Kirmen Uribe: “Gustura egin diot aurre hezur-haragizko pertsonaiak erabiltzeko erronkari”

elkarrekin_esnatzeko

Kirmen Uribe

Argazkilaria: Ricky Davila

36ko gerraren osteko erresistentziako bi militanteren bizitzak ditu oinarri Kirmen Uriberen (Ondarroa, 1970) Elkarrekin esnatzeko ordua nobelak (Susa): Txomin Letamendi (Bilbo, 1901-Bartzelona, 1950) eta Karmele Urresti senar-emazteak. Horien ondoan, pertsonaia historiko ugari ageri da nobelan, hala nola Jose Antonio Agirre lehendakaria, Manu Sota eta Andima Ibiñagabeitia, beste askoren artean.

Txomin Letamendi bilbotarra zen sortzez (1901ean jaioa), Bilboko Orkestra Sinfonikoan tronpetista, Euzko Gudarostean Ariztimuño Batailoiko komandantea, Parisen Canaro tangistaren musikaria, Manu Sota aberatsaren adiskidea, Jose Antonio Agirre lehendakariaren konfiantzakoa, Euskal Zerbitzuetako agente sekretua frankismoan… Karmele Urresti ondarrutarra zen sortzez (1915ean jaioa); erizaina, Roseraie ospitalean lan egindakoa gerra sasoian, gero Eresoinkako kantaria, Txomin Letamendirekin ezkondu zen… Frantzia okupatutik ihesi Caracasera joan ziren biak, handik itzuli ziren Euskal Herrira klandestinoki erresistentzian lan egitera, hiru seme-alaba izan zituzten…

36ko gerraren osteko erresistentziaren eta erbesteko Jaurlaritzak egindako lanen eta mugimenduen berri ematen du nobelak. Zergatik egin duzu aukera hori?

Garai iluna da hori baina era berean gure historiaren norabidea markatu duen sasoia ere bada. Askotan hitz egiten da 80ko edo 90eko hamarkadei buruz, baina nik atzerago joan nahi nuen, jakin nondik hasten den haria, eta erabat garai interesgarri bat aurkitu nuen eta gero deskubritu nola familia baten bizipenak kontatuz —ez da bakarra, gainera— kontatu ahal den gure historia garaikidea.

Amaieran, ETAren sorrerari azken hamarkadetako gatazkari buruzko datuak eta gogoetak agertzen dira. Erantzunak baino gehiago, galderak dituzula diozu, baina nobelaren izenburua etorkizunerako egiten duzun proposamen gisa ere uler daiteke…

Bai, halaxe da. Elkarrekin esnatzeko ordua izenburua Ezra Pounden poema batetik dator. Egin kontu, Poundek Bilboko Hermes aldizkarian idazten zuen, baina ez berak bakarrik, baita Nobel sarien irabazleek ere. Pentsa nolako garrantzia zuen aldizkariak. Izenburuan Pounden poema jasoz gerraurreko pizkundearen indarra azaldu nahi nuen. Eta, diozun bezala, izenburuak, nola ez, nahi bat ere azaltzen du, herri bezala gaur egun ditugun betebehar eta zereginei buruzkoa. Hala ere, esan behar dut nobelak honek batez ere galderak planteatzen dituela, ez da inola ere tesi-nobela bat.

Pertsonaiei izena aldatuz fikzioa idaztea baino nahiago izan duzu errealitatean oinarritutako nobela idatzi. Zergatik fikzioa nobelatik ia-ia erabat baztertzeko erabaki hori?

Bi arrazoirengatik. Alde batetik, hautu estetikoa da, eta ez naiz bakarra hori egiten duena, Emmanuel Carrere, Jean Echenoz, Siri Hustvedt… Hainbat eta hainbat idazle bide beretik ari dira mundu mailan. Beste alde batetik, istorioak berak derrigortu egiten zidan benetako izen-abizenak erabiltzea. Bestela, egiantzekotasun arazoak izango nituen. Familia bat, Agirre eta Sotatarren hain hurrekoa, zerbitzu sekretuekin harremana zuena… Ezin dira sinetsi hainbeste kointzidentzia. Eta egiazkoak dira! Eta, bestalde, esango zidaten historia moldatu egiten nuela nire apeten arabera. Ez, ez nuen beste irtenbiderik hezur-haragizko pertsonaiak erabiltzea baino, nahiz eta horrek niri, idazle bezala, hegoak ebaki. Baina gustura egin diot aurre erronkari. Bertsolariek ere badituzte muga batzuk eta muga horiekin ahal dituzte gauza zeharo ederrak egin…

Nobelan diozunez, zure amaren adiskidea da Txomin eta Karmeleren alaba Ikerne, eta haren bidez jakin zenuen haien bizipenen berri. Noiz eta zergatik hasi zinen pentsatzen bizipen horiek nobela baterako gaia izan zitezkeela?

Aspalditik, egia esan, Letamendi-urrestitarrekin txikitandik izan dut lotura, ez bakarrik Ikernerekin, baita Txominekin ere, eta Patxirekin, nola ez. Umezaroan markatu izan nauten pertsonak izan dira. Eta Gaizka, beraien osaba, hain maitagarria. Istorioak aspalditik nekizkien, etxean entzunda, baina aurretik bi nobela idatzi behar izan ditut hau idazteko adorea hartzeko. Ez naiz nor sentitu orain arte.

Dokumentazio lan handia egin duzu eta familiako kideak ere elkarrizketatu dituzu. Familiakoek irakurri al dute liburua? Zer komentatu dizute?

Esker ona eta emozioa adierazi dizkigute. Oso bizipen gogorrak izan eta gero, beraien istorioa argira ateratzeagatik. “Eskerrik asko izenak ez aldatzearren”, esan zidan Txomin semeak. Oso polita izan zen hori, izenak aldatu eta istorioa gehiago fikzionalizatzeko aukera ere bainuen.

Txomin eta Karmelez gain, pisu handia dute nobelan pertsonaia historiko batzuek, bereziki Joxe Antonio Agirre lehendakariak eta Manu Sota ekintzaile abertzaleak. Gerra galdu ondoren, erbestetik edo ahal zen lekutik, Francoren aurka borrokatzen jarraitu zutenekiko mirespena igartzen da kontaketan.

Zalantzarik gabe. Eta gaur egun ere ikusten ditut faxismotik hurbil dauden politikariak eta estatu-buruak, eta erne egon behar dugu. Manu Sotari dagokionez, uste dut ia-ia Karmele eta Txominen mailan dagoen pertsonaia dela, nire gustukoenetakoa da nobelan. Ameslariak ziren, agian okertu egin ziren hartutako erabakietan, inozoak ere izan ziren… Eta maite ditut horregatik.

Familia baten gorabeherak dira nobelaren oinarria, baina gorabehera horien bidez garai historiko baten berri ematen du. Zaila egin zaizu gizabanakoei gertatutakoen eta historiaren arteko uztarketa hori?

Milan Kunderak dio laket zaizkiola narrazioa, erreportajea, autobiografia, ametsa eta pentsamendua uztartzen dituzten eleberriak, Thomas Mann bera, Robert Musil, Witold Gombrowicz… Eleberri hau ildo horretatik doa, kronika da baina nobela baten logika du, egileak bera da narratzailea, bere gogoetak ere ageri dira, pertsonaien ametsak. Ez dakit zaila izan den gizabanakoa eta historia uztartzea, ezin baita zatiketa hori egin, berezkoa zaigula iruditzen zait, eta euskaldunoi, nola ez, historia handiak erabat baldintzatu dizkigu gure bizitza txikiak.

Historiari buruzko azalpenak eta datu historikoak ere tartekatu dituzu kontaketan, irakurlea orientatzeko. Baina ez da historiako liburu bat, ezta nobela historiko bat ere, eta era horretako azalpenak ezin izan dituzu gehiegi luzatu, erritmo narratiboa ez hausteko. Zalantza handiak izan dituzu azalpen historiko horien neurria erabakitzerakoan?

Nolabait neure burua “garbitu” behar izan dut otutzen baitzitzaidan informazio gehiegi nuela. Ezin da dena sartu, bestela nahasiegia geratzen baita eta irakurleak ezin du jasan. Dokumentazioa azpian geratu behar da, kafe-aleak kikararen hondoan bezala, ez da nabaritu behar. Garrantzitsuena kontakizuna da, irakurleak pertsonaiekin batera oinez egitea… Baina, era berean, nobela honek behar zuen eduki azpian armazoi sendo bat, datuekin, bestela erabat sinesgaitza bilakatuko zen.

Jatorrizko bertsioarekin batera kaleratuko dira gaztelaniazkoa, katalanezkoa eta galizierazkoa. Euskal Herritik kanpo hemengo gatazka hobeto uler dezaten lagungarri izan daiteke, zure ustez, zure liburuko kontaketa?

Ez dakit, liburua hondar ale bat baino ez da. Baina nahi nuke gure herria beste era batera ikustea kanpotik hau irakurri eta gero, edo behintzat beraien buruari galderak egitea. Medioek guri buruz izan duten ikuspegi sinplistatik urrun dago nobela hau.

Aldeak ere handiak izan arren, ezaugarri askotan bat datoz Mussche eta Elkarrekin esnatzeko orduak: bietan pertsonaia errealak dira protagonistak eta haien bizitza ikertu duzu nobela idatzi aurretik; bietan dute pisu handia gertakari historikoek, bereziki 36 gerrak eta ondorengo gatazkek; bietan zeu zara kontalaria… Ziklo bereko lan gisa planteatu dituzu ala besterik gabe horrela sortu dira bakoitza bere aldetik?

Bai, badute antza baina ez dute osatzen ziklo bat. Esan nahi dut ez ditudala aurretik pentsatutako erabaki baten ondorioz idatzi bi-biak. Richard Fordek esaten du idazleak bere barruko urgentziei erantzunez idazten duela. Horiek ziren une jakin batean kontatu nahi nituen istorioak eta kontatu ditut. Hemendik aurrera ikusiko da. Agian erabat aldatuko dut moldez, nire apetei jarraituz.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina