Ez da egia Oskorri berrogaitazak urtez aritu denik euskal musikagintzan, nork sinesten du, nork ez du aditu euren musika jaio zenetik, are gehiago, jaio aurretik ere, ezer ez zenean… Susmoa da, orokorra, betidanik egon izan dela Oskorri eta, dudarik ez, beti izango dela… Bernat Etxeparek berak aditu zuen 1545. urtea baino askozaz lehenago, sumatu zuen, baina poetarik mingotsenek ere umetarik aditu zuten, Gabriel Arestik, esate baterako, Natxo de Felipe ezagutu baino dezente lehenago. Alemanian aditu zituzten Oskorriren kantuak, bestetik, Txilen, Katakunbetan, Errusiako iraultzan, Kalbario mendian, pubetan, sedentarioetan, ibiltarietan, pubak asmatu baino lehenago ere. Guztiarekin, lan handiegia ere ez da egin behar gazte bat imajinatzeko ehun eta bi urte barru, logelan, tabernan, bulegoan, ikastetxean, musika-aparatu oraindik ez asmatuan, botoirik gabekoan, garunean txertatuan beharbada, “Euskal Herrian euskaraz” kantua aditu eta bere buruari galdetuz zer ari ote den Txinan lanean, Alemanian ikasten, hitzaldiak ingeles txarrean esaten, ergatiboa noiz eta non jarri behar den ahaztu duenean. (Irakurri +)
Pozgarria da bi urtetik bi urtera Patxi Huarte Zaldi Eroaren zinten antologia dendetan ikustea; aurten, gainera, niretako pozgarria da ale berri honen aurkezpenean parte hartzea; hortaz, deus baino lehen eskerrak adierazi nahi nizkioke Patxi Huarteri eta Xabier Mendigureni gaur hemen egoteko aukera emateagatik.
Arras gustuko ditut De rerum natura liburuak, baina susmoa dut arrunt zaila izan behar duela bi urteko zinta guzien artean hoberenak zein diren aukeratzeak, gehien-gehienak onak baitira. Horregatik, antologia lan hori egin izana saritzeko –eta ale hau seigarrena delako–, pentsatu dut akaso ideia ona izan litekeela De rerum natura 6 irakurtzeko sei arrazoi ematea. Honako hauek: (Irakurri +)
Barakaldoko Palenzuela liburudendan erosi nituen Oskorriren lehenengo diskoak, Arestirena eta Etxeparerena. 1978 urtea izango zen. Denda txiki horretan, material euskalduna eskaintzeaz gain, musika jartzen zuten girotzeko; hor entzuten zen, behin eta berriro, Europako Herrien kantuen bilduma, Oskorri eta bere “Egia da” moldatua barne, Blas Piñar ultraeskuindarra aipatuz. Nazioartekotasun horretan Bilboko taldea aintzindaria izan zen.
Itoiz eta Errobirekin batera, nere talderik gustukoena zen Oskorri. Oso bitxia izan zen zuzenean ikustea (eta grabatzea) Barakaldoko Guridi zinetokian 1982an, Milladoirorekin batera, sarrerak agortuta zeudelarik. Handik gutxira irrati lanetan hasi nintzen, eta noizean behin kasete pletina bat eta munduko kable guztiak soinean hartuta, kontzertuetara abiatzen nintzen grabaketa egiteko baimen preziatuaren bila. Zorionez horixe lortu nuen 1991ean Barakaldo Antzokian; nire ondoan Jean Phocas, beharbada Euskal Herriko teknikarik onena garai hartan; aurrean Oskorri une goxoan: Natxo, Anton, Bixente, Fran, Txarli, Jose…; eta horiekin batera gonbidatu berezia: Kepa Junkera gaztea, Errekaldeko trikitilaria. (Irakurri +)
Muga. Elkarren ondoan dauden bi errealitate bereizten dituen irudizko marra. Osasunaren eta gaixotasunaren artekoa, adibidez. Sano zegoena gaixotu egin da, bizitza aldatu zaio, eta, bizitzarekin, errealitatearen pertzepzioa.
