Eskafandra bildumako Virginie Despentesen “King kong teoria” liburuaren aurrerapena

NESKA GAIZTO ARMATUAK

Itsusien baitatik idazten dut, itsusientzat, atsoentzat, mari-mutilentzat, frigidoentzat, larrutan gaizki jotakoentzat, larrutarako inork nahi ez dituenentzat, histerikoentzat, akastunentzat, neska txintxoaren azoka handitik baztertutako emakume guztientzat. Eta hortik hasiko naiz den-dena argi egon dadin: ez dut barkamenik eskatzen ezertxorengatik, ez nator kexaka. Ez nuke neure lekua aldatuko inoren lekuaren truke, Virginie Despentes izatea kontu interesgarriagoa iruditzen zaidalako beste ezer baino.

Zoragarria iruditzen zait seduzitzea gustuko duten emakumeak egotea, seduzitzen dakitenak, eta beste batzuk, ezkontzen dakitenak; emakume batzuek sexu-usaina izatea eta beste batzuek eskola-umeen meriendarako bizkotxoarena. Zoragarria, emakume batzuk hagitz goxoak izatea, eta beste batzuk beren feminitatearekin pozarren ibiltzea; emakume gazteak egotea, eder-ederrak, eta beste batzuk pinpirinak izatea, eta distiraz beteak. Asko pozten naiz, benetan, gauzak dauden horretan komeni zaizkien emakume horiengatik guztiengatik. Ironia izpirik gabe diot. Kontua da, garbi esatearren, ni ez naizela haietako bat. Ziur asko ez nuke idatziko idazten dudana ederra banintz, topatzen ditudan gizon guztien jarrera aldarazteko bezain ederra banintz. Feminitatearen behargin xume bat naizen aldetik hitz egiten dut, hortik mintzatu naiz iraganean eta hortik hasiko naiz berriro gaur. Langabezian nengoenean ez nuen inolako lotsarik sentitzen baztertu bat izateagatik, sumindura besterik ez. Gauza bera gertatzen zait emakume gisa: ez dut lotsa izpirik ere sentitzen sekulako emakume-puska ez naizelako. Amorru bizian nago, ordea, gizonentzat interes gutxiko neska naizen aldetik, etengabe ulertarazi nahi didatelako ez nukeela ezta hemen egon beharko ere. Beti existitu gara. Nahiz eta gure aipamenik ez agertu gizonezkoen eleberrietan, haietan ohera eraman nahiko lituzketen emakumeak baizik ez dituzte-eta irudikatzen. Beti existitu gara, eta ez dugu inoiz hitz egin. Are gaur egun ere, emakumeek eleberri asko argitaratzen dituzten honetan, gutxitan aurkitzen ditugu itxura desatsegineko edo eskaseko pertsonaia femeninoak, gizonak maitatzeko edo maitatuak izateko ezgauza direnak. (Irakurri +)