Jabi Elortzari elkarrizketa elkar aldizkarian

Gazteentzako nobela berria plazaratu du Jabi Elortzak (Bilbo, 1973): Gezurren habia, neska nerabe baten desagerketarekin abiatzen den istorioa, aurrera egin ahala erritmoa bizkortu eta jakin-mina handituz doana.

Ez dira asko gazteentzat idazten dutenak euskaraz, eta zu azken urteetako egile oparoenetakoa bihurtu zara: Sara, Kinito egunak, Gezurren habia… Zerk eraman zaitu gazteentzat idaztera?
Hasieran, nire ikasleei gustatuko zitzaien zerbait idazteko asmoz ekin nion idazteari. Sara, nire lehenengo liburua, idazten hasi nintzenean, asmoa ez zen nobela bat idaztea, baizik eta ipuin labur bat, baina istorioan sartu nintzen erabat eta hilabete batzuen buruan amaitu. Hurrengo nobelak ere bide beretik egitea erabaki nuen, gazteen arteko istorioek aukera asko ematen dutela uste dudalako, eta horrez gain nabari da ikuspuntu kritiko bat arlo askotara hedatzen dena.

Zure nobela horietan nabarmena da estilo errealista bat eta gaur egungo gizarteko gai gordinak tratatzeko asmoa, ezta?
Badaude zenbait gai nobela hauetan errepikatzen direnak: sare sozialak, gazteen arteko maitasun istorioak, ikastetxe eta institutuetan sortzen diren ikasle eta irakasleen arteko liskarrak, familia batzuetan aurki ditzakegun egoera latzak, eskola jazarpena edo bullyinga, alkohola, drogak, festa, sexua… Osagai horiek guztioi gustatzen zaizkigula uste dut, ez nerabeei soilik.

Zure protagonistak ez dira oso eredugarriak, baina sarritan okerragoak izaten dira haien gurasoak. Errealitatean ikusi duzunaren isla da hori?
Errealitatetik edan egin behar da horrelako nobela errealista bat egiteko; hala ere, idazten dudana fikzioa da. Bestalde, nobela hauetako pertsonaiek egiten dituzten gauzak justifikatu egiten dira ia beti, gazte horiek beren gurasoen eta heziketaren biktimak direlako. Irakurlea haien alde jartzen da lehenengo momentutik.

Azken nobelan abiada izugarria lortu duzu, eta ekintzaren jirabira bakoitzak aurrekoa gainditzea, irakurleak bere buruari galdetzeraino: “noraino iritsiko dira hauek?”. Nahita landutako teknika izan da?
Hori da helburua, irakurlea hasieratik zurrunbiloan sarraraztea eta jarraitzeko grina piztea. Hala ere, ez dela gauza erraza uste dut, gaur egungo gazteek oso interes iturri potenteak dituzte eskura eta ia ezinezkoa iruditzen zait literatura maila horretara hurbiltzea.

Teknologia berriek eta haiekiko menpekotasunak leku nabarmena dute eleberri honetan. Horren arriskua ikusten duzu zure inguruan?
Gazteekin lan egiten dugunok nahiko kritikoak gara gai honekin. Gaur egun ikastetxe eta institutuetan ditugun diziplina arazorik larrienak sare sozialen eta teknologia berrien eskutik datoz. Nik argi daukat zerbait egin behar dela, taxuzko zerbait. Zoritxarrez, legeak ez digula inoiz gai honetan lagunduko uste dut, eta, beraz, geratzen zaigun aukera bakarra hezkuntza zentroetan eta etxeetan umeak txiki-txikitatik ondo heztea da. Era berean, gurasoek beren seme-alabek interneten egiten dutenaren erabateko kontrola izan behar dutela uste dut. Gurasoen laguntzarik gabe ez dago zereginik.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina