Anjel Lertxundi: Azken berrogei urteotan, euskara hurbildu da literatura unibertsalaren hizkuntzara”

Solferinoko itsuak nola, itzultzaileak hala, beste hizkuntza eta kultura batzuetara alde egin behar du, baina herrira Itzuliz usu begiak. Halaxe deitzen da Anjel Lertxundik Alberdaniaren eskutik argitaratu duen liburu berria, saio literario bat, non bildu baititu itzulpenari buruzko ehun eta hemeretzi tesela.

Itzulpengintzari buruzko hausnarketak bildu dituzu liburu honetan. Antola zitekeen, besteak beste, gaika, baina hiztegi eran antolatu duzu liburua, zergatik?
Aspalditik nekien liburuak zer antolamendu izango zuen. Milosz poetak bere autobiografia argitaratu zuen horrela: hartu zituen bere bizitzako pasarteak, pertsonaien izenak, Poloniako gertakariak eta haien inguruan jardun zen. Oso formula ona iruditu zitzaidan, bere biografiako ertz asko, puntu asko garatzen dituelako, noski, ez duzu bakoitzean sekulako sakontasuna egiten, baina muina ematen duzu, eta ondoren beste gauza batera zoaz. Itzulpengintzari buruz hainbeste gauza esan litezke, perspektiba ugari bat eskaintzearen aldeko formula bat hautatu nuen.

Literatura itzulpenaz aritu zara bereziki.
Nobeletan zentratu naiz bereziki, bestela zeharo dispertsoa gerta zitekeelako. Ez du ematen, baina euskaraz asko itzuli da azkenengo hogeita hamar urte hauetan, eta nola badagoen ekimen bat bereziki horretarako –Literatura Unibertsala bilduma–, eta, gainera, literatura jasoaren ale inportanteak ematera bideratua dagoenez, horretan zentratu naiz.

Liburuko txatal batean diozu, idazle hasiberri batek aholku eskatuz gero, itzultzeko gomendatuko zeniokeela. Hala egin izan duzu zerorrek. Zertan lagundu dizu, zer hobetzen da, itzuliaz?
Serio ekin nion lehendabiziko itzulpena izango zen García Márquezen La Hojarasca, hogei urterekin-edo. Nire lehendabiziko sentsazioa izan zen zer urruti geunden, zer urruti nengoen eta zer urruti zegoen nire hizkuntza, zenbat oztopo bilatzen nituen. Garai hartan, euskaraz idazten ari nintzenean, uste dut banintzela kontziente zer eragozpen izango nituen nire traiektorian, eta hori ona da, horren kontziente izatea, horren aurrean itsu izatea baino askoz hobeto. Aldi berean, azkeneko itzulpen-lana egin nuenean, Montaleren poemak itzuli nituenean, konturatu nintzen baietz, urrun zegoela, baina posible dela hurbiltzea eta hurbildu garela eta ni neu ere bai, pertsonalki, 40 urte lanean jardun ondoren.

Itzulpenak toki handia du gure errealitatean.
Gure egoera guztiz atipikoa da inguratzen gaituzten hizkuntzekin alderatuta. Gure hizkuntzaren aurpegi ofizial guztia, nagusia eta publikoari ailegatzen zaiona, itzulpenetik dator. Bizi gara sortzailea ez den itzulpen batetik, eta itzulpen sortzailea, literarioa, berriz, oso eremu laburra da, irakurleen esku geratzen da. Noski hor ere badaudela oso itzulpen onak, hor ere asko aurreratu dugu, baina publizitatetik, udaletxeko paperetan… ea zer deskalabrua den hori. Horrek eragiten du baita ere itzulpenaren fama txarra, hori da gainetik ezartzen zaigun zigor bat.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina