Unai Villena XVII. Igartza Sariaren irabazlea

Unai VillenaUnai Villena izan da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea. Hamazazpi urte betetzen ditu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek; deialdi honetan hogeita bi proiektu aurkeztu dira, eta Hauts haietatik izeneko eleberri proiektua irabazletzat jotzea adostu dute Uxue Alberdi, Igor Estankona eta Danele Sarriugarte epaimahaikideek.

Sariak 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza, eta irabazlea Unai Villena izan da, Elgoibarren 1980an jaioa eta aurretik libururik kaleratu gabea. Industria-ingeniaria da Villena, Energia Berriztagarrien eta Iraunkortasun gaietan aditua, Gobernuz Kanpoko Erakundeetan lan egina eta gaur egun diktorego tesiko egonaldi batean dagoena, Alemanian.

Bi lagunen harremana aurkezten digu eleberri honek: Oier eta Ander. 33 urte ditu Anderrek, eta bizitza ezegonkortzen dion koktela: drogen menpekotasuna eta eskizofrenia; Oier lagun idazlearen laguntzaz kontatuko digu bere bizitza, gaitz mentalen aurrean daukagun jarreraren salaketarekin batera, belaunaldi baten erretratua ere badena.

 

ELKARRIZKETA:

Zer da Hauts haietatik?

Hauts haietatik eraiki eta muntatzen hasi naizen puzzle erako nobela da. Protagonista nagusia Ander du, laurogeiko hamarkada hasieran Gipuzkoako herri industrializatu batean jaiotako gaztea.

Kontakizunaren hasiera 2013an kokatzen da, Ander psikiatrikotik irten, eta bizitzari bere patologia dualaz (buruko gaixotasuna eta toxikomania) kontziente izanda aurre egin behar dionean, gaixotzen hasi zenetik zortzi urte pasa eta gero. Egunerokoan muga eta absentzia ugari topatuko ditu, etengabeko barne- eta kanpo-borrokak izango ditu, desagertutako lagunak asko direla ohartuko da, baina guzti hori onartzea bizitzaren parte ere badela ulertuko du, eta besterik gabe, gelditzen zaionarekin aurrera egiten saiatuko da.

Gertatu zaiona hobeto ulertu nahian eta azken urteotan bizi izan duena salatzeko, Anderrek Oier bere txikitako lagunari eskatuko dio bere istorioa idazten laguntzeko, eta honek erronka onartuko du. Bion artean, eta iraganetik erreskatatuta azaltzen joango diren pertsonaien laguntzarekin, oraina eta iragana nahastuz, istorioaren puzzle konplexua osatzen joango dira. Puzzle horren bitartez, Anderren bizitza zirriborratuko da, haurtzaro, nerabezaro, eta gaztaroko pasarteak elkarri lotuta.

Noiztik daramazu liburu honen proiektua buruan?

Duela urtebete inguru hasi nintzen proiektuari buruan bueltaka, eta aurtengo martxoan hasi naiz lehenengo testuak idazten, istorioa kontatzeko beharrak bultzatuta.

Zu zeu gaztetxoa zinenetik ari zara idazten, baina urteak behar izan dituzu saltoa egiteko, ezta?

Bai. Ikastolako zortzigarren mailan nenbilela irabazi nuen aurreneko aldiz sari bat Elgoibarko idazlehiaketan, hamahiru urte nituela. Institutuko garaian ipuinak idazten nituen batez ere, baina baita poesia oso eskasa ere. Herriko eta eskualdeko beste herrietako lehiaketetara aurkezten nituen lanak, eta sari bat edo beste irabazi nuen haietan, baita R.M Azkuen (behin) eta Eusko Jaurlaritzako Urruzunon (hiru aldiz).

Asko gustatzen zitzaidan ipuinak idaztea, baina garbi neukan idaztea etorkizunean afizio izango nuela, eta ez ofizio. Besteak beste, ingeniaria izan nahi nuelako, eta idazle izatea zerbait abstraktua eta lortzeko zaila iruditzen zitzaidalako; nolabait sentitzen nuen ez zegoela nire esku. Nik bezala idaztea atsegin zuten askok kazetaritza edota euskal filologia hautatzen zuten ikasketetan aurrera egiteko, baina nik ez nuen nahi nire lanbide eta etorkizuna idazle izateko nahiak baldintzatzea. Hortaz, industri ingeniaritza ikasten hasi nintzen.

Garai hartan lehiaketak amaitu ziren, baina Elgoibarko literatur taldeko kide eta astekariko kolaboratzaile izan nintzen, eta horren bitartez eutsi nion urte batzuetan idazketari. Guzti hura amaitu zenean jarraitu nuen neuretzako idazten, beharrak eta noizbait idazle izateko ametsak bultzatuta, baina karrera amaitu bitartean ikasketak zirela, gero lana zela, eta beste mila aitzakia eta arrazoi tarteko, inoiz ez neukan saltoa emateko behar besteko denbora eta kemenik, eta ez nion jarraipenik ematen hasitakoari. Horrela, idazmahaiko tiraderan amaitu gabeko ipuin mordoa pilatzen joan nintzen,  eta hamaika gogoeta-koderno, eta ipuin-liburu baterako proiektua; gauza asko, baina ganorazko bat ere ez.

Duela pare bat urte sentitu nuen ganoraz idazten hasteko gogoa; literatur tailer batean ibili nintzen Bilbon, iraganean hasitako hainbat testu amaitu eta berridatzi nituen, eta berriak idazten hasi. Ordutik hona idazten jarraitu dut eta guztia natural-natural gertatu da: testu laburrak argazkiekin nahasten dituen Irudhitzen izeneko blogari ekin nion lagun batekin urte hasieran (http://zuzeu.com/blogak/irudhitzen/), handik gutxira, hirugarren batekin testu eta irudiei musika batzen dien Hiri asko bere baitan proiektua etorri zen (http://hiriaskoberebaitan.com/), eta orain Igartza beka nobelarekin jarraitzeko.  

Saltoa egiteko unea 33 urte ditudanean iritsi zait, idazteko gogoa istorio jakin bat kontatzeko beharrari batu zaionean. Ez dut sentitzen berandu nabilenik edo orain arte denbora galtzen ibili naizenik; besterik gabe, iritsi behar zuenean iritsi da. Asko daukat oraindik idazteko eta ikasteko, eta horretan nabil.

 Nor da zuretzat Ander?

Ezagutzen dudan errealitatean oinarrituta eraikitako pertsonaia da, eta uste dut Ander bezalako gazte gehiago dagoela Euskal Herrian. Bizitzaren unerik goxoenean gaixotasunak kolpatu, eta prozesu luze eta gorabeheratsu baten ostean, hobeto egotean, gaixotu aurreko bizitza berreskuratzen saiatu eta guztia aldatu dela konturatzen den pertsona da. Askatasuna, arrakasta, eskuzabaltasuna, talentua, kemena, baikortasuna, zori ona, maitasuna, hedonismoa, guzti hori eta gehiago da Ander, baina baita kaosa, porrota, bekaizkeria, inbidia, indarkeria, zoritxarra eta ezintasuna. Kontraesanez beteriko pertsona konplexua da; gaixotu aurretik izan zena eta gaur egun dena nahasten ditu beregan, iragana onartu eta oraina ulertu eta bizitzeko borrokan kateatuta dago, bizirauten. Irabazle eta galtzailea da aldi berean; bere buruaren biktima eta borreroa. Antiheroi bat da.

 Nabari da liburu hau ez dela estilo-ariketa soila, barru-barruko kontuak agertuko dituzula bertan?

Liburuan jorratuko ditudan hainbat gai oso gordinak dira, eta muturreko sentimendu eta egoera asko agertuko dira bertan, txarrak zein onak. Gertutik bizi izan ditudan edota ukitzen nauten gaiak dira, bestela ezingo nuke haien inguruan era sinesgarrian idatzi. Barru-barruko kontuak ezinbestean agertuko ditut idatzitakoan. Hala ere, nahiz eta nik ezagututako errealitatean oinarritutako nobela izan, irakurleak jasoko duena ez da errealitatean gertatutakoaren kontaketa soila izango; biografia, autofikzio eta fikzio hutsaren nahastea baizik.

