Lehen esaldiarekin maitemintzen gara

“Terry Lennox lehen aldiz ikusi nuenean mozkor zegoen, Silver Wraith estiloko Rolls-Royce batean, The Dancerseko terrazaren aurrean”. Liburu batzuekin ez duzu besterik behar: esaldi bat eta badakizu maitemindu egingo zarela. Urte asko pasa dira Raymond Chandlerren Ez adiorik (Igela, 2001) lehen aldiz negar artean bukatu nuenetik baina ezin dut lehen esaldi hori hotzikararik gabe irakurri. “Terry Lennox lehen aldiz ikusi nuenean…”. Momentu horretan edertasun terrible bat hasten da, niretzat ahaztezina.

Hasierak oso inportanteak dira literaturan, idazleentzako zein irakurleentzako. Idazleak askotan gal lezake bere buruan konfiantza edo adorea baina lortu baldin badu maiteminduko duen hasiera bat idaztea, beti lortu dezake adorea. Hala uste zuen Baudelaire handiak eta guk baino gehiago zekien literaturaz. Irakurle batentzat, berriz, hasiera fundamentala da. Zuek ez dakit baina nik lehen orrialdea irakurrita erabaki dut gehienetan liburu bat irakurtzen jarraitu ala ez. Hor egoten da mila aldiz esanagatik berria dirudien magia hori, irakurtzera bultzatzen nauena.

On Kixoteren hasieran narratzaileak gauza batekin ez duela akordatu nahi esaten digu eta berehala interesa sentitzen dugu. “Zeukan izenik gogora ekarri ere nahi ez dudan Mantxako basa-herri batean…”. George Orwellen 1984an (Txalaparta, 2007) eguraldiaren berri ematen zaigu, baina ezohiko xehetasun batek zirrara eragiten digu, oso bestelako mundu batera garamatza. “Apirileko egun
argi eta hotz bat zen, eta erlojuak hamahiruak jotzen ari ziren”. La Regentaren lehen esaldian Leopoldo Alasek hiri batera garamatza eta kontraesan ezin interesgarriago batekin hiri horri buruz gehiago jakiteko gogoa pizten digu: “Hiri heroiko hura siesta egiten ari zen”. Obabakoak (Erein, 1988) hartan bazen hasiera gogoangarri bat baino gehiago. Hauxe nire faboritoa: “Bazen behin, Bagdadeko hurian, merkatari aberats baten zerbitzuan lan egiten zuen Dayoub izeneko morroi bat”.

Gustatzen zaizkidan hasierek irakurlearen letaginak zorroztu egiten dituzte. Irakurtzeko gogoa ematen dute. “Gaua zen, gaua izatea merezi zuen”. Harkaitz Cano, Twist (Susa). “Laguna izoztu egin da. Horixe irakurri dut gaur jaso dudan oharretako batean”. Joseba Sarrionandia, Lagun izoztua (Elkar, 2001). “Urte bi eman ditu Onofrek herritik kanpo, itsasoak hausten, eta etorri denean mundu zabaleko hotzak berarekin ekarri ditu”. Edorta Jimenez, Azken fusila (Susa, 1993). “Roka ero putak aitaren eskopetarekin bere buruari tiro eman zionean hasi zen dena”. Eskuetan mapak (Txalaparta, 2007), Asier Serrano.

Oraindik ez dut irakurri Ene baitan bizi da (Elkar, 2020), Ane Maddi Txoperenaren lehenbiziko eleberria baina begira lehen esaldia: “Aski zaku ttipian sartu zaizkio zazpi urtez metatzen arituriko ondasun guziak”. Zer gertatu den jakin nahi dut, zergatik zazpi urte, zergatik hain zaku txikia.

Azken urteotan hasiera gogoangarri ugari eman dizkit euskal literaturak, zorionez. Eneko Barberenaren Afrikanerrak (Elkar, 2019) bikaina galdera batekin hasten da “Non da Omar?” eta Karmele Jaioren Aitaren etxea (Elkar, 2019) ezohiko zarata batekin. “Tiro hotsak mendian. Berriz entzun dituzu hor goitik, tontorretik”. Amek ez dute (Elkar, 2018) irakurtzen hasi nintzenean segituan
jakin nuen maitemindu egingo nintzela: “Uda betean izan zen. Ostegun arratsalde batez”.

Lehen esaldi batek promesa bat egiten dizu, boterez betea. Liburu boteretsuak promesa hori betetzen dakitenak dira. Bilatu beti hasiera onak. Bizirik daudenak eta bizirik sentiarazten zaituztenak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina