Jabi Elortzari elkarrizketa “Sara” libururi buruz

Jabi Elortzak Sara liburua kaleratu du estreinakoz. Elkar argitaletxeko gazte literaturako Taupadak bildumaren katalogoan txertatu den lan berri honetan, 15 urteko gazte talde baten abenturak kontatzen ditu.

Idazle berri honen inguruan eta idatzi duen liburuaren nondik norakoak jakiteko, hemen egindako elkarrizketa:

Hasteko, egile berria zarenez, aurkeztu zeure burua: nor da Jabi Elortza?

Egunean zehar zeregin asko ditut: aita, senarra, euskara irakaslea, 4. mailako tutorea, D.B.H.ko koordinatzailea… Erraz esaten da baina pertsonekin egiten diren lanek badituzte bere alde txarrak eta nekagarriak. Niri asko gustatzen zait irakaskuntza baina nire une gogorrak ere baditut.

Lanetik aparte, nola definituko nuke nire burua…?  Bizitzan, orain arte, zorte handia izan duen eta gauzak ondo atera zaizkion norbait. Agian nahiko inkontzientea izan naizelako beti, eta beharbada horrexegatik naiz naizena. Gauza horien artean nerabeen irakaslea, horretarako ere apur bat inkontzientea izan behar da.

Hauxe duzu lehenengo liburua. Zerk bultzatu zaitu idaztera?

Alde batetik gustatu egiten zaidalako eta erlaxatu egiten nauelako, eguneroko arazoak ahaztu eta neuk asmatutako errealitate paralelo batean  murgiltzeko aukera ematen didalako, eta, bestetik, kostatu egiten zaidalako ikasleek gustuko duten irakurgairik aurkitzea. Horrekin ez dut esan nahi gauza onik ez dagoela. Esan nahi dudana da nire ikasleen gustuekin bat datorren irakurgairik aurkitzea zaila egiten zaidala.

Eta esperientziarekin pozik?

Oso pozik. Asko ikasi dut. Nobela bat argitaratzea zer den barrutik ikusi dudalako eta oso esperientzia aberasgarria iruditu zaidalako. Gogorra ere bai, baina emaitzak merezi duela uste dut. 

Zure nobelan, gazteen bizitzako hainbat alderdi ageri dira, bereziki gogorrak. Horrela ikusten duzu gaurko gazteen bizimodua?

Ez. Nobeletan estereotipoekin ari gara. Egia da pertsonaia horiek osatzen dituzten osagai asko errealitatetik aterata daudela eta batzuetan errealitateak fikzioa gainditzen duela, baina gogorregia litzateke gure gazteak horrelakoak izan daitezkeenik pentsatzea.

Bortxaketak, abortuak, drogak… eta are gauza arriskutsuagoak ere. Salaketa izan da zure asmoa? Irakurgaia zirraragarriago bihurtzeko amuak dira?

Biak. Argi dago egungo gazteak nobela batekin erakartzea zaila dela, batez ere irakurtzea gustatzen ez zaienak. Zaleak direnek ia edozer irakurtzen dute. Gainera, uste dut denoi gustatzen zaigula morboa eta zirrara sentitzea zerbait irakurtzen dugunean. Nerabeen literaturaren helburu nagusia entretenitzea izan behar duela uste dut.

Salaketaren ikuspegitik, bi ardatz nagusi ikus daitezke Sara-n. Alde batetik gurasoen gehiegizko babesa seme-alabek egindako akatsak zuzentzeko eta kasu batzuetan ezaxola benetako garrantzia izan dezaketen gaiekin: balioak, heziketa, drogak, …

Bestetik gaurko gizartearen balioen galera:  jokabide matxistak, egozentrismoa, eginbeharrei uko egitea eta eskubide gehiegi eskatzea, …

Ez duzu gaurko gazteriaren erretratu gozorik egiten. Nerabezaroa iruditzen zaizu adin nahasia? Gaurko garaiak dira beste batzuk baino zailagoak?

Gaurko gazteak eta orain dela hogeita hamar urtekoak ez dira hain ezberdinak. Aldatu dena gizartea da. Internetek eta sare sozialek urte gutxi batzuetan hankaz gora jarri dute dena, eta egungo gazteek hori baino ez dute ezagutu. Jaio direnetik ikusi gaituzte telefonoa eskuan eta sare sozialei begira. Ez dakite intimitatea zer den, ez dute lotsarik sentitzen guretzat guztiz lotsagarriak ziren egoeren aurrean: argazki intimoak, maitasun adierazpen publikoak, egiten dugun guztia argitaratzea… Gaur egun, sare sozialetan argitaratzen duguna ikusita, lehiaketa batean gaudela dirudi, ea nor den zoriontsuagoa. Dena jarri behar da erakusleihoan, ez da nahikoa bizi izatea, jartzen ez dena ez da gertatu. Baloratzen dena da zenbat “Atsegin dut” dituzun eta ez benetan ondo pasatu duzun ala ez.

Nerabeek txikitatik ikusi duten zerbait da eta errudunak  gurasoak gara, inongo zalantzarik gabe.

Argi daukat, hala ere, oso gai potoloa dela eta aipatutakoa ez dela egungo egoeraren eragile bakarra, ordu askotako hausnarketa beharko luke eta osagai askoren ondorioa dela uste dut.

Zure nobelako gazte gehienen jokabidea oso eredugarria ez bada, haien gurasoak are okerrago marrazten dituzu: manipulatzaileak, seme-alabez arduratzen ez direnak, edo seme-alabe horien esklabo bihurturik daudenak…

Horretan ere estereotipoekin ari gara berriro, baina kasu honetan, Sara-n agertzen dena ez dela hain esajeratua uste dut, hau da, gurasoen gehiegizko babesa eguneroko errealitatea dela uste dut.  Irakasleon egungo borrokarik latzena horixe baita. Hori horrela dela antzemateko ez dugu irakasleak izan behar. Aita bezala irakasle lez baino kasu kezkagarriagoak ikusi ditut. Irakasleon aurrean gehiago kostatzen zaie benetan pentsatzen dutena adieraztea. Parkean, urtebetetzeetan, kirol partiduetan edo gurasoen whatsappetan entzuten diren gauzak gogorragoak dira.

Eta zer gertatzen da irakasleekin panorama honetan?

Zorte handia dut. Nire ikastetxean oso guraso eta ikasle normalak baititugu. Irakasleok ikasleekin dugun harremana oso estua eta ona da eta diziplina arazoak oso urriak dira. Hala ere, lehenago aipatu ditudan sintomak ikusten dira. Nola ez.

Nobela beltzaren osagaiak ere erabili dituzu zurea egiteko. Gustuko generoa duzulako edo zergatik?

Bai. Nobela beltza eta zine beltza gustatu egiten zaizkit. Tarantinozalea naiz. Umorea eta kutsu beltz hori duten istorioak asko gustatzen zaizkit. Elkarrizketa barregarriak eta arinak, espero ez diren amaierak,…

Lehen nobela duzu, esan dugun bezala. Zer espero duzu? “Idazle” sentitu zara?

Egia esaten badizut, hasiera batean argitaratze hutsarekin nahikoa izan dut. Eta orain zer? Jada irakurri dutenek esan didatena oso garrantzitsua izan da niretzat. Gustatu egin zaiela, oso azkar irakurri dutela engantxatuta zeudelako, irakurtzeko erraza iruditu zaiela, arina… Hori entzutea oso pozgarria izan da niretzat.

Eta aurrerantzean? Jarraitzeko prest?

Bai. Orain bigarrena egiten ari naiz. Ea nola ateratzen den.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin