XABIER ETA BIOK

leteantton varlverdeAbenduaren 4an bost urte bete dira Xabier Letek betirako agur esan zigunetik. Aspalditik ezagutzen nuen; bederatzi-hamar urte genituen ezkeroztik, hain zuzen. Baina gero lotuko gintuen harremana ez zen 70-ko hamarkada arte sortuko. Bakoitza gure aldetik kantaldietan genbiltzan, elkarrekin topo egin genuen arte. Bergarako Osintxu auzoan gertatu zen hori, eta han hartu genuen bertso eta koplen emanaldi bat prestatzeko erabakia, Julen Lekuonarekin batera emango genuena. Handik aurrera ehundaka entsegu, kanta prestaketa, jaialdi, bidaia…

     Jaialdi pare bat aipatuko nituzke: bata Donostiako kiroldegian Raimonekin batera eman genuena (1977ko irailaren 3an). Momentu nahasi eta gogorrak bizi genituen, eta ekitaldi hartara garaiko politiko, artista eta intelektual gehienak hurbildu ziren. Aretoa gainezka zegoen. Beste emanaldi bat, askoz ere hunkigarriagoa, Durangon eman genuen (1990ko abenduaren 7an). Ber agertze izugarri jendetsua izan zen, eta euskal gizarteak zenbat estimatzen zuen jakiteko aukera izan genuen.

     Xabierren alderik garrantzitsuena olerkigintza da, nire ustez, “Egunetik gunera orduen gurpilean”-rekin hasi eta “Egunsentiaren esku izoztuak”-ekin jarraituta, perla bitxi asko utzi dizkigu. Baina aitortu beharra dago bere liburuetan dauden olerki asko publikoaren bihotzetan itsatsita geratu badira, musikaren laguntza jaso dutelako izan dela. Aipagarria da egin dizkiogun omenaldietan jendeak nola kantatzen zuen “Altzateko jaun”, “Seaska kanta”, “Maiteaz galdezka”, “Euskalerri nerea”, “Nafarroa arragoa”, “Habanera”, “Xalbadorren heriotzean” eta abar.

     Beste ikuspegi garrantzitsu bat ere erantsiko nuke: poesia eta kantaren bidez erakusten dizkigu, alde batetik, bere sentimentuak (amodioa, heriotza, azkeneko urtetan kristautasunarekiko jarrera…), eta bestetik, gertakizun soziolojiko eta politikoarekiko bere pentsaera: “Chile” , “Catalunyari abestia”, “Herri zahar hontan”, “Nik ez dut amets haundirik”, “Teologia ideologia”, “Haizea dator ifarraldetik”…

     Osasun faltak eta Lourdesen heriotzek bere azken urtetan beste Xabier bat utzi ziguten: gorputzez ahul, baina izpiritua sendo, zetorkionari koherentzia osoz aurre eginez.

   Agur, Xabier. Betiko agur.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina