Joxemari Iturralde: “Uzkudun eta Gaztañaga hasierako bi lagun etsai sutsu bihurtzearen prozesua interesatu zait ”

Joxemari Iturralderen (Tolosa, 1951) bederatzigarren nobela, traizio handi baten istorioa da. Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga boxeolarien arteko harremana arakatu du idazle Joxemari_Iturraldegipuzkoarrak.

perlak,kolpeak,musuak,traizioakKontu asko aipatzen dira liburu honetan, baina zein izan da zure asmoa idazterakoan?

Liburu hau traizioen, engainuen, gezurren inguruan garatzen da. Hori da nobelaren ardatz nagusia. Ugari azaltzen dira eta maila askotarikoak. Handienak Uzkudun eta Goitiren artean, eta Uzkudun eta Izzy Gaztañagaren artekoak dira. Gero, hiru pertsonaia garrantzitsu horien inguruan hainbeste emakume daude, hauek ere askotan engainatuak eta traizionatuak izan direnak.

Zenbat da fikzio eta zenbat historia?

Obra hau nobela da, beraz, fikzioa da. Hala ere, gertakizun historiko ugari eta pertsonaia historikoak azaltzen dira. Hiru urte eman ditut ikertzen, irakurtzen, artxiboetan, liburutegietan, hemeroteketan, hemen Euskal Herrian, Madrilen, Sevillan… Gertakizun historikoak guztiz errespetatu ditut; datak, lekuak… izan ziren bezala kontatuz. Bestea, fikzioa da, nik asmaturikoa, nahiz eta posible den nik asmaturiko hori ere benetan kontatu bezala gertatu izatea. Gero, gainera, giza faktorea dago: pertsonaia nagusi horiek ezagutu zituzten jendearekin egon naiz eta euren lekukotza jaso eta paperera pasatu dut.

Zerk eraman zaitu Uzkudun eta Gaztañaga boxeolariei buruz idaztera?

Urtetan, nire inguruan, pertsona handi horiei buruz hainbeste istorio eta kontu entzun eta gorde izan ditut. Biak hasi ziren nire herria den Tolosan, eta lagunak izan ziren hasieran. Gero, urteak joan ahala, etsai porrokatu amaitu zuten, hainbesteraino non bi Euskal Herri arerio eta kontrajarrien eredu eta sinbolo bilakatu ziren. Prozesu hori interesatu zait niri nobela honetan, hasierako bi lagun etsai sutsu bihurtzea hainbeste traizio dela medio.

Paulino Uzkudunen figura ez da onik ateratzen.

Irakurleak Uzkudun ezberdin bat aurkituko du liburu honetan, kontuan izan behar delako garai batean, Espainia frankista hartan, boxeolari hori idolo handia izan zela. Hemen bi alde azaltzen dira, Uzkudun boxeolari handia eta Uzkudun iluna, istilu askotan ibilitakoa eta alde ezkutu bat orain arte tapatuta izan duena.

Gaztañagaren figura, aldiz, erreibindikatu egiten duzula ematen du.

Argi handi batek bestea estaltzen du. Espainiako propaganda ofizial frankistak, Uzkudun goi mailaraino igotzean, ahaztu egin zuen Izzy Gaztañaga, benetan pertsonaia bitxia. Bere bizitza benetan nobela baterako zela iritzita, protagonistatzat hartu dut nire liburuan, jendeak nor izan zen jakiteko aukera izan dezan: gizon segaila, erakargarritasun handikoa, Uzkudun baino boxeolari hobea. Parranda zuen gustuko, ordea, lagun arteko giroa, jan eta edatea, eta emakumeak txoratu egiten ziren berarekin. Hori izan zen bere galbidea.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina