Augustin Zubikarai XXV.saria abian da
Euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko xedea du Augustin Zubikarai sariak. Deialdi honetara, nobelak idazteko proiektuak aurkeztuko dira, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Beka hau behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu.
Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu:
- Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.
- Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.
- Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua.
- Egileei buruzko informazioa udalak gordeko du erabakia hartu arte. Egileak ez du bere nortasuna agerian utz dezakeen ezer idatziko ez laginean ez azalpenean, ez eta agiri horietako ezaugarrietan ere.
Eskaera Ondarroako Udaletxean aurkeztuko da. Proiektua bidaliko da beharrezko datu eta dokumentazio osagarriarekin batera, bai udaletxera bertara bai bide telematikoak baliatuta. Internet bidez aurkeztu nahi izanez gero, Ondarroako Udalaren webgunetik [https://ZUBIKARAI NOBELA BEKAra aurkeztu] Beste bidea da udal erregistro orokorrean aurkeztea – Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Kanttoipe kalea, 3, behea 48700 Ondarroa).
Epeak:
Proiektuak aurkezteko epea: 2025eko irailaren 30a arte bidali ahal dira. Epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2025eko urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak. Irabazleak urtebeteko epea izango du, gehienez, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta nobela amaitua Ondarroako Udalaren esku ipintzeko.
Bekaren zenbatekoa:
Saria 8.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru-kopuruaren erdia irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan.
Epaimahaia:
Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
– Epaimahaikideak: Udalak izendatutako aditu bi eta Elkar argitaletxeko editorea.
– Idazkaria: Udal euskara teknikaria.
Ebazpena eta entrega:
Beka hau Ondarroako Alkateak adjudikatuko du, epaimahaiaren proposamena jaso ondoren. Irabazleak urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlana amaitua Ondarroako Udalari helarazteko izendapena jaso eta gero. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150.000 karaktere gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak. Egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko luke jasotako dirua.
Lanaren jabetza:
Beka jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik.
Nobela argitaratzea:
Nobela amaituta eta editorearen oniritzia duela kaleratuko da liburua hiru hilabeteko epean, eta bertan ZUBIKARAI SARIA eta Ondarroako Udala aipatuko dira nahitaez. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana eta egile-eskubideak, ohiko moduan, ordainduko dizkio egileari.