ŽIŽEKEN IZUrriA!

Danele Sarriugartek Slavoj Žižek filosofo esloveniarraren Pan(dem)ic! ekarri du euskarara, Txalaparta argitaletxean. Jatorrizko hizkuntzaren bikoiztasuna gorde du izenburuak euskal edizioan: IZUrriA! Pandemiak beldurra hedatu duen honetan, etorkizunaz gogoeta egitea dagokigu. Imanol Galfarsoro elkarrizketatu dugu horretarako, liburuaren hitzostegilea eta International Journal of Žižek Studiesen editorea bera.

Zenbait mediotan irakurri dugu Žižekek “kapitalismoaren amaiera” iragarri duela liburu honetan. Hala da?
Žižeken ezaugarri nagusietakoa bikoiztasuna da, eta, oro har, ezkor dirau pandemiak eraginda gizartea hobera aldatuko denik. Argi dagoen bakarra da birusak gure bizitzaren oinarriak desegingo dituela, eta horrek, sekulako sufrimendua sortzeaz gain, izugarrizko kalteak eragingo ditu. Liburuaren hasiera-hasieratik adierazten duen bezala, bestalde, epidemiak ez gaitu zuhurrago bihurtuko.

Erantzuna ez dator norbanakoaren erantzukizunetik?
Ez. Erantzuna kolektiboa eta komuna denari begiratzetik dator. Eta bai, Žižekek badaki, zeharka liburu honetan ere aipatzen
duelako, benetako komunismoaren iraganeko esperientziaren egiaz: desastrea, katastrofea… Baina, hala eta guztiz ere, “komunismo” terminoa erabiltzen duenean, etorkizunerako antolaketa global berri batez ari da.

Komunismoa iragarri baino gehiago, aldarrikatu.
Žižeken arabera, koordinazioa eta elkarkidetza azpimarratzeko garaia ez da inoiz izan premiazkoagoa. Pandemiaren ondorioa izugarrizko amesgaiztoa izan ez dadin, merkatu librearen nagusitasunean oinarritzen den sistema ekonomiko neoliberala gainditu behar da.

Komunismo berrasmatua politika garden eta herrikoi berriekin garatu behar da. Koronabirusa dela-eta, denok gaude txalupa berean.

Iraganeko normaltasunera itzultzerik ez badago, baina, txalupa horrek bizimodu zahar eta agortua atzean utzi beharko du beste “normal” berri bat eraikitzeko. “Komunismo” hitzak, horrela, ekonomia kontrolatzeko eta arautzeko ahalbidea adierazten du maila globalean. Are eta gehiago, aipatu elkartasuna eta elkarkidetza ez dira nahikeria idealistak, salbatu gaitzakeen aukera arrazional
bakarra baizik.

“Izurriak
ez gaitu zuhurrago
bihurtuko”

Inozokerian erori gabe, halere.
Ez, Žižekena ez da kinoa-sozialismoa. Pandemiaren ondoren, kapitalismoak ez du zertan indarra galdu. Eta bai, arrisku nabaria dago zer eta jendarteak gogoz onartutako salbuespen egoera iraunkorra normaltzeko, geratzen zaigun sentimendu kolektibo gutxia galduz eta nor bere biziraupenaz soilik arduratuz. Bitartean, bestalde, prekarietatea eta murrizketak areagotzen ari dira.

El hoyo [Zuloa] filmarekin paralelismoa egiten duzu.
Ezkortasunean ardazten den bikoiztasuna nagusi, Žižekek barreiatzen duen ikusbidea alderagarria da, iruditzen zait, El Hoyo (2019) filmarekin. Edo, zehatzago, suspensea, zientzia fikzioa eta horrorea nahasten diren distopia honetan, Galder Gaztelu-Urrutia zinema
zuzendariak lehenesten duen mezu ilun eta zalantzakorrarekin: espezie gisa, gizakia berekoia da, are sabelkoia. Izan ere, filmean nagusitzen den klaustrofobia itogarria da bere arrakasta globalaren arrazoietako bat –koronabirusaren mehatxua gainditze aldera berrogeialdi eta itxialdien garaia islatzeko parabola egokia–. Galdera emankorra, baina, hauxe da: gure gizarte eta espezieen egitura izatez, eta beti, izango al da berekoia (El Hoyo), ala pandemiaren krisi globalak gure lehentasunez berriz pentsatzera bultzatuko gaitu (Žižek)?

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina