Joxe Azurmendiren “Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk” liburuaren kapitulua: Asterix

Asterix le Gaulois komiki bat da, mundu guztian gustatua. Baina ez da komikia soilik. Batez ere da aspaldiko mito historiko bat, bertsio modernotuan. Eta da filosofia bat guztiz arriskugarria piluletan kontzentratua: honi ez baitiogu erreparatu ohi, heroi galiarraren zirkun-zarkunak dibertiturik segitzen ditugun bitartean. Irakurleak ohartu ere gabe, umorezko figuren mozorro maitagarrienen pean, umore oso gutxiko filosofia politikorik nazionalistena antzezten da haren begien aurrean.

Asterix eta Obelixen istorioak bi molde hauetako batekoak izaten dira: edo bi heroiek atzerrira joan beharra izaten dute, eta, mundua konpondu eta gero, garaipentsu itzultzen dira etxera; eta herrixka galiar osoak heroien itzulera oturuntza nazional handi batekin sulamaren birundan ospatzen du. Edo atzerritarrak, jeneralean erromatarrak, auzunean muturra sartzen lotsagabetzen dira, eta bi heroiek, sekulako pandemonium batean kristoren egurrak eskuin-ezker banatuz, zapartatuta uzten dituzte erasotzaileak; eta herrixka galiar osoak heroien garaipena oturuntza nazional handi batekin sulamaren birundan ospatzen du. Azkenekoa, garaipena eta oturuntza, elementu faltaezinezkoa da Asterix eta Obelixen istorioetan: borrokaren ondoren garaipenak eta euskaristia nazionalaren ospaketak etorri behar du. “Le jour de gloire est arrivé…”

Lehenengo eredua denaz bezainbatean: Asterix eta Obelix ez dira inoiz euren borondatez ateratzen ergoien arkadikotik. Tribuko buruzagiak edo druidak misio bereziren bat gomendatu dielako joaten dira atzerrira. Ez bedi pentsa Frantzia kolonialista denik. Aljeriara edo Indotxina/Vietnamera, etab., etab., historiak gomendatu dien misio zibilizatzailea konplitzera bakarrik joan dira beti frantsesak. (Irakurri +)