Anjel Lertxundi: Azken berrogei urteotan, euskara hurbildu da literatura unibertsalaren hizkuntzara”

Solferinoko itsuak nola, itzultzaileak hala, beste hizkuntza eta kultura batzuetara alde egin behar du, baina herrira Itzuliz usu begiak. Halaxe deitzen da Anjel Lertxundik Alberdaniaren eskutik argitaratu duen liburu berria, saio literario bat, non bildu baititu itzulpenari buruzko ehun eta hemeretzi tesela.

Itzulpengintzari buruzko hausnarketak bildu dituzu liburu honetan. Antola zitekeen, besteak beste, gaika, baina hiztegi eran antolatu duzu liburua, zergatik?
Aspalditik nekien liburuak zer antolamendu izango zuen. Milosz poetak bere autobiografia argitaratu zuen horrela: hartu zituen bere bizitzako pasarteak, pertsonaien izenak, Poloniako gertakariak eta haien inguruan jardun zen. Oso formula ona iruditu zitzaidan, bere biografiako ertz asko, puntu asko garatzen dituelako, noski, ez duzu bakoitzean sekulako sakontasuna egiten, baina muina ematen duzu, eta ondoren beste gauza batera zoaz. Itzulpengintzari buruz hainbeste gauza esan litezke, perspektiba ugari bat eskaintzearen aldeko formula bat hautatu nuen. (Irakurri +)