kontuan hartu,
eta erranen nuke emakumeek eurek ere anitzetan ez diotela baliorik eman egin dutenari.

Gazteluma burtsaren laguntza ukan duzu lan hau idazteko. Zer dute horrelako bekek: babesa, presioa, bultzada…?
Denetarik pixka bat, baina bereziki akuilu dira, nik uste. Alde batetik dago dataren kontua, eta bertzea da parte ekonomikoa: niri aukera eman dit hilabete batzuez lasai ibiltzeko, bertze soldatapeko lanik egin beharrik gabe. Pribilegiatu sentsazioa izan dut, baina uste dut ez lukeela hala behar. Hor du parte txarra beken sistemak ere: guti batzuek baino ez dutela lortzen.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina