Maddi Ane Txoperena: “Haurtzaroan sexu abusu bat bizitakoa naiz ni ere”

Lehen nobela arrakastatsu baten ondoren bigarrena kaleratu berri du Maddi Ane Txoperenak, Ez erran inori, Igartza bekaren laguntzaz idatzia eta sexu abusuen gai minbera sentiberatasunez lantzen asmatzen duena.

Zergatik aukeratu duzu gai hau?

Haurtzaroan sexu abusu bat bizitakoa naiz ni ere, eta gaiarekiko obsesio moduko bat izan dut urteetan: anitz irakurri dut gaiaz, tailer batzuetan ibili naiz, eta halako bizipenak izan dituztenekin konpartitu dut nirea, bertzeak bertze. Liburua idaztea niri eta bertze anitzi pairarazi digutena ulertzeko bertze modu bat izan da. Idazketak eta fikzioak laguntzen dute horretan.

Nobelan kontatzen dituzunak zenbateraino dira zure esperientzian oinarrituak, ze neurritan asmatuak?

Gertakariak eta pertsonaiak asmatuak dira: istorioa bera, funtsean. Nire bizipenetatik urruntzeko balio izan dit dokumentazio lanak, eta nahita kokatu dut istorioa nirea ez den ingurune batean ere. Gero, halere, hurbiletik ezagutzen dudan zerbait denez, idazterakoan anitz konektatu dut nire emozio propioekin. Mina eman dit Lideren pertsonaian barneratzeak, pertsonaia hori eraikitzeak: bera ulertu nahian, min hori sentitu dut nik ere. Baina aldi berean oso prozesu aberasgarria izan da, osatzailea, eta erresistentzia ariketa bat ere bai, hein batean. Niri balio izan dit, eta bertze batzuei ere balioko balie, ezin aberasgarriagoa litzaidake. Asmoa ez da inori irakaspenik edo azalpenik ematea, halere: bakoitzak bizi du ahal duen bezala.

Milaka dira hortik pasatutakoak, baina tapatu egin ohi da kontua, estali, ez ikusi…

Isiltasun horrek iraunarazten eta zilegitzen ditu sexu abusuak, hain justu.

Lidek ahaztu nahi luke, baina aspaldiko irudiek bonbardatu egiten dute.

Haurtzaroko sexu abusuen ondotik anitzetan izaten da amnesia edo ahaztura fase bat, eta bat-batean agertzen has daitezke erasoaren irudiak, gaztaroan edo helduaroan. Baina horrekin batera datoz ukazioa, errua, inork sinetsiko ez zaituen ustea… Horiek denak nahasten zaizkio Lideri, ezinegona sortzen diote, nahastua dago, eta horregatik egiten ditu egiten dituenak. Behin oroitzen hasita zaila da ahaztea.

Ihesbideak bilatzen ditu Lidek: sexua, drogak, hedonismoa…

Anitz maite dut Mari Luz Estebanek Arrate Gardokiri eginiko elkarrizketan erraten duen esaldia (liburuan dago aipua): “Zure inguruko faktoreak kontrolatzen ez dituzunean eta egoerak gainez egiten dizunean, zure gorputza da modelatu dezakezun bakarra”. Bakoitzak bilatzen ditu bere irtenbide edo ihesbideak, eskura daukanaren arabera.

Psikologoarengana joko du gero. Asko hitz egiten da gaur egun terapiaz. Ze iritzi duzu zuk?

Terapia lagungarri izan daiteke ala ez (terapiaren arabera), baina arriskua izan dezake, oro har, arazoa indibidualizatzeak. Gizarteko arazo bat da haurtzaroko sexu abusuena, egiturazkoa, eta uste duguna baino zabalduagoa. Gizarte bezala erantzun behar zaio: zilegitzen duen sistema da aldatu behar dena.

Bigarren nobela duzu honezkero. Idazle gisa sendotu egin zarela sentitzen duzu?

Zaila egiten zait halako galderei erantzutea. Irakurleek erran beharko dute.

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina