Alex Gurrutxaga: “Lete irakurtzeko kritikotasunez pentsatzeko prest egon behar da”

Xabier Lete Aberriaren Poeta Kantaria liburuan Alex Gurrutxaga Muxikak (1988, Zarautz) miraz eta pasioz estalgabetu du sortzailearen emana. Luze eta zabal hitz egin dugu haren bizitzaz eta obraz.

Xabier Letek Iruñean eman zuen errezitaldiaren irudiarekin hasi duzu liburua. Hunkiduraz hasiko du irakurleak Xabier Lete Aberriaren Poeta Kantaria (Alberdaina 2020) liburuaren irakurketa?
Bai, irudia hunkigarria iruditzen zait, bai, eta esanguratsua. Letek poesia errezitaldi zenbait eman zituen bere azken urteetan, 2008 eta 2010 bitartean, eta izugarria izan zen haietan sortu zen giroa; sumatzen ziren jendearen hunkidura, zerbaiten parte izatea, esker on sentipena… Iruditzen zait errezitaldi haietan Lete euskaldunez agurtzen ari zela (oso gaixo zegoen), eta jendeak maitasuna adierazi ziola. Horrek guztiak erakusten du Letek bazituela itzala eta jendearen onespena. Horregatik nahi nuen hortik hasi: irudi horrek Leteren figuraren neurriaz hitz egiten digulako.

Zer dauka Xabier Leteren figurak horren gure dela sentiarazteko?

Letek hitzak jarri zizkion euskaldunok bizitakoari; garai edo gertakari askoren aurrean, Leteren kantuetan ispilu zintzo bat aurkitu du euskaldunak.Pentsa dezagun obra aipagarriak, kalitatezkoak, osatzen dituzten sortzaileak ez direla gutxi. Baina, Leteren kasuan, gehiago dago nire ustez: haren obrak herri honen peripeziak islatzen ditu. Haren kantuetan geure burua ikusi dugu, geure ametsak, ezinak, amorruak, lorpenak, kontraesanak… Leterekin haserretu egin gara, eta hunkitu egin gara. Nik uste horretan dagoela gure sentitzearen giltzarria. Oro har, esango nuke euskaldunok, Leteren hitz eta musiketan, kokapen bat aurkitu dugula, mundua euskaldun gisa habitatzeko pista batzuk bederen bai, eta oinarri bat akaso.

Tesia eta liburua direla-eta, zazpi urte eman dituzu Leteren bueltan eta pasio handiarekin hitz egiten duzu Xabier Leteren inguruan. Idazketa prozesua ere horrelakoa izan da?
Intentsitate handikoa izan da. Une batzuetan asko gozatu dut, baina, oro har, egunak asko luzatu dira, eta gauak gehiegi laburtu. Eguneroko ohiko lanez gain egindakoa izan da hau. Eta, gainera, aitortu dezaket ez dakidala zerbait idatzi eta jo eta pasa egiten, konformatzen, behin eta berriz itzultzen naiz hara, ozen irakurtzen dut, aldatu, zuzendu…

Beraz, Lete ez da izango agortu zaizun iturria, ezta?

Ez, eta egia esan, beldur pixka bat ematen dit beti gauza beraz ari diren akademiko latoso horietako bat bihurtzeak. Baina ez dut uste pasako zaidanik. Beti ikasten, horixe izaten dut lema, eta Leteren iturria agorrezina bada ere, nik badauzkat beste egarriak ere.

Orain, halere, izugarri motibatzen nauen proiektu batean ari naiz. Joana Otxoa de Alaizak (pianista da bera) eta biok Txori kantazale proiektua daukagu esku artean. Kontakizun musikatu bat da. Eusko Ikaskuntzak saritu egin du proiektua, eta Euskal Herrian zehar eskaintzea da asmoa. Printzipioz, udazkenean hasiko gara, nahiz lehenago badaukagun aurre-estreinaldi modukoren bat.

Leteren munduan murgiltzeko enkontru intimo bat da, niretzat oso berezia. Joana sentsibilitate izugarriko pertsona da, eta gozamen hutsa da harekin leteatzea. Lanean ari garela, neroni hunkitzen naiz! Pianoa eta kontaketa uztartzen ditugu. Ez da espektakulu handi bat, ez da kantaldi formatuko gauza bat; horregatik diot enkontru intimoarena. Guk nahi duguna da doinuen, hitzen, Leteren munduaren muinera jo. Etortzen denari bi gauza eskaini nahi dizkiogu: batetik, Leteri buruz zerbait berria ikastea; eta, bestetik, Leteren munduan murgiltzeko tarte atsegin bat. Ikusiko dugu zer moduz ateratzen den.

Hasiera eta amaiera kapituluez gain, liburua hiru ataletan ardaztu duzu. Nola landu dituzu bereizketa kronologikoak?

Hiru atal horiek egitea tesiaren bidean planteatutako zerbait da. Banaketa guztiak izaten dira konbentzioak. Berez, absurdua da bizitza-ibilbide bat hiru fasetan banatzea; bizitza bat ezin da tarta bat bezala zatitu. Gertatzen da, mundua esplikatzeko, halako zatiketa funtzionalak behar ditugula, eta Leteren obraren bilakabidea azaltzeko modu eraginkorrena hiru garai horiek bereiztea da.

Hiru atal horien barruan, pieza asko dago. Eta ez da erraza izan, ez, bahetze hori. Ikuspegi globala hartu nahi nuen, ez nuen nahi Leteren obraren ertz bati buruz bakarrik aritu. Baina ezin nuen neukan dena sartu. Begirada zabal horri eusteko, etengabe buruan neukan hitza oreka zen. Alegia, batetik, Leteren ibilbide osoaz aritu nahi nuen, baina ez azaletik. Bestetik, sakondu beharra zegoen, baina irakurlea kokoteraino egin gabe. Eta hor oreka mantentzea zen lana. Ez irakurlea tontotzat hartu, baina ez nazkatu poesiaren alderdi konkretuetara edo filosofiaren esparru abstraktuetara gehiegi jotzeagatik.

Nola gogoratzen duzu Lourdes Iriondo eta Xabier Leteren funtsa estreinakoz bisitatu zenuen unea?
Esan dezadan, ezer baino lehen, gaur egun publikoa dela Lourdes Iriondo eta Xabier Leteren funtsa. Gipuzkoako Aldundia egin zen haren jabe. Inportantea iruditzen zait. Nik aztertu nuenean oraindik ez zen publikoa. Nolakoa izan zen lan hori? Hitz batean, zirraragarria. Egun asko izan ziren; ordu askotako lana, kontzentrazio handikoa. Baina sartzen zara mundu poetiko baten barru-barruraino, sorkuntza prozesuaren muineraino, eta horrek perspektiba berezia ematen dizu.

Ikerketaren bide hartatik bi lan loratu dira: tesia eta liburua. Nola landu duzu bakoitza?

Tesiak eta liburuak, bakoitzak bere bidea egin du. Komunean dutena da ikertu dudan horretatik sortu direla biak. Hortik aurrera, bai edukien planteamendua, bai tonua, diferenteak dira.

Tesiak, esan dezagun argi, irentsi ezinak izaten dira jende gehienarentzat. Nirea ere, baietz esango nuke. Gainera, kontua are okerragoa da humanitateetan. Zientziekiko konplexua hain da handia, ezen haren eskemak kopiatzen ditugun modu absurdoan. Gehitu horri hizkera akademikoak aspaldi abandonatu zuela euskara eraginkorraren bidea. Akademian argitaratzen den gauza asko, hizkuntzaren eraginkortasunaren ikuspegitik, jasangaitza da. Neu ere ez nago libre gurpil pisutsu horretatik, jakina, eta oso hadi ibili behar izaten dut ez erortzeko.

Beraz, lehen edukiei zegokien oreka, orain tonuari dagokio. Hor beste erronka bat neukan, bilatu beharreko beste oreka bat: nola izan zorrotza gaiarekin, hizkeraren eraginkortasuna eta plazer literarioa baztertu gabe. Irakurleak esango du zerbait lortu ote dudan.

Bidearen zein geralekuetan bereizi ziren tesia eta liburua?

Tesiarekin 2013-2014an hasi nintzen, Lourdes Otaegi irakaslearekin gaia adostuta. Lourdes, hori ere esan behar dut, gidari paregabea izan da, aparta. Halako gauza bat luze joaten da, tartean beste hamaika kontu egiten baitituzu. Nire kasuan, batzuetan hilabeteak pasa nituen tesia ukitu gabe. Liburua argitaratzea, berriz, iaz adostu nuen Alberdaniako Jorge Gimenezekin.

Garbi neukan liburuak ezin zuela tesia izan, baizik dibulgaziorako saiakera bat; ez hondartzan irakurtzekoa, akaso, baina ezta akademikoentzako irakurketa bat ere. Azken urtean, mahai batean eduki ditut tesiaren paperak, eta bestean saiakerari zegozkionak. Ez galdetu nola egiten nuen bazkaltzeko…

Zein izan da egin duzun hausnarketa lanaren ondorioz Leteren bilakaeran arreta handien eman dizun errealitatea?

Pertsonalki, azken urteetako Letek asko hunkitzen nau. Bizimodua, gaitzaren ondorioz, izugarri zaildu zitzaion, eta garai horretako obra hunkigarria egiten zait; bene-benetakoa da garai horretako bere poesia.

Halere, begirada urrunduz, trantsizioaren garaia aipatuko nizuke. Lehen baneukan susmoa, baina orain gero eta konbentzituago nago garai horrek sekulako eragina izan duela Euskal Herrian: ez naiz bakarrik politikaz ari, baizik jendearen bizitzez, artisten ibilbideez, baita jendearen garapen humano eta psikologikoaz ere. Badakigu trantsizioa fartsa bat izan zela. Enteratu ez dena, nahi edo komeni ez zaiolako. Kontua da, nire ustez, are gehiago eta sakonago aztertu behar dugula garai hark gerora izan zuen eragina, bai sozialki, baita artistikoki ere. Leteren ibilbidean aro giltzarria da. Saiakeran kontatu dut zerbait, eta saiatu naiz gogoetarako eta eztabaidarako pista batzuk eskaintzen.

Leteren obra ulertzeko zer uste duzu dela ezinbesteko?

Lete oso konplexua da, kontraesankorra, aldakorra… Horrek, egia da, zaildu egiten du hura ulertzea. Beharbada, batzuetan, baita harekin enpatizatzea ere. Niri ere pasatzen zait. Edonola ere, jarrera irekia baldin badaukazu, Leteren figurak sekulako aukera ematen du Euskal Herriaz, euskal kulturaz pentsatzeko. 60etatik 2010era, mende erdiaren ispilu bat eskaintzen digu Letek. Jakina aldaketak izan zituela, kontraesanak… baina beste edonork bezalaxe.

Nire ustez, Lete ez ulertzeko arrisku bakarra jarrera itxia izatea da. Herri honetan abildade handia izan dugu, zoritxarrez, dominak eta kondenak erraz partitzen. Kantari edo idazle bati ixa egin, eta fuera: Urlia “peneuberoa”, Sandia “soziata”, hori espainolista, hura eztakit zer… Horrek, normalean, ezer gutxi esaten du artistari buruz, eta, zoritxarrez, asko hizketan ari denaz. Jarrera horrekin, alferrik zoaz Lete irakurtzera. Lete irakurtzeko, kritikotasunez pentsatzeko prest egon behar da.

Heriotza eta Aberria izan ziren bere bi gai ezinbesteko. Zer nolako eboluzioa izan zuten bere obran?

Oro har, hasieran existentzialista da Lete. Heriotza, materialismotik behatzen badiogu, bizitza eteten duen gertaera bat besterik ez da: “bizitzaren etsai denez, gorrotatzen dut herio”, abestu zuen. Aberria, berriz, borroka eremua zaio gaztaroan. Pentsa 60etan eta 70etan gaudela: garai beroa zen Hego Euskal Herrian. Gero, ordea, heriotzak abstrakzioa galtzen du. Aurrena, batetik, 80etako indarkeriaren neurrigabea dago, Lete izugarri mindu zuena. Eta, gero, bestetik, gaitzaren bizipen pertsonala sartzen da. Lete ia hil egin zen 80ko hamarkadaren bukaeran, eta harrezkero heriotzaren aurkako borrokan jardun behar izan zuen. Heriotza, orduan, ez da afera urrun bat, goizetik gauera alboan duen arrisku bat baizik. Aberriaren kasuan, berriz, borroka eremutik kontsolamendu eremura egin zuen Letek. Aberriaren inguruko bere formulazioak paregabeak iruditzen zaizkit. Hasieran, borroka eta amets eremu gisa abesten dio aberriari. Azkenean, sufrimendu eta galera handien ondoren, lurraldera itzuli zen, paisaiaren bizipen hunkitura, lurraren gertutasunera, urtaroen musiketara, naturaren bizipen poetikora… Nire ustez, Lizardiren ondoren, Leteren lurraldera itzultze horrek ez dauka parekorik gure poesian.

Leteren hausnarrean ibili zara zu, baina, berak ez omen zuen sobera atsegin klasean ikastea. Hala ere, bere kabuz egin ohi zituen irakurketak. Egin zuen ibilbide autodidakta horretako zer gomendatuko zeniguke?

Lete autodidakta izan zen. Horrek ibilbide partikularra eginarazi zion. Eta, jakina, ikertzaileari zaildu egiten dio bere pausoei jarraitzea. Oso irakurlea zen, eta oso irakurle ona: eleberriez eta poesiaz gain filosofia asko irakurri zuen, erlijioa, etika, biografia… Egileren bat aipatzen hasita, poesiaren esparruan, aurrena, Salvador Espriu aipatuko nuke. Zentrala da bere ibilbide osoan; 60etan sartzen da bere munduan, eta hor dago azkenera arte. Espriurengan, gainera, Leterengan bezala, aberria eta heriotza zentralak dira. Gero, Letek 90etatik aurrera hartu zuen estiloa ulertzeko, Rainer Maria Rilke aipatu beharko genuke. Poeta erraldoi bat. Haren tonu arranditsuan makulu bat aurkitu zuen Letek iluntasunetik irteteko.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina