Jon Alonso : “Gaur egungo ustelkeria giroan ez da zaila imajinatzea nirea bezalako pertsonaia bat”

Jon alonsohiri hondakin solidoakLehenengoz Camembert helburu liburu ederrean ezagutu genuen Enekoitz Ramirez, ¨Lanbas¨, euskal literaturaren panoramara itzuli da. Ertzainak, prostitutak, unibertsitate irakasleak, euskaltzainak, mossoak eta mota guztietako hondakinak agertuko zaizkigu Jon Alonsoren Hiri hondakin solidoak nobela berrian.

– Polizia edo eta detektibeak nagusi dir  en nobela beltzaren generoan, zure pertsonaiak, Enekoitz Ramirezek, ez ohiko ikuspegi bat eskaintzen digu. Nola otu zitzaizun ikerketak ¨gaizkile¨ baten esku uztea?

Ameriketako 1930. urte inguruko nobela beltzeko ikertzaile pribatu arketipikoa beste geografietan txertatzea, hainbat urte geroago, gainera, beti izan da kezka-iturri generoa, hala edo nola, landu nahi izan dutenentzat. Transposizio errazena ikertzailea polizia bihurtzea da; baina hori, niretzat, generoaren espirituari traizioa egitea da. Aldiz, gaur egungo ustelkeria giroan ez da zaila imajinatzea nirea bezalako pertsonaia bat -badaude-eta-, zuk esaten duzun bezala, “gaizkile” bat, beharbada komillarik gabe.

– Aurreko liburuan, Zintzoen saldoan, ia erligio bihurtu den sukaldaritzaren inguruko trama batean murgildu zenuen Lanbas. Oraingo honetan, Euskaltzaindia eta euskaltzain santorala duzu hizpide… hain iluna al da ba euskara akademikoaren mundua?

Hain iluna iruditu al zaizu? Dena den, garbi gera bedi nik ez dudala batere ezagutzen euskara akademikoaren mundua, edo behintzat Euskaltzaindiarena, denek derrigor onartu beharreko arau-multzoaren mundutik haratago, eta hori ere ez aski ongi, zorionez.

– Liburuaren hasiera, ez-ohikoa bezain liluragarria da. Irudi horrek jarri zuen abian liburua edo idazten hasi eta beranduago otu zitzaizun?

Irudi horrek jarri zuen abian liburua. Ez nuke transzendentala jarri nahiko, eta ez nuke aprobetxategi izan nahiko, baina irakurtzen baduzu Moroak gara behelaino artean? liburuko azken sarrera (“Euskal literatura?” izenburua duena), konturatuko zara han planteatzen denaren beste aldea bezala uler litekeela eszena: hau da, zer emango luke euskal kultura autoerreferentzial eta beregain baten historiak? Dena den, hau bera ere a posteriori bilatutako aitzakia bat da, eszena idatzi nuenean ez nuen hori buruan, are, baliteke Moroak artean irakurri gabe edukitzea ere.

– Pasadizo ugarietan, Euskal Herritik atera duzu trama, Kataluniara hain zuzen ere; zer eransten dio tramari Mediterraneoren usainak?

Batetik, ez dakit oso ongi zergatik baina gogoa eduki ohi dut, lehen ere bai, kontakizunak Euskal Herritik ateratzeko. Gure ohiko konplexuak aienatzeko modu bat izango da, ausaz. Eta hartaraz gero, zer toki hobe Bartzelona baino, batzuek miretsi edo gutxienez aintzat hartzen dugun nobela beltz mota jakin baten sorlekua…

– Enekoitz Ramirezek ba al du kasu berririk eskuartean?

Bai, badu. Are, ez dut uste kasu falta edukiko duenik erretreta hartzea erabakitzen duen egunera arte.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina