Aitziber Etxeberria: “Nire beldurrik handiena zen eraiki dudan gizarte berri hori sinesgarria izatea”

reset - Aitziber Etxeberria GarroReset nobela distopikoa kaleratu berri du Aitziber Etxeberriak (Zarautz, 1973). Zientzia fikzioan murgildu da egilea, gaurkotasun handiko gaietan sakontzeko.

Zientzia fikziora salto egin duzu oraingoan, baina ez zen hori zure asmoa, ez behintzat hasieran.

Gaia neukan buruan bueltaka, baina forma ez nuen argi ikusten. Buelta asko eman nizkion planteamenduari, baita ikuspegiari ere. Orain arte, inoiz ez nuen zientzia fikzioa idatzi, eta bertigo pixka bat ematen zidan, baina aurrera egitea erabaki nuen. 

Mundua azkar ari da aldatzen eta, orain, teknologiaren menpe ere bizi gara. Esaterako, mugikorra edo ordenagailua erabiltzen ez dakitenek buruhausteak izaten dituzte eguneroko zenbait izapide burutzeko. Menpekotasun horretan sakondu nahi izan duzu?

Kezka handia sortzen dit teknologiarekiko daukagun menpekotasunak. Dudarik gabe, oso erabilgarriak dira teknologia berriak, eta gure bizitzak erabat aldatu dituzte, baina iruditzen zait, beste alderdi batzuetan, okerrera egin dugula. Ni trenean eta autobusean asko ibiltzen naiz, eta ikusten dut elkarri aurpegira begiratu ere ez diogula egiten, apenas. Mugikorrari begira gaude etengabe eta mundu paraleloetan bizi gara. Horrek guztiak harremanetan jartzeko orduan arazoak ekarri ditu, baita ikasteko orduan ere. Bestalde, belaunaldi batzuek zailtasunak dituzte gailu eta ohitura berrietara egokitzeko. Finean, gure bizitzak asko aldatu ditu teknologiak, eta ez da beti onerako izan; hori dela eta, gaia lantzea erabaki nuen.

Gaurkotasun handiko kontuak lantzen dira nobela distopiko honetan: klase sozialak, ingurugiroa, teknologia berriak, disidentzia, kontrola… Denak kabitu zaizkizu.

Bizitzen ari garen momentu hau gogorra dela iruditzen zait, aldaketa handikoa, eta uste dut gizarte gisa nahiko noraezean gabiltzala. Horrek guztiak kezka sorrarazten dit, eta hori azaldu nahi izan dut. 

Liburuaren beste harietako bat da deskarbonizatze prozesuaren afera.

Aldaketa klimatikoarena ez da nolanahiko gaia. Uste dut gizarteko gehiengo batek onartu duela gaiari aurre egin beharra daukagula, baina ez dut uste bidea asmatzen ari garenik.

Zak21 eta Mara dira protagonistetako bi, antagonistak biak.

Gizartea bi klasetan dago banatuta liburuan: goi klasekoek pribilegioak dituzte, agintari klasea osatzen dute eta eroso bizi dira; behe klasekoek, berriz, lanik okerrenak egin behar izaten dituzte, eta kontrol handia ezartzen zaie. Bi protagonistak klase sozial batekoa eta bestekoa dira, eta desberdintasun horrek guztiz markatzen du bakoitzaren egunerokoa. Zilarrak pribilegiodunak dira eta karbonikoak menpekoak. Bat boteretsua den neurrian bestea menpekoa da. Mundua eremutan banatuta dago, eta konfederazio batek zuzentzen ditu denak.

Zientzia fikziozko eleberria izateak idazkera baldintzatu al dizu?

Nire beldurrik handiena zen eraiki dudan gizarte berri hori sinesgarria izatea. Prozesuaren hasieretan, etengabe egiten nion galdera hori neure buruari. Bidea egin ahala neurria hartu nion generoari, eta eroso sentitu naiz. Zientzia fikzioa betidanik gustatzen zait, eta, beraz, ez dut baztertzen berriro errepikatzea.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina