Garbiñe Ubedari elkarrizketa “Hobe isilik” eleberriaren inguruan
Garbiñe Ubeda kazetariak Hobe isilik eleberria kaleratu du. Kazetaritzan ibilbide luzea duen arren, hauxe du lehen saialdia fikzioaren munduan, eta azpimarratzekoa da testuaren kalitatea, estilo landu eta dotorea, baita pertsonaien taxuera ñabarduraz betea ere. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Augustin Zubikarai beka-sariaren irabazlea izan zen nobela-proiektu hau.
Aspaldidanik zabiltza euskal prentsan lanean, eta muinetik ezagutzen duzu gure kultura; kronika eta saiakerak ere idatzi dituzu; zerk eraman zaitu orain fikzioa lantzera? Zer du fikzioak beste idazlan mota batzuek ez dutena?
Sortzeko askatasuna, errealitateari edo egiari estuki lotu behar ez izatea, sentimenduen bidetik trabarik gabe jo ahal izatea. Horixe du, nagusiki, fikzioak.
Liburuan aurkeztu dudan istorioa kontatzeko, errealitateak, datuek, zehaztapenek, frogek, ez dute balio handirik berez, ezin dutelako gertatutakoaren zergatia esplikatu. Egia aho biko ezpata da, eta protagonistak subjektibotasunean bilatu beharko du gauzen logika.
Fikzioa idatzi duzula esan dugu, eta hala da, baina oinarri biografikoa duena hala ere. Zertan dira antzeko eta zertan desberdin Jose Ubeda eta Jose Bermejoren ibiliak?
Esentzian, bat bera dira. Nolabait esanda, Jose Bermejorena gure aitona desagertuarentzat imajinatu dudan profila da, haren ezaugarri orokorrak ditu, eta haren ibiliak ez ziren nobelan kontatu ditudanetatik oso urrun geldituko. Nolanahi ere, hainbat pasarte, familiari dagozkionak bereziki, asmatuak dira guztiz; eta asmatuak ez direnak ere terjibertsatuta daude, moldatuta edo aldatuta, nobelaren koherentziaren mesedean. Misteriotsuak dira biak, bai gure aitona, baita Bermejo ere, gerrako belaunaldien izaera dute: isilean gordetzen dute dena, konplexuegia zaie ordukoa, hitzez arrazionalki adierazi ahal izateko.
Aurretik zure anaiek ere landu zuten gai hau, Non dira diskoan. Lan hura bultzatzaile izan duzu, ala zuk ere lehendik zenuen gogoan eleberri hau idaztea?
Gurean deskalabru handiak eragin zituen gerrak. Txikitatik sentitu dugu hondamendi hartan sortutako oinazea, aurreko belaunaldiek bezala gure larruan bizi izan ez genuen arren; eta handitu garenean, hainbat modutara azaleratu da min hori: anaia zaharrenen antimilitarismoa, Bide Ertzeanekoen Non dira diskoa… Hobe isilik nobela heldu da orain, baina ziur naiz min hark beste espresiobiderik ere aurkituko duela gerora ere, etxekoen artean.
Guretzat, bultzatzaile edo eragileren bat nabarmentzekotan, Navarra 1936: de la esperanza al terror liburua aipatuko nuke. Gure amesgaiztoak eta galtzaileei gertatutako triskantzak argitaratuta ikusteak aztoratu eta motibatu egin gintuen. Zedarri handia izan zen, dudarik gabe.
Artikulu ugari idatzitakoa zara. Zertan da desberdina eleberri bat idaztea?
Berria egunkarirako idatzi nituen artikuluak fikziozko istoriotxoak ziren orobat. Haiekin alderatuta, esaterako, luzera da kontuan hartu beharreko lehen aldea. 100 piezako puzzlea bukatzea edo 3.000koari heltzea bezalatsu da. Zenbat eta handiagoa izan osatu beharreko irudia, orduan eta konplexuagoa da lana, orduan eta elementu gehiago hartu behar dira kontuan, pieza guztien batasuna lortzeko.
Neurri motzean ohituta nengoen. Handira jotzea, nobelaren dimentsioan murgiltzea erronka handia izan da niretzat.
36ko gerrak oraindik zuku gehiago emango du? Asko edo gutxi landu da gaia zure ustez? Ala teknikak eta ikuspegiak izango dira berriak?
Sartagudako Memoriaren Parkea inauguratu zenetik, familia osoa joan ohi gara hara udazkenean, gerraren ondorioz galdu genituenak gogoratzeko. Urtero sentsazio berbera izan ohi dut harrian zizelkatuta ageri diren izen horiek denak irakurtzean: izen-abizenak ez ezik, horietariko bakoitzaren historiak ageriko tokia beharko lukeela, eta kasurako, nobela bana osatzeko adina emango luketela. Beste horrenbeste pentsatzen dut Sartagudako herriaz ere, eta Memoriaren Parkeaz arduratzen direnez ere. Han daude beti, Jose Ramon Martinez alkate ohia bezala, noiznahi bisitariei azalpenak emateko prest.
Gizakiaren makurkeria norainokoa izan litekeen erakusten dute gerrek; motorra berotzen denean, ezer gutxi aski dugula, izendatzea ere kosta egiten den basakeria eragiteko. Eta bidegabekeriaren ondorioak luzaz ordaintzen direla, arrasto likatsua uzten dutela. Baina gauzak horrela izanik ere, eta herriz herri memoria berreskuratzea ezinbestekotzat jotzen dudan arren, neronek ezin izango nieke gertaera gordinei heldu. Suntsiketaren horroreak edo lazturak erotu egiten nau, eta blokatu. Biziraupenari jarri diot lupa. Biziraupena bera ere heroikoa izan bailiteke.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Ever After High – El libro del destino – SORTEO
- Joxan Artze: “Zernahi maitasunez eta gogoz egiten dugunean, guztiok egiten dugu poesia” →