Eskafandra bildumako Virginie Despentesen “King kong teoria” liburuaren aurrerapena

NESKA GAIZTO ARMATUAK

Itsusien baitatik idazten dut, itsusientzat, atsoentzat, mari-mutilentzat, frigidoentzat, larrutan gaizki jotakoentzat, larrutarako inork nahi ez dituenentzat, histerikoentzat, akastunentzat, neska txintxoaren azoka handitik baztertutako emakume guztientzat. Eta hortik hasiko naiz den-dena argi egon dadin: ez dut barkamenik eskatzen ezertxorengatik, ez nator kexaka. Ez nuke neure lekua aldatuko inoren lekuaren truke, Virginie Despentes izatea kontu interesgarriagoa iruditzen zaidalako beste ezer baino.

Zoragarria iruditzen zait seduzitzea gustuko duten emakumeak egotea, seduzitzen dakitenak, eta beste batzuk, ezkontzen dakitenak; emakume batzuek sexu-usaina izatea eta beste batzuek eskola-umeen meriendarako bizkotxoarena. Zoragarria, emakume batzuk hagitz goxoak izatea, eta beste batzuk beren feminitatearekin pozarren ibiltzea; emakume gazteak egotea, eder-ederrak, eta beste batzuk pinpirinak izatea, eta distiraz beteak. Asko pozten naiz, benetan, gauzak dauden horretan komeni zaizkien emakume horiengatik guztiengatik. Ironia izpirik gabe diot. Kontua da, garbi esatearren, ni ez naizela haietako bat. Ziur asko ez nuke idatziko idazten dudana ederra banintz, topatzen ditudan gizon guztien jarrera aldarazteko bezain ederra banintz. Feminitatearen behargin xume bat naizen aldetik hitz egiten dut, hortik mintzatu naiz iraganean eta hortik hasiko naiz berriro gaur. Langabezian nengoenean ez nuen inolako lotsarik sentitzen baztertu bat izateagatik, sumindura besterik ez. Gauza bera gertatzen zait emakume gisa: ez dut lotsa izpirik ere sentitzen sekulako emakume-puska ez naizelako. Amorru bizian nago, ordea, gizonentzat interes gutxiko neska naizen aldetik, etengabe ulertarazi nahi didatelako ez nukeela ezta hemen egon beharko ere. Beti existitu gara. Nahiz eta gure aipamenik ez agertu gizonezkoen eleberrietan, haietan ohera eraman nahiko lituzketen emakumeak baizik ez dituzte-eta irudikatzen. Beti existitu gara, eta ez dugu inoiz hitz egin. Are gaur egun ere, emakumeek eleberri asko argitaratzen dituzten honetan, gutxitan aurkitzen ditugu itxura desatsegineko edo eskaseko pertsonaia femeninoak, gizonak maitatzeko edo maitatuak izateko ezgauza direnak. Aitzitik, egungo literaturako heroi emeek gizonak maite dituzte, aise aurkitzen dituzte, bi kapitulutan oheratzen dira haiekin, lau lerrotan isurtzen dira eta den-denek dute sexua gustuko. Feminitatearen galtzailearen figura ez zait bakarrik maitagarria egiten, ezinbestekoa ere egiten zait. Galtzaile sozialaren, ekonomikoaren edo politikoaren figura bezalaxe. Nahiago ditut arrakasta ez dutenak, soilik eta sinpleki neuk ere ez dudalako arrakasta handirik. Eta, oro har, umorea eta sormena gure aldean daudelako gehienbat. Harrotzen ibiltzeko aukera emango ligukeen hori ez daukagunean, sortzaileagoak gara maiz. Ni, neska gisa, areago naiz King Kong, Kate Moss baino. Gizonek emaztetzat hartzen ez dituzten emakume klase horietakoa naiz, zeinarekin ez duten seme-alabarik izaten; bata dela edo bestea dela, beti neurrigabea den emakume horren baitatik hitz egiten dut: oldarkorregia, zaratatsuegia, lodiegia, basatiegia, ile-latzegia, mari-mutilegia, halakoa omen naiz beti. Nire tasun maskulinoei esker naiz ni, halere, gizarte arazoak dituen pertsona soil bat baino zeozer gehiago. Nire bizitzan maite dudan guztia, salbatu nauen guztia, nire gizontasunari zor diot. Beraz, hemendik idazten dut, gizonen arreta erakartzeko, gizonen desira asetzeko eta itzalpean goxo egoteko ezgauza den emakumea naizen aldetik. Hemendik idazten dut, seduktorea izan gabe ere handinahia den emakumea naizen aldetik, liluratua nagoela nik neuk irabazten dudan diruarekin; liluratua, ekiteko eta ukatzeko boterearekin, eta liluratuagoa kalez kale ibiltzearekin etxezuloan gelditzearekin baino; gauzak neurez bizitzeko irrikan nago beti, ahalmenik ez dudalako asebeterik gelditzeko besteek kontatuko didatena entzute hutsarekin. Ez zait piperrik ere interesatzen buztana tentearaztea amets eginarazten ez didaten gizonei. Ez zait inoiz agerikoa iruditu neska seduktoreek hain ongi pasatzen dutenik. Itsusi sentitu naiz beti, onartu egin dut eta hainbat hobe, zeren horri esker ez dut bukatu kaka-bizitza bat bizitzen ezer zirraragarririk erakutsiko ez zidaketen gizaseme atseginen ondoan. Pozik nago neure buruarekin, naizen bezalakoa izanik, desiratzaileagoa desiratua bainoago. Hemendik idazten dut, beraz, nire aldean ditudala azokako hondakinak, okerrak, ilea arras moztua daramatenak, janzten ez dakitenak, kiratsa botatzeko beldur direnak, hortz-ustelak, moldatzen ez dakitenak, gizonen oparirik jasotzen ez dutenak, txorta egin nahiko liekeen nornahirekin joko luketenak, urdanga zikinak, putaxkak, alu-idorrak, tripontziak, gizon izan nahiko luketenak, gizonak direla uste dutenak, aktoresa porno izatea amesten dutenak, gizonak bost pito axola zaizkienak baina beren adiskideez arduratzen direnak, ipurtandiak, ile latz eta beltz-beltzak izanik ere depilatu nahi ez dutenak, emakume basatiak, zaratatsuak, pasaeran dena apurtzen dutenak, lurrindegiak gustatzen ez zaizkienak, ezpainak gorriegi daramatzatenak, ezin direnak, nahiz eta irrika bizian egon, motxinbero pinpirinak bezala jantzi gorputz-okerrak direlako, kalean gizonen moduan jantzi eta bizarra eraman nahi dutenak, den-dena erakutsi gogo dutenak, lotsakorrak direnak konplexuz beterik daudelako, ezetz esaten ez dakitenak, otzandu daitezen giltzapetzen dituztenak, beldurra ematen dutenak, pena ematen dutenak, gogorik ematen ez dutenak, larruazala maskaldua dutenak, eta aurpegia zimurrez beteta, lifting bat egitea dutenak amets, edo liposukzio bat, edo sudurra haustea, hura aldatzeko aitzakia izateko, baina halakoetarako dirurik ez daukatenak, ajatuak daudenak, nork babestuko ez dutenak, beren burua baino ez, zaintzen ez dakitenak, seme-alabak fitsik axola ez zaizkienak, gogoko dutenak tabernetan edatea lurrera ziplo erori arte, itxurak gordetzen ez dakitenak; eta, era berean eta bidenabar, babesle izan nahi ez duten gizonentzat ere idazten dut, besteak babestu nahi bai baina nola moldatu ez dakitenentzat, borrokan ez dakitenentzat, negarretan aise hasten direnentzat, goranahiak, lehiakorrak, zakil-handiak edo oldarkorrak ez direnentzat, beldurtiak, lotsatiak edo ahulak direnentzat, lanera joan baino nahiago luketenentzat etxeaz arduratu, samurrak direnentzat, burusoilak edo gustagarriak izateko txiroegiak direnentzat, ipurtzulotik hartzeko gogoa dutenentzat, inork aintzat har ditzan nahi ez dutenentzat, gauez bakarrik daudela beldurtzen direnentzat.

King Kong teoria liburuaren aurrerapena (.pdf)

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina