Porrotx-Jose Mari Agirretxe: “Pozik bizi nahi dugulako”
Bi pertsonaia daude bibote beltzaren atzean: Jose Mari Agirretxe eta Porrotx. Bertan sortutako eredu alai eta erakargarria dute helburu, horretan jartzen dute lana, gogoa eta bihotza. Azken egitasmoa, Irrien Lagunak Kluba, Katxiporretak, Elkar eta Berriarekin batera sortu du. Baina egitasmo honen aurretik bide luze eta koloretsua du egina Porrotxek, Pirritx eta beste lagunekin.
Porrotx eta Jose Mari Agirretxe, ondo moldatzen al dira elkarrekin?
Porrotx jaio zenean, Jose Marik asko eman zion beretik, zerotik abiatzen zen, Porrotx orduan jaio berria zen, ahula zen, umetxo bat den bezalakoa; denborarekin joan da bere nortasuna garatzen eta Porrotx hasi zaio Jose Mariri ematen. Jose Marik esaten zuen “Porrotxek piropoak bota eta jendea bai gustura! Hasi beharko dut nik ere” orduan ni ere hasi nintzen piropoak botatzen, eta ez dut sekula gezurrik esaten. Orain, hil arte elkarrekin joango direla uste dut.
Ez al zarete biak musu merke samar? Zenbat musu eman ote dituzu honez gero?
Infinito! Suerte handia daukat.
Euskaldunok beti eman izan dugu maitasuna, baina adierazterakoan hotzak izan gara. Ari da pixka bat aldatzen. ordea. Nik uste dut gure gazteak eta gu guztiok, orain gehiago musukatzen eta besarkatzen garela. Kalean ere gehiago adierazten dugu.
Goazen hasiera-hasierara. Umetako zure pailazoak zein ziren?
Nik gogoratzen ditut Los Chiripitiflauticos eta gero Gabi, Fofo eta Miliki. Hauek sekulako kantak egiten zituzten. La Gallina Turuleta buruz dakit. Oso onak ziren. Haiek egiten zuten gaztelera eta alaitasuna, gure hasierako euskara eta alaitasuna bezala.
Eredu al dira zuretzat?
Kixki, Mixki eta Kaxkamelon guk ez genituen ezagutu; Txirri, Mirri eta Txiribiton, penaz, ez ziren gure erreferenteak izan, ez ginen ikastolan ibili. Haiek izan ziren hemen lehenak, ekarpen handi hori egin zuten. Baina nire txikitako pailazoak Gabi, Fofo eta Miliki izan ziren.
Euskal Herrian talde asko gabiltza pailazogintzan, eta hori fenomeno polita da. Ez da ohikoa guk hemen bizi ditugun formatuko pailazoak egotea. Gure aberastasun bat da hori.
Pailazo baino lehen irakasle hasi zinen. Itzuliko al zinateke irakaskuntzara?
Batzuetan ematen dit gogoa… Bere etorkizuna maite duen herri batek bere hezkuntzaz arduratu behar du eta hor hirukia dago: etxea, eskola eta herria. Iruditzen zait azken urte hauetan bakoitza bere bidetik doala, eskola asko sartu dela eskolaren paretetan, etxea etxean dagoela eta herria herrian. Hori gehiago batu beharko genuke, eta iruditzen zait, orokorrean, konpartimentatu egin dela heziketa, eta falta dela komunitate sentsazio hori. Baina ez nago irakaskuntza kritikatzeko, eta gainera, esan bezala, ez da irakaskuntzaren erantzukizuna bakarrik. Sentimenduz, bihotzez ikasten dena ez da sekula ahazten eta hortik galdu dugu, bihotzetik.
Orain, Pupu eta Lore Pirritxen umeak sortuta zuek jubilaziorako bidean jarriko al zarete?
Ez. Txapasek-eta esaten duten eran, jubilatu bai, baina erretiratu ez. Nik, nire burua irudikatzen dut zahar-etxez zahar-etxe. Egin izan ditugu saioak zahar etxeetan, asko eman eta asko jasotzen duzu. Aiton amonak nire kuttunak dira. Nik neuk ere deskubritzeko daukat oraindik, baina sumatzen dut aiton amonen sasoi hori, oso interesantea izango dela.
Pailazo izatea arriskutsua izan daiteke?
Guk suertea dugu, musuak, piropoak… gozada bat da! Lan guztiak izan daitezke arriskutsuak segun eta nola egiten duzun. Bakoitzaren koherentzia sartzen da hor, zer ideia nahi dituzun zabaldu… Gaur egungo bizimoduan dagoenetik ateratzen bazara pixka bat, arriskutsua izan daiteke edozer gauza.
Zuen ikuskizunak ez al dauka intentzio pedagogiko nabarmen samarra?
Baliteke… eta hori kezka bat da guretzat. Nahi dugu egin zerbait alaia, euskaraz eta baloreak transmitituko dituena. Gu lanean ari gara, serioa da gurea, helburuak garbi ditugu, eta intentzioa ez dugu ezkutatzen. Erantzukizuna sentitzen dugu. Bide luzea egiten ari gara, egin dugu, ahalegin eta gogo handia jarriz. Uste dut emozioak transmititzea lortzen dugula. Eta jendea erruz hurbiltzen zaigu. Batzuk nahiko gintuzkete zuri-beltzean, baina gu koloretakoak gara, hala izan behar dugu. Edozein tekniken gainetik, emozioak transmititzen asmatzen dugula uste dut.
Zein dira umorearen osagaiak?
Umorea bizitzari aurre egiteko ikuspegia da. Behin bizi gara, zertarako gaude hemen? Zoriontasuna ere konpartituta hobea da. Hemen gaudenez, konpartitu dezagun poza eta baita tristura ere. Begirada hori da umorea. Bizitzan urteak zenbatzea baino inportanteagoa da abenturak bizitzea, bizitza koloretan bizitzea. Txiste bat baino, jarrera bat da umorea, jarrera baikor bat, bizitza pozik pasa nahi dugulako.
Urtero legez, liburu, ikuskizun, disko eta DVD berriak egin dituzue, eta aurten gainera, Irrien Lagunak Kluba sortu. Nola egiten da hainbeste eta arrakastaz?
Teknika ez da oso zaila, egunero goizeko seitan buzoitik Berria hartu, irratia entzun, herriko dinamiketan txertatuta egon, gizartean dauden gai zuri-beltzezko horietatik edan eta ikusi, bat hartu, gure koloretatik pasa eta koloretan proiektatu.
Pirritx itzuli da eta bi umetxo jaio berrirekin.
Iaz, Aiora haurdun zegoela eta ez zen etorri, nahiz eta pantaila bidez oholtzan egon zen. Orain itzuli da Pupu eta Lore umeekin, eta guztion artean haurrak hezi behar ditugu. Horretarako lagun kuadrila dugu inguruan: Tiritatxo pediatra, Largabista basoazaina, Marikalanbres zientzilaria eta Martinber bertsolaria, eta Ane Pirata eta Patakom… Horretan oinarritzen dugu umeen heziketa eta hortik abiatuta osatu dugu hemeretzi kanturekin diskoa.
19 kantu bildu dituzue diskoan. Bat bakarra aipatzekotan…
Pena ematen dit 19tik bat aukeratzea. Maite zaitut arabieraz egin dugu, eta gainera luzerako proiektua da. Nahi genuke MAITE ZAITUT izatea kantu bat gurea bezalako herriekin hartu emana lantzeko. Asmoa dugu hizkuntza ezberdinetan grabatu eta horien inguruan erreportajeak eta bideoklipak egitekoa.
Lehenengo kanta, Pupu eta Loreri ongi etorria eta diskoari izena ematen diena izango da Ongi etorri Pupu eta Lore. Baina niri galdetzen badidazu Maitatasunez aukeratuko dut. Porrotxek urteak daramatza esanez titia eman nahi diedala umeei eta zazpi zerealekin dudala titi batean eta txokolate batidoa bestean. Igor Elortzarekin hitz egin nuen, berak ere ume txikiak ditu eta oso letra polita egin du: “ez naiz eme baina titiak badauzkat, ez naiz ama baina nik ere nahi dut, maitasunez elikatuko zaitut, aitatasunez elikatuko zaitut, maitatasunez elikatuko zaitut.”
Erlazionatutako Albisteak
- ← LA HUELLA DE LOS GENTILES
- Alejandro Fernández: “Deja sin sitio a un hombre de 45 años que es bueno en lo suyo, y verás cómo lo destruyes” →