Kirmen Uribe: “Gustura egin diot aurre hezur-haragizko pertsonaiak erabiltzeko erronkari”

elkarrekin_esnatzeko

Kirmen Uribe

Argazkilaria: Ricky Davila

36ko gerraren osteko erresistentziako bi militanteren bizitzak ditu oinarri Kirmen Uriberen (Ondarroa, 1970) Elkarrekin esnatzeko ordua nobelak (Susa): Txomin Letamendi (Bilbo, 1901-Bartzelona, 1950) eta Karmele Urresti senar-emazteak. Horien ondoan, pertsonaia historiko ugari ageri da nobelan, hala nola Jose Antonio Agirre lehendakaria, Manu Sota eta Andima Ibiñagabeitia, beste askoren artean.

Txomin Letamendi bilbotarra zen sortzez (1901ean jaioa), Bilboko Orkestra Sinfonikoan tronpetista, Euzko Gudarostean Ariztimuño Batailoiko komandantea, Parisen Canaro tangistaren musikaria, Manu Sota aberatsaren adiskidea, Jose Antonio Agirre lehendakariaren konfiantzakoa, Euskal Zerbitzuetako agente sekretua frankismoan… Karmele Urresti ondarrutarra zen sortzez (1915ean jaioa); erizaina, Roseraie ospitalean lan egindakoa gerra sasoian, gero Eresoinkako kantaria, Txomin Letamendirekin ezkondu zen… Frantzia okupatutik ihesi Caracasera joan ziren biak, handik itzuli ziren Euskal Herrira klandestinoki erresistentzian lan egitera, hiru seme-alaba izan zituzten… (Irakurri +)