Hori guztia egiteko, eraikuntza konplexua muntatu duzu: ahots ezberdinak, estilo-aldaketak eta abar.

Bai. Aurretik esan bezala, nobela puzzle konplexu baten erara osatzen joango da, eta puzzleak hiru pieza mota izango ditu; hau da, narrazioa hiru plano edo mailatan emango da, hiru ahots ezberdinetatik. Lehenengoa Oierrek Anderri zuzendutako kapituluek osatuko dute, iraganari buruzko gogoeta eta orainean gertatzen ari denaren deskribapenekin; bigarrena Anderrek berak bere bizitzako pasarteak kontatzen idatzitakoek osatuko dute;  eta hirugarrena hainbat albo-pertsonaiaren inguruko kontakizunek. Ahots, ikuspegi eta estilo ezberdinak kateatuko dira, orainaldia eta iragana nahastu, guztien artean istorio bakarra osatu eta Anderren bizitza kontatzeko.

Zer jarrera du gizarteak, oro har, gaitz mentalen aurrean?

Nik ezagutzen dudan errealitatea gizarte osora estrapolatuta, esango nuke gure gizarteak gai honen inguruan duen jarrera, beste gai askorekin gertatzen den erara, oso polarizatuta dagoela. Mutur batean pertsona ulerkor eta integratzaile mordoa topa ditzakegu jendartean, baina kontrako muturrean (eta gehiengoa hor kokatzen garela iruditzen zait, tamalez) jarrera nahiko hipokrita eta baztertzailea nagusitzen da. Gehiengo honi ezerosotasuna eragiten digute buruko gaixoek, normaltasuna hausten dutelako eta horrek kolokan jartzen gaituelako; ez dakigu zein jarrera izan beraiekin, enbarazu egiten digute eta baita nolabaiteko beldurra eragin ere. Aurreiritzi asko dauzkagu buruko gaixotasunen eta gaixoen inguruan, eta haien errealitatea oso ezezaguna zaigu; psikiatriko eta ospitaleetako psikiatria atalak leku urrun eta erdi ezkutuak dira gehiengoarentzako. Arrazoi guzti horiek medio, ez ikusiarena egiten diegu eta mespretxatu egiten ditugu. Eta beraiek baztertuta sentitzen dira, markatuta, seinalatuta eta bakarrik. Herri askotan hala izaten da, eta burutik gaixorik daudenekin hori gertatzea, gizartea bera burutik gaixorik dagoen seinale iruditzen zait niri.

Pertsona edo pertsonaia jakin baten bizitzan sakontzeaz batera, garai eta giro bat ere islatu nahi dituzu, ezta

Hala da, bai. Anderren istorioarekin batera, belaunaldi oso baten unibertsoa zirriborratzen joango da eleberrian; nire belaunaldiarena. 1980an Elgoibarren jaiotakoa naiz eta, nobela Eibarren kokatuko den arren, Elgoibarren bertan koka liteke, edo Debabarrenako beste hainbat herritan, edo Euskal Herriko izenik gabeko beste herri askotan. Anderren bizitzari errepasoa egitearekin batera, bere haurtzaroa, nerabezaroa eta gaztaroa islatzeko, historia hurbileko urte horiek neure gaur egungo begiradarekin aztertu nahi ditut, eta zeharka bada ere kontakizunean azalduko dira lagunartea, jaiak, musika, drogak, borroka, sexua, ikasketak, eta gizon-emakumeen arteko harremanak bizitzeko dugun modua. Gure herriek eta bizi izan dugun garaiak badituzte ezaugarri berezi batzuk, bizitzarekiko dugun jarrera baldintzatu dutenak, eta ahal den neurrian horiek nobelan presente egotea nahiko nuke.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin