Joxe Azurmendiren “Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk” liburuaren kapitulua: Asterix

Asterix le Gaulois komiki bat da, mundu guztian gustatua. Baina ez da komikia soilik. Batez ere da aspaldiko mito historiko bat, bertsio modernotuan. Eta da filosofia bat guztiz arriskugarria piluletan kontzentratua: honi ez baitiogu erreparatu ohi, heroi galiarraren zirkun-zarkunak dibertiturik segitzen ditugun bitartean. Irakurleak ohartu ere gabe, umorezko figuren mozorro maitagarrienen pean, umore oso gutxiko filosofia politikorik nazionalistena antzezten da haren begien aurrean.

Asterix eta Obelixen istorioak bi molde hauetako batekoak izaten dira: edo bi heroiek atzerrira joan beharra izaten dute, eta, mundua konpondu eta gero, garaipentsu itzultzen dira etxera; eta herrixka galiar osoak heroien itzulera oturuntza nazional handi batekin sulamaren birundan ospatzen du. Edo atzerritarrak, jeneralean erromatarrak, auzunean muturra sartzen lotsagabetzen dira, eta bi heroiek, sekulako pandemonium batean kristoren egurrak eskuin-ezker banatuz, zapartatuta uzten dituzte erasotzaileak; eta herrixka galiar osoak heroien garaipena oturuntza nazional handi batekin sulamaren birundan ospatzen du. Azkenekoa, garaipena eta oturuntza, elementu faltaezinezkoa da Asterix eta Obelixen istorioetan: borrokaren ondoren garaipenak eta euskaristia nazionalaren ospaketak etorri behar du. “Le jour de gloire est arrivé…”

Lehenengo eredua denaz bezainbatean: Asterix eta Obelix ez dira inoiz euren borondatez ateratzen ergoien arkadikotik. Tribuko buruzagiak edo druidak misio bereziren bat gomendatu dielako joaten dira atzerrira. Ez bedi pentsa Frantzia kolonialista denik. Aljeriara edo Indotxina/Vietnamera, etab., etab., historiak gomendatu dien misio zibilizatzailea konplitzera bakarrik joan dira beti frantsesak.

Tipo bat sortzeko, hala nola Chaplin zinema mutuan, istorioaren egiturak zuzena izan behar du; osagaiak, gutxi eta behin eta berriro ohikoak; jokabideak, ia mekanikoak, keinu berak beti errepikatuak; situazioak, aldez aurretik askaerari erraz antzematekoak; bukaera, happy end errituala. Horrela istorioak serie bilakatzen dira, historia esentzial bateko aldiuneak. Asterix eta Obelixek eta haien lagunek galiarraren esentzia bere fazeta ezberdinetan errepresentatzen dute: hots, Frantzia esentziala. Eta Frantzia horrek bere historiaz duen kontzeptua aurkezten da Asterixen abentura guztietan: beti erromatarrek erasoa, h. d., ingelesek eta alemanek eta espainolek, bera baino auzo boteretsuagoek; baina beti bera garaile, txikiagoa izan arren, edozein etsai apurtzeko superahalak ematen dizkion edabe magikoaren sekretua baitu: bere izpiritu nazional garaiezina. Bi momentu hauek ditu, hortaz, Frantziaren historia esentzialak: kanpokoen erasoa behin eta berriro, eta frantsesen erresistentzia amorratua eta garaipena. Beti horrela izan da: behiala erromatarrekin, gero ingelesekin ehun urteko gerran, alemanekin eternitate guztian. Erresistentzia Frantziako historiaren esentzia da, eta komunitate galiar/frantses oso-osoaren jarrera da… Erdi Aroa ezkero Frantziako Erresuma, ingurukoek erasoa baino gehiago inguruko lurren erasotzaile eta anexatzaile lapurra izan dela, historian ezagun samarra da, baina Frantziak duen bere buruaren kontzeptuan hori ez da sartzen. Historia datu selektiboekin egiten da. Larrialdi larrienetan historia modernoan egiazko erresistentzia eta garaipena Frantziak ingelesei eta iparramerikarrei zor izan diela, Asterixek ez daki. Memoria nazionala selektiboa da. Erresistenteak ez asko eta “kolabo”ak ez gutxi izan direla, bazter utz daiteke. Oroipen eta ahazpen selektiboekin burutzen da identitate nazionala (Vichy istripu bat izan da, ez da Frantzia esentziala), Euskal Herriari eta euskaldunoi hori ukatu nahi izaten bazaigu ere. Diferentzia sozialek, ideologikoek, politikoek, klase borrokek, iraultzek, ez dute “la grande nation”en bat izatea zatitzen. Edozein diferentziaren gainetik, Frantzia esentziala betidanik bat da, Asterixen herrixka galiarra beti bat den bezala.

Asterixek espresatzen duena, beraz, Frantziaren arima jatorra da.

Irakurri kapitulu osoa (.pdf)

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina