Irati Elorrieta: “Irudietatik abiatu eta haietan murgiltzen saiatzen naiz”

Kritikaren oniritzia eta laudorioak jaso ondoren, Euskarazko Literaturako Euskadi saria irabazi du Irati Elorrietak (Algorta, 1979) Neguko argiak eleberriarekin (Pamiela, 2018). Añes eta Marta dira pertsonaia nagusiak. Berlinen bizi diren euskal herritarrak dira biak, Elorrieta bera bezala. Añes eta Martaren bidez beste pertsonaia asko —eta askotarikoak— ezagutzeko aukera izango du Neguko argiak irakurtzen duenak.

Pertsonaia ugari dago Neguko argiak nobelan, era askotako harremanak, kezkak eta obsesioak… Zerk bultzatu zaitu mosaiko baten antza duen egitura koral horren aldeko hautua egitera?

Idazten hasterakoan, abiapuntua pertsonaia talde bat izan zen. Haien arteko harremanei jarraika idatzi nahi nuela nekien. Pertsonaien kezka eta obsesioei tiraka, hain zuzen ere.

Giza harremanak eta afektibitatea ditu gai nagusi eta ardatz nobelak. Gaur egungo Europako gizartearen erretratutzat jo daiteke alde horretatik?

Niri interesatu zaizkidan gaiek —pertsonaien arteko harreman sareak, lanarekin duten harremana, galerei eta porrotei aurre egiteko dituzten moduak— bai osatzen dute erretratu bat, baina akaso ez da gizartearen zati handienaren erretratua. Bizitzaren aurrean duten jarrera ez da izango gizartean hedatuena dagoena. Baina gehiengoaren parte ez den jendarte horren ikuspegiaz idazteko gogoa nuen.

Presentzia handia dute, nobelan, ohiko familia nuklearraz —eta Euskal Herriko hain klasikoa den kuadrillaz— aparteko sareek. Oro har askeagoak dira, baina baita hauskorragoak ere… Horien aldarrikapena egin nahi izan duzu? Edo, gutxienez, horiek literaturaren bidez azaleratu eta ikusgarri bihurtzeko ahalegina?

Bai, horixe esan nahi nuen. Ikusgarri egin nahi nituen harreman mota horiek, interesgarriak iruditzen zaizkidalako.

Kulturak elkarrekin gero eta gehiago nahasten diren gaur egungo munduan, kanpoan bizi izanda eta beste hizkuntza batzuk ere aukeran izanda, nola bizi duzu euskaraz idaztearen alde egin duzun hautua?

Ez dut hautu gisa ikusten. Euskaraz idazten dut euskalduna naizelako. Literatura idaztea intimitatearekin, norbere barne munduarekin lotuta dagoen jarduna da eta euskaraz soilik egin dezaket hori. Bai da apur bat arraroa Berlingo gela batean eserita egotea euskaraz idazten… Idazlea idazten dagoenean isolatuta sentitzen bada, nire kasuan are gehiago.

Nobelako pertsonaia batek dio denbora nahikoz irakinez gero sustraiak bigundu egiten direla… Zure kasuan nabari duzu halakorik?

Nik ez dut gai honen inguruan jende aurrean biluztu nahi. Fikziozko pertsonaien bitartez konpartitu nahi ditut gai honi buruzko gogoeta eta perspektiba ezberdinak.

Duela hamar bat urte edo gehiago Erasmus Belaunaldiko kide izendatu zintuzten, antzeko adineko beste idazle batzuekin batera. Gaur egun ahaztua dagoela badirudi ere, irakurle bati baino gehiagori Neguko argiak nobelaren izaera kosmopolitak etiketa hura ekarriko dio gogora…

Etiketek sinplifikatu egiten dute eta ez ditut inoiz gustukoak izan. Ez literaturan, ez eta beste kontuetan ere.

Kontaketa moldeari dagokionez, eszena solteen bidezko kontaketaren aldeko hautua egin duzu. Zergatik?

Eszenaka antolatuta dago nobela, haien arteko lotura eta ispilu-jokoek egituratzen dute. Eszena horien kokapena eta ordena ez da ausazkoa. Pertsonaia talde baten istorioak, haien gurutzaketak kontatzea uzten didan egitura da. Eta baita espazioaren eta denboraren kontzeptuen lanketa berezia, liburuan zentrala dena, ahalbidetzen duena. Kontatu nahi dudana kontatzeko aurkitu dudan modua da, eszena edo atalak artikulatuz sortutako gorputza.

Zure kontaketa moldea zinematografikotzat jo daiteke. Zeuk ere esana duzu irudietatik abiatzen zarela gehienetan idazterakoan eta liburua “pelikula bat bezala” ikusten duzula. Nahiko zenuke Neguko argiak film baten oinarri izatea?

Irudietatik abiatu eta haietan murgiltzen saiatzen naiz, zein emoziotara, zein gaietara naramaten arakatzen. Eta sortzen den magma horretan errepikatzen diren motiboak sailkatzen eta lantzen noala esango nuke. Horrela noa pelikula deskubritzen, “ikusten”. Baina ez dut istorioa pantaila batean ikusteko grina berezirik sentitzen…

Zer aldarterekin hartu duzu Euskadi saria irabazi duzulako albistea?

Pozez. Eta aldi berean halako “orain zer egin honekin?” bat. Berria jaso nuen egunean, ez nuen denborarik, espaziorik izan nire egunerokoan albisteari tarte bat egiteko eta arraroa izan zen.

Idazle gisa sariari esker ezagunagoa izango zarela uste duzu?

Sariek saritutakoari ikusgarritasun handiagoa ematen diote.

Kanpoan bizitzea eragozpena edo oztopoa iruditzen zaizu euskal literaturaren munduan ibilbidea egiteko eta ezaguna izateko? Ala gaur egun komunikaziorako dauden aukerekin berdin samar dela uste duzu?

Kanpoan egoteak baditu ondorioak, noski. Eta mugak ere badira horien artean. Baina ezin naiz diren bezala diren gauzengatik kezkatu! Garrantzitsuena da idazteko eta publikatzeko ez dela oztopo.

Zer iritzi duzu gaur egungo euskal literaturaz oro har, eta zure belaunaldiko idazleen literaturaz partikularki?

Literatur argitalpenen maila oso altua dela iruditzen zait. Aniztasun handia dagoela gainera, generoetan, gaietan, estiloetan. Nire belaunaldian, ostera, aniztasun horren baitan, lan ezberdinak gurutzatzen dituzten geziak ikustea begitantzen zait. Elkarrekin solasean irudikatzen ditut gure liburuak, nahiz eta batek poesia idatzi, besteak nobela eta beste batek saiakera.

Liburuaren itzulpenetarako laguntza izango duzu sariari esker. Pentsatu duzu zer itzulpenetara bideratu laguntza hori?

Ilusio handia egingo lidake liburua alemanera itzuliko balitz!

Idazten jarraitzen duzu? Hala bada, zer idazten ari zara orain?

Oraintxe ez nabil idazten. Ez gogorik ez dudalako. Badut proiektu bat buruan eta lehen oharrak koadernoetan, baina itxaron egin beharko du…

 

 

 

 

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina