Joxan Artze: “Zernahi maitasunez eta gogoz egiten dugunean, guztiok egiten dugu poesia”

Joxan ArtzeJoxan Artze poeta ezagunak udazkenean bi poesia liburu berri kaleratu ditu Elkar argitaletxearekin: heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza. Ez dira liburu solteak izango, baizik eta, hasieran batean, 7 lanez osaturiko bilduma. Urrian argia ikusi dute lehenengo bi hauen inguruan hitz egiteko, bere etxeko goxotasunean hartu gaitu.

Zer da zuretzat poesia?

Ikusten eta bizitzen dugun guztiari ikusten ez den eta entzuten ez den hori ateratzea, eta hori ematea, izango litzateke poesia. Gauza eta pertsona guztietan, dudarik gabe, badago zerbait ikusten den horretan, ikusten ez dena. Ba du horrek misteriotik, horrek ematen dio zentzua poesiari. Errealki ere horrela da, esentziak ez baitira ikusten. Formak ikusten ditugu, baina ikusten ez dugun horrek ikusten dena ulertzen laguntzen digu. Horren berri ematea izango litzateke poesia, musika eta baita dantza ere. Azken batean, artea bere osotasunean hartuta. Honetaz gain, esan nahi nuke, ez bakarrik artean, baizik eta bizitzan ere, pertsona guztiok egiten duguna maitasunarekin egiten baldin badugu, han jartzen dugun arnasa ere poetikoa dela. Zernahi maitasunez eta gogoz egiten dugunean, nik uste, guztiok egiten dugula poesia.

Zer aurkituko du irakurleak bi lan berri hauetan?

Nire baitan bizitzen eta ikusten dudana beste pertsonek ere barruan dute. Nire bizipenak eta ikuskerak poesia bidez agertzen ditudanean, nik uste, beraiek ere neurri batean sumaturik dutena, baina formarik gabe… Gauzak ondo joanez gero olerkiok lagunduko diete ikusi ez duten hori ikusten, formarik gabea orain formadun. Guztiok egiten dugu lan eta bakoitzak egiten duenak zerbait ematen dio besteari. Beharbada, beste lan mota batean ari denak ez dio arreta berdina jarriko bakoitzak jarriko liokeena bezala, baina elkarri adierazten badiogu nola egin eta bizitu duen egindakoa, denok jakingo dugu bestearen berri. Informazio elkartruke horretan komunikazioa sortzen da:  bakoitzak bizi duguna guztiok bizi dugu. Hori da gizakion biziera eta izaera. Honek esnatu egiten du gure barruan erdi lotan dagoen hori. Horretarako balio behar luke poesiak, eta baita beste edozein arte motak ere.

Nori zuzendutako lanak dira?

Guztiei zuzendutako lana da hau, noski. Irakurtzen duenari eta irakurtzen ez duenari ere bai, honi ere eskainia da, honek hartu ez hartu, nik nirea egin dut, hortik aurrerakoa… Txoriei, tximeletei eta baita landareei ere zuzentzen natzaie. Sorkari hauei buruz asko idatzi izan dut, eta pentsatzen dut horiek niri zerbait esan baldin badidate, nik esango diedanak ere beraiei zerbait esango diela. Noski, beste era batean. Niretzako oso garrantzitsua da besteei laguntzea beren baitan den hori agertzen. Hori da gutxi gorabehera Mikel Laboak musikaturik duen Maite ditut, maite olerkian diodana: “Maite ditut maite gure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkidanean. Zer ezkutatzen duen ez didanean ikusten uzten, orduan hasten bainaiz, ezkutukoa, nire baitan pizten diren bazter miresgarriak, ikusten.” Guztion barru hori miresgarria da, azkengabea, jainkozkoa… Hori esnatzen laguntzea da ahalegina.

Ba al dago alderik lehendik argitaratuak dituzun lanekin?

Ez dago etendurarik lehendik atera ditudan beste lanekin alderatuta. Duela urte mordoxka kaleratu nuen Ortzia lorez, lurra izarrez (Elkar) lanetik abiatuta, haren garapena izango litzateke. Bide horretan aurrera joan naiz era zabalagoan eta sakonagoan. Gai batzuk aurreko liburuetan ez ditut landu edo beste era batera tratatu 

Intonso izeneko teknika erabili duzu. Zer da hori? Zergatik egin nahi izan duzu horrela?

ArtzeEz da teknika bat, baizik eta liburuaren orriak giliotinaren ahotik ez pasatzea. Giliotinak liburua kaxa bihurtzen du. Liburuko orriak irakurle bakoitzak berak mozteak pertsonalizatu egiten du liburua, lana eta misterio pixka bat jartzen dio. Beste kasuetan, liburua hartzearekin eta irekitzearekin nahikoa izaten da irakurtzen hasteko. Kasu honetan, ordea, ez. Irakurle bakoitzak bere erara ebakiko du eta bere nahiaren arabera aurrera joango da liburuan. Misterio txiki horrek, nik uste, politago, goxoago eta batez ere norberarenago egiten duela liburua. Idatzi nuen lehenengo liburutik dagokion garrantzia eman izan diot paperari. Ez dut erabili gainean idazteko morroi gisa soilik. Papera hala bihurtu baino lehenago zuhaitz izan zen, eguzkia hartu zuen, izarrekin amestu, lehorteak eta bustialdiak jasan, haizearekin ere zenbatetan borrokatu…? bizitza du. Paperari beti eman diot garrantzia. Gaur egungo paperek ez dute garai batekoen zertasun hori; leunagoak dira, politak dira, baina ez dute (esku artean ditudan) hauek bezalako goxotasunik.

Hainbat urte pasa dituzu ezer kaleratu gabe, zergatik?

Ortzia lorez, lurra izarrez liburua bukatu nuenean lehortea etorri zitzaidan, lan honetan barruan nuen guztia eman bainuen. Hiru urte eta erdi pasa nituen ezer idatzi gabe. Egunero jartzen nintzen lanean, mahaiaren aurrean ematen nuen eguna, baina ez zitzaidan hizkirik ere ateratzen. Lehenago ere banekien lehorraldiak izaten zirela, baina ez nuen uste hainbestekoa izan zitekeenik. Hiru urteren ondotik, tantaka-tantaka hasi ziren hitzak ateratzen; pixkanaka-pixkanaka geroz eta gehiago, azkenean uholdeka. Horrelako jarioaren ondoren, argitaratzeko dena prestatzen hasi nintzen. Egongelako eta pasilloko lurra dena paperez betea neukan. Gora eta behera ibili behar nuenez, otu zitzaidan egurrezko panel handietan jarri behar nituela poesiak, eta horrela horizontalki lana egin beharrean, bertikalki egiten hasi nintzen. Horrela hasi nintzen zutik lan egiten, eta poesia guzti hauek denak ordenatzen. Erotzerainokoa izan da.

Uste al duzu zure poesiak konektatuko duela ezagutzen ez zaituen egungo irakurlearekin?

Nik uste baietz. Kontuan izan behar da ez garela bolada batez ari, ezta adin konkretu batez ere. Hemen esaten ahalegintzen naizena, duela mila urteko gizakiarentzako izan edo mila urte barru etorriko denarentzako, berdin esango nuke. Hemen landu ditudan gaiak: gizatasuna, bizitza, bakartasuna, heriotza, nor garen, zer egiten dugun hemen… betiko galderak dira, pertsonak pertsona izaten jarraitzen duen bitartean egingo dituenak.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

2 Comments

  1. Izugarri ederra iruditu zait poesia hau!!

    Ortzia bitxilorez
    ala lurra zen izarrez…

    Edo izar loratuak
    ala lore izartuak
    nekuskien,
    egia esan,
    nik ez nekien…

    Zein da hori berezteko gai…?

    Ez ni behintzat
    ene maitearen begietan!

    Joxan Artze
    heriotzaren ataria dugu bizitza(Elkar, 2013)

  2. Dagoeneko irakurtzeko, bizitzeko gogoz
    Nere barnean lekua prestatzen

    Mil esker nere baitan den hori
    agertzen laguntzeagatik

    Miresmenez besarkada bat.

Utzi zure Iruzkina