Neuronak ikertzen dituen zientzia izango da, Pedro Migel Etxenikeren ustez, datozen hamarkadetan garrantzi handiena izango duen eremu zientifikoa. Seguru asko Oliver Sacks da gaur munduko neurologorik ezagunena. El hombre que confundió a su mujer con un sombrero (Anagrama, 2004) kontakizun liburuak eman zion fama. Desoreka neuronalekin zerikusia duten hainbat gaitz eta gertakariri buruzko istorioak ematen dizkigu Sackek bertan, bere ezagupide zientifikoa prosa arin eta koskarik gabe baten galbahean iragazita, zientziaren eta bihotzaren arteko zubigintza eginez, gure burmuinen indarraren eta ahuldadearen arteko oreka zaila biluzian utziz.
Slawomir Mrozek dramaturgo eta ipuinlari absurduzaleak iktus bat izan zuen 2002ko maiatzean. Doi-doi libratu zen bertan seko gelditzetik, baina ia erabateko afasia bat eragin zion kolpeak, hizkuntza baliatzeko ezintasun kasik totala. Hizkuntzak ahaztu zitzaizkion, idaztea ahaztu zitzaion, nekez lortzen zuen hitzak esatea eta hitzak hitzekin jostea… Zerotik hasi eta logopeda baten kontrolpean, memoria eta hitza eskuratzen hasi zenean, Mrozek bere oroitzapenak idazten hasi zen. Baltasar izeneko liburua da prozesuaren emaitza (Acantilado, 2014). Idazleak ez darabiltza absurduaren teknikak, tonua, filosofia. Nahita abandonatu ditu edo ez da jada haiek baliatzeko gai? Iktusak munduaren pertzepzioari eragin dio —eta pertzepzio horren erakusleihoa den idazkuntzari—, hori da, besteak beste, liburuak erakusten diguna. (Irakurri +)
Eusko Ikaskuntzak 1983an Manuel Lekuona Saria sortu zuen, eta urtero gizon emakumeren bat nabarmendu nahi izan du, haren bizitza osoan euskal kulturari burututako ekarpena dela-eta. Aurtengoan ere, sariduna aukeratu ahal izateko, bozketa-prozesua abian jarri du Eusko Ikaskuntzak. Lau dira 2015eko Lekuona Sariaren hautagaitzak:
– Joan Mari Torrealdai, soziologoa, idazlea eta euskaltzalea.
– Ricardo Cierbide, filologoa eta historialaria.
– Ana Etxaide, hizkuntzalaria eta euskaltzalea.
– Saturnino R. de Loizaga, paleografoa eta Erdi Aroan jantzia.
Irailaren 15era arte eman daiteke botoa, aldi berean Euskal Komunitate Globalak bozkatuko du eta, ondoren, epaimahai instituzionalarena.
Irabazlearen izena 2015eko irailaren bigarren hamabostaldian zehar jakinaraziko da.
Ekainaren 5ean, Bilbo Zaharra euskaltegiak Klasikoen 8. irakurketa jarraitua egingo du Bilboko Arriagan. Oraingo edizio honetan, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak lana izango dute irakurgai.
Duela zazpi urte Axularren Gero izan zuten irakurgai, duela sei Mogelen Peru Abarca, duela bost Jon Miranderen Haur besoetakoa, duela lau Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, duela hiru Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, duela bi Bernardo Atxagaren Obabakoak, iaz Gabriel Arestiren Harri eta herri eta aurten Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak eleberria izango dute irakurgai. BILBO ZAHARRA euskaltegiko ikasle-irakasleak oso pozik eta harro daude, Klasikoen irakurraldi etenik gabea ekimena gero eta indar handiagoa hartzen ari delako eta, horrenbestez, pixkanaka-pixkanaka, euren helburua (klasikoen balioak eta gaurkotasuna aldarrikatzea-eta , alegia) betetzen ari direlako. (Irakurri +)