13. elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketako sari banaketa egin genuen larunbatean Donostiako elkar aretoan, 11:00etan. Irabazleak aretora gerturatzen ziren bezala, urduritasuna eta lotsa puntua igartzen zitzaien haur zein nerabeen aurpegian, euren familiartekoen ondoan. (Irakurri +)
Lur Gallastegik idatzitako Saharako itsasoa nobelak irabazi du 2018ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Miren Agur Meabek eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, udazkenean kaleratuko du Elkarrek.
Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta bederatzigarren ekitaldia izan da aurtengoa.
Bederatzi lan lehiatu dira guztira, eta horien artean Gallastegik idatzitako eleberria hautatu du epaimahaiak. “Saharako itsasoa” izeneko istorio honek familia baten gorabeherak kontatzen ditu: gurasoak ez dira ondo konpontzen, eta hausnarketarako beta hartuko dute udan, nork bere aldetik; Haizea alaba, berriz, izebarekin geratuko da, eta haiekin emango du uda Souhailak ere: neskatxa saharar bat, Tindufeko kanpamenduetan bizi ohi dena. Kontakizunaren samurtasuna azpimarratu du epaimahaiak, eta sentimenduak abenturen artean txertatzeko abilezia. (Irakurri +)