Felipe Juarisitiren liburu gomendioa: Ixiar Rozasen “Beltzuria”

beltzuria8442 felipe juaristiOroimena hitza da; eta hitza, ahotsa. Ahots galdutakoen bila abiatu da Ixiar Rozas Beltzuria liburuan, jakiteke, edo erabat jakiteke, aurkituko ote dituen. Oroimena ez da ez on ez gaizto, daukaguna da. Oroimenaren bidez ekar dezake Ixiar Rozasek gaurko egunera Franzisko Elizalde Zelaieta Xamuioren bizitza. Oroimenaren bidez joan daiteke bera orainetik iraganera, eta bere burua aurkitu Xamuio izan zen gizonaren baitan. Bere izaera eta egoerak ulertzeko bestearen izaera eta egoerak ezagutu behar baititu. Ezagutzetik dator ulermena, eta bilatzetik aurkikuntza. Mundu asko dira, eta guztiak ez daude hemen, oroimeneko lurraldean baizik, non ahotsak biltzen diren eta esku batek laztan ditzakeen. Oroimenaren bidea egin du Ixiar Rozasek, hitzei eta soinuei erreparatuz, bidaide balira bezala. Bidea ez da ez lau ez zuzena ere, inguruka azaldu ohi da. Soinu bat dastatu eta oroimenaren dantza hasiko da, jira eta bueltaka. “Beltzuri” esan eta iragana erortzen da, euri tematiaren indarrez.

 

Houellebecq: Frantziako Anti-intelektuala

houellebeqBatzuetan errealitateak aurrea hartzen dio fikzioari. Frantzia, 2022: hauteskunde presidentzialen bigarren itzulian Alderdi Musulman Moderatuak bozak irabazi eta Frantziako lehenengo presidente musulmana hautatzen dute. Horrela hasten da Michel Houellebecq-en azken eleberria, La Soumission (2015). Eztabaida handia sortu du, bai eleberriaren edukiarengatik baita plazaratu den unearengatik ere; urtarrilaren 7an, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatua gertatu zen egunean bertan. Ondorioz, idazleak liburuaren promozioa bertan behera utzi eta Parisetik alde egin behar izan du denboraldi batez. (Irakurri +)

Kattalin Miner XVIII. Igartza Sariaren irabazlea

kattalin_miner Igartza Saria irabazi berri du Kattalin Minerrek (Hernani, 1988) “Kafe beteak” nobela proiektuarekin, erabaki behar eta ezinean kateatuta sentitzen den emakume bati buruzko historia.

Ezaguna zara komunikabideetako kolaborazioetatik, aktibismo feministatik… Nondik eta noiztik datorkizu literaturarekiko lilura, harremana?

Esan ohi den gisan, “betidanik” irakurri izan dut asko, baina egia esan kazetaritzako 3. mailan Iratxe Retolazaren ikasgaian hasi zen harekiko pasioa, ikerketarakoa, analizatzekoa. Karrera amaituta, Literatura Konparatuko masterra egin nuen, beraz bai, azken urteetan asko irakurri ez ezik irakurketak egiten aritu naiz. Idatzi ere beti idatzi izan dut, baina ez hainbeste nobela formatuari begira. (Irakurri +)

Joxemari Iturralde: “Uzkudun eta Gaztañaga hasierako bi lagun etsai sutsu bihurtzearen prozesua interesatu zait ”

Joxemari Iturralderen (Tolosa, 1951) bederatzigarren nobela, traizio handi baten istorioa da. Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga boxeolarien arteko harremana arakatu du idazle Joxemari_Iturraldegipuzkoarrak.

perlak,kolpeak,musuak,traizioakKontu asko aipatzen dira liburu honetan, baina zein izan da zure asmoa idazterakoan?

Liburu hau traizioen, engainuen, gezurren inguruan garatzen da. Hori da nobelaren ardatz nagusia. Ugari azaltzen dira eta maila askotarikoak. Handienak Uzkudun eta Goitiren artean, eta Uzkudun eta Izzy Gaztañagaren artekoak dira. Gero, hiru pertsonaia garrantzitsu horien inguruan hainbeste emakume daude, hauek ere askotan engainatuak eta traizionatuak izan direnak.

Zenbat da fikzio eta zenbat historia?

Obra hau nobela da, beraz, fikzioa da. Hala ere, gertakizun historiko ugari eta pertsonaia historikoak azaltzen dira. Hiru urte eman ditut ikertzen, irakurtzen, artxiboetan, liburutegietan, hemeroteketan, hemen Euskal Herrian, Madrilen, Sevillan… Gertakizun historikoak guztiz errespetatu ditut; datak, lekuak… izan ziren bezala kontatuz. Bestea, fikzioa da, nik asmaturikoa, nahiz eta posible den nik asmaturiko hori ere benetan kontatu bezala gertatu izatea. Gero, gainera, giza faktorea dago: pertsonaia nagusi horiek ezagutu zituzten jendearekin egon naiz eta euren lekukotza jaso eta paperera pasatu dut. (Irakurri +)

Karmele Jaio: “Hilak erabili ditut bizirik gaudenei buruz hitz egiteko”

Orain-hilak-dituguKarmele JaioKarmele Jaiok arrakasta lortu du bere eleberri eta ipuin-bildumekin. Oraingoan ordea arlo berri bati heldu dio Elkar argitaletxearekin: poesiari, hain zuzen ere. Orain hilak ditugu poemarioan hainbat gai jorratzen ditu: denboraren igarotzeak sortzen duen mina, galdutako pertsonek utzitako hutsunea, desiraren itzaltzea, egunerokotasunaren gazigozoak… poesiak behar duen estilo fin, landu baina aldi berean hurbil batekin.

Hiru ipuin-bilduma eta bi nobelaren ostean, zure lehenengo poesia-liburua atera duzu. Ezinbestean datoz gure lehenengo galderak: zergatik poesia? Eta zergatik orain?

Norberarentzat ere zaila izaten da jakitea zergatik idazten duen gauza bat edo beste bat. Sentsazioa dut ez dela hautu arrazional bat izan; izan ere, nire asmoak beste batzuk ziren, beste proiektu bat nuen buruan, baina barruak azkenean hau agindu dit. Atera egin da, doministikuak ateratzen diren moduan, barruak aginduta. Eta hasieran nire planen barruan poesia idaztea ez bazegoen ere, behin onartu dudanean gorputzak hori eskatzen zidala eta hori egin nahi nuela, bere denbora eskaini diot eta horretan jarri naiz lanean. Orain hilak ditugu lan horren emaitza da.

 

(Irakurri +)

Ttarttalo argitaletxeko haur literaturako udazkeneko nobedadeak

Ttarttalo argitaletxeak ere etxeko gaztetxoenentzako aurtengo udazkenean kaleratuko duen uztaren zerrenda argitaratu du. Jaio berrienentzako zein gaztetxoenentzako irudimenez betetako liburu eta album ederrak kaleratuko ditu. 

IRAILA
GAUZAK AURKITZEKO NIRE LEHEN LIBURUA
Bilduma: Bilatu eta aurkitu
Idazlea: Fiona Watt
Ilustratzailea: Stephen Barker
Adina: + 2 urte

Gauzak aurkitzeko nire lehen liburua   Kartoizko liburu polit honetan hamaika gauza daude bilatzeko eta ikusteko: animaliak,  objektuak, munstroak, garraiobideak, robotak… Behaketa lantzeko eta jolasteko liburu aproposa haur txikientzat.

KOLOREAK
Bilduma: Album ilustratuak
Idazlea: Hervé Tullet
Ilustratzailea: Hervé Tullet
Adina: + 2 urte

Koloreak   Polita da, magikoa: koloreen mundua da! Hervé Tullet artistaren lan berri honetan, haurrek koloreen mundu liluragarrian murgildu, eta koloreei buruzko sekretu guztiak ezagutuko dituzte. Jolasteko, begiratzeko, nahasteko, deskubritzeko eta batez ere, ondo pasatzeko liburu bikaina.

(Irakurri +)