SU TA GAR Ametsak pilatzen
Ametsak pilatzen, Su ta gar taldearen estudioko bederatzigarrena, kalean da jada. Ehundik ehun da Sutagar da, oso indartsua, lehenengo entzunalditik aise sartzen diren kantu berriz betea.
Kantu instrumental leun eta eder bat sartu duzue diskoan. Ez duzue instrumental askorik egin izan…
Egin izan ditugu, baina hasieran, lehenengo hiru diskoetan. Eta oraingoan berez etorri da. Aspaldian ez zait bururatu instrumentalik egitea, eta orain berriz bai. Oso pozik gaude kantu honekin.
Nolakoa da diskoa?
Melodikoa eta indartsua, gauza biak uztartzen ditu. Pasarte ilunak dauzka eta baita pasarte melodikoak ere, baina orokorrean oso indartsuak. Hitzak ere nahikoa zuzenak eta argiak dira. Abestiak desberdinak dira, baina berehala igarriko du jendeak Sutagar sonidoa dela. Gure artean bai aipatzen dugu kantu pare batean badagoela hainbeste jorratu ez dugun metalaren eta kañaren arteko beste ukituren bat. Baina Su Ta Gar seilua argi eta garbi dauka.
Litekeena da 20 urte eta gero maila batean zuen muinera jo izana?
Ez dakit, ez da nahita egindako zerbait. Ni (Aitor) ahalegintzen naiz kanta melodikoak eta gogorrak batera egiten. Askotan sormena agortuta-edo daukazunean, saiatzen zara eta galdegiten duzu “zelan egiten neban kanta haiek sortzeko?” Eta bilatzen dituzu erreferentziak, baina nahikoa alferrik izaten da. Nik uste dut kantu berriak desberdinak direla, baina ez dakit ze sentsazio eragingo duten.
Aitorrek sartu dituzu bajoak diskoan. Zer moduz sentitu zara lan horretan?
Esperientzia polita izan zen. Pentsatzen dudanean kriston satisfazioa ematen dit, oso pozik nago emaitzarekin. Egia esan, gitarra sartzen baino gehiago disfrutatu nuen. Igual gauza berria zelako? Ez dakit. Oso natural egin dut, lasai, ondo.
2006az geroztik material berririk argitaratu gabeak zineten. Azken bost urte hauetan sortutako kantuak al dira?
Batez ere azken hiru hilabeteetan sortutako kantuak dira. 20 urte diskoaren bueltan sortu genituen kantu berriak, baina orain jarri garenean diskoa egiten ez ditugu ordukoak hartu, kantu berriekin hasi gara. Askotan kantuak ikasteko ere denbora gutxi izaten dugu, baina hilabeteak pasatzen utziz gero hor hasten da Aitor aldaketekin, edo material berriarekin… Normalean nahikoa azken orduko kantuak izaten dira. Azken momentuko presio pean ondo egiten dugu lan.
”Ametsak pilatzen” izenburua, zergatik?
Kantuen izenburuetan gehien erakartzen gintuena zen. Gure letrak nahikoa kritikoak izaten dira, baita disko honetan ere, Piztiak kantua amerikar inbasioaren aurkako kantu bat da, Bizi aita santuaren aurkakoa… Ametsak pilatzen kantuan, aldiz, mezua bizi dugun egoera politikoaz da eta puntu positiboa jartzen du.
Era berean, taldearen egoeraren edo aldartearen isla ere bada. Izenburu hori, gainera, zabalik geratzen da pentsamenduan buruari bueltak emateko, eta hori ere gustatzen zaigu. Ametsa hitza nahikoa agertzen da diskoan eta pentsatu genuen nahiz eta kantu baten izenburua izan nahikoa gauza biltzen zituela. Gustatzen zaigu mezua eta hitzak ere bai.
Letra batean jendartea hartzen ari den erritmo biziegia kritikatzen duzue abiadura bizi-biziko musika eginez…
Bai, eta guk daukagun estresa ere itzela da! Kantu horrekin egin behar dugu bideoklipa, eta portadan hiru ordenadorearekin agertzen gara. Gizartearen bilakaera, kontrola, bizimoldea, dugun teknomenpekotasuna… horretaz da kantua.
Ohartzen zarete zuen jarraitzaile diren gazte asko ez direla estresatzen taknologiarekin.
Ez, eta badakigu, gazte jende askok ez duela ondo ulertuko. Kantuak esaten du “niretzat sare sozialek eta wi fi-ak ez dute hainbeste garrantzia”. Ni sare sozialekin estresau egin naiz, sartzen zitzaidan guztia borratzen bakarrik… Ezjakintasunak ere laguntzen du, gazteak kontrolatzen dute hasieratik, guk aldiz ez hainbeste.
Audientzia gogoan duzu kantuak egitean?
Niri hitzak barrutik ateratzen zaizkit. Batzuetan ateratzen zaizun hori egokitu egiten duzu hartzailea kontuan hartuta. Azkenean sortzen duzu jendeari gustatzeko, baina lehenengo zu sentitu behar zara gustura, eta sinestu esaten duzun hori. Kontradizio bat baldin badago ez naiz gustura sentitzen. Eta dena den, lehenengo pertsonan idatzita dago, nik, Aitorrek, horrela bizi dut.
Dena den, Su ta gar sartu gara sarean, aurten bertan ireki dugu gure facebook-a esaterako. Hor gabiltza. Kantuan esaten du “desabantailak eta onurak” daudela. Gizarteak behartzen zaitu nolabait, egon behar duzu baina gero hori ureztatu egin behar da.
Disko hau ere autoprodukzioa izango da. Pozik bakarkako bidean?
Bai, gure izaerarekin datorren kontu bat da. Guk horrela sentitzen dugu. Ez du esan nahi hau denik bide bakarra, baina gu denborarekin hona heldu gara, taldea da gure bizitzaren ardatza, gure bizitza honen gaineko kontrola dugu, horrela gaude gustura.
Nahi adina jotzen al duzue?
Baldintza batzuk lortzen zaila da. Gure zirkuitua, batez ere, Euskal Herria da. Eta gu saiatzen gara herri batean jotzen badugu denbora tarte batean inguruan ez jotzen. Eta ez datoz deiak nahi bezala; urte berean inguruko lau herrietatik dei egiten dizute eta hurrengoan inork ez.
Egin izan zaizuen boikotak oraindik ere min ematen du?
Horren kaltea betirako da. Madrilen hamar urte baino gehiago egingo ditugu jo ezinda. Lehenengoa suspendidu ziguten Gasteizen, duela hamar urte baino gehiago. Geroztik bagabiltza espainiar estatuan, batez ere Katalunyan, eta festibalen batean ere jotzen dugu, baina gutxi. Madrilen kontzertu batzuk eduki ditugu, baina beti azken orduan bertan behera geratzen dira. Antolatzaileak presioak jasotzen dituzte eta azkenean bertan behera geratzen dira. Ikusiko dugu oraingoan.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Laura Gallego: “Donde los árboles cantan” nuevas historia fantástica de Laura Gallego
- Mikel Rodriguez – “Los vascos no hemos aceptado aún el reto de crear una literatura de terror propia” →