Jabi Elortzari elkarrizketa “Sara” libururi buruz

Jabi Elortzak Sara liburua kaleratu du estreinakoz. Elkar argitaletxeko gazte literaturako Taupadak bildumaren katalogoan txertatu den lan berri honetan, 15 urteko gazte talde baten abenturak kontatzen ditu.

Idazle berri honen inguruan eta idatzi duen liburuaren nondik norakoak jakiteko, hemen egindako elkarrizketa:

Hasteko, egile berria zarenez, aurkeztu zeure burua: nor da Jabi Elortza?

Egunean zehar zeregin asko ditut: aita, senarra, euskara irakaslea, 4. mailako tutorea, D.B.H.ko koordinatzailea… Erraz esaten da baina pertsonekin egiten diren lanek badituzte bere alde txarrak eta nekagarriak. Niri asko gustatzen zait irakaskuntza baina nire une gogorrak ere baditut.

Lanetik aparte, nola definituko nuke nire burua…?  Bizitzan, orain arte, zorte handia izan duen eta gauzak ondo atera zaizkion norbait. Agian nahiko inkontzientea izan naizelako beti, eta beharbada horrexegatik naiz naizena. Gauza horien artean nerabeen irakaslea, horretarako ere apur bat inkontzientea izan behar da.

Hauxe duzu lehenengo liburua. Zerk bultzatu zaitu idaztera?

Alde batetik gustatu egiten zaidalako eta erlaxatu egiten nauelako, eguneroko arazoak ahaztu eta neuk asmatutako errealitate paralelo batean  murgiltzeko aukera ematen didalako, eta, bestetik, kostatu egiten zaidalako ikasleek gustuko duten irakurgairik aurkitzea. Horrekin ez dut esan nahi gauza onik ez dagoela. Esan nahi dudana da nire ikasleen gustuekin bat datorren irakurgairik aurkitzea zaila egiten zaidala. (Irakurri +)