Unai Villena “Hauts haietatik” liburuaren aurrerapena

unai villenahauts haietatik2ARRU

Nire izatea korapilo bat da
iluna eta gogorra
nire burmuina armiarma sarea josiz doa
labirinto honetan bizi naiz
(Keike. “Ni, korapiloa”.
Beldurra mina argia. 2006)

 ANDER Arruti Suarez. Arruti. Arru. Nire nortasun-agiriak dio Eibarren jaio nintzela, baina Arrasaten jaio nintzen, amari haurdunaldia azken txanpan okertu eta bertako ospitalean ingresatu behar izan zutelako nitaz erditu baino astebete lehenago. Espainola naizela ez da, bada, nortasun- agiri aldrebes horrek dioen gezur bakarra. (Irakurri +)

Unai Villena XVII. Igartza Sariaren irabazlea

Unai VillenaUnai Villena izan da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea. Hamazazpi urte betetzen ditu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek; deialdi honetan hogeita bi proiektu aurkeztu dira, eta Hauts haietatik izeneko eleberri proiektua irabazletzat jotzea adostu dute Uxue Alberdi, Igor Estankona eta Danele Sarriugarte epaimahaikideek.

Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza, eta irabazlea Unai Villena izan da, Elgoibarren 1980an jaioa eta aurretik libururik kaleratu gabea. Industria-ingeniaria da Villena, Energia Berriztagarrien eta Iraunkortasun gaietan aditua, Gobernuz Kanpoko Erakundeetan lan egina eta gaur egun diktorego tesiko egonaldi batean dagoena, Alemanian.

Bi lagunen harremana aurkezten digu eleberri honek: Oier eta Ander. 33 urte ditu Anderrek, eta bizitza ezegonkortzen dion koktela: drogen menpekotasuna eta eskizofrenia; Oier lagun idazlearen laguntzaz kontatuko digu bere bizitza, gaitz mentalen aurrean daukagun jarreraren salaketarekin batera, belaunaldi baten erretratua ere badena.

 

ELKARRIZKETA:

Zer da Hauts haietatik?

Hauts haietatik eraiki eta muntatzen hasi naizen puzzle erako nobela da. Protagonista nagusia Ander du, laurogeiko hamarkada hasieran Gipuzkoako herri industrializatu batean jaiotako gaztea.

Kontakizunaren hasiera 2013an kokatzen da, Ander psikiatrikotik irten, eta bizitzari bere patologia dualaz (buruko gaixotasuna eta toxikomania) kontziente izanda aurre egin behar dionean, gaixotzen hasi zenetik zortzi urte pasa eta gero. Egunerokoan muga eta absentzia ugari topatuko ditu, etengabeko barne- eta kanpo-borrokak izango ditu, desagertutako lagunak asko direla ohartuko da, baina guzti hori onartzea bizitzaren parte ere badela ulertuko du, eta besterik gabe, gelditzen zaionarekin aurrera egiten saiatuko da. (Irakurri +)