Alex Gurrutxaga: “Lete irakurtzeko kritikotasunez pentsatzeko prest egon behar da”

Xabier Lete Aberriaren Poeta Kantaria liburuan Alex Gurrutxaga Muxikak (1988, Zarautz) miraz eta pasioz estalgabetu du sortzailearen emana. Luze eta zabal hitz egin dugu haren bizitzaz eta obraz.

Xabier Letek Iruñean eman zuen errezitaldiaren irudiarekin hasi duzu liburua. Hunkiduraz hasiko du irakurleak Xabier Lete Aberriaren Poeta Kantaria (Alberdaina 2020) liburuaren irakurketa?
Bai, irudia hunkigarria iruditzen zait, bai, eta esanguratsua. Letek poesia errezitaldi zenbait eman zituen bere azken urteetan, 2008 eta 2010 bitartean, eta izugarria izan zen haietan sortu zen giroa; sumatzen ziren jendearen hunkidura, zerbaiten parte izatea, esker on sentipena… Iruditzen zait errezitaldi haietan Lete euskaldunez agurtzen ari zela (oso gaixo zegoen), eta jendeak maitasuna adierazi ziola. Horrek guztiak erakusten du Letek bazituela itzala eta jendearen onespena. Horregatik nahi nuen hortik hasi: irudi horrek Leteren figuraren neurriaz hitz egiten digulako. (Irakurri +)