Paulo Agirrebaltzategik, Joseba Intxaustik eta Joan Marti Torrealdaik jaso zuten Urrezko Domina saria “Jakinkide” guztien izenean. Joxe Azurmendik ezin izan zuen ekitaldira azaldu ziatika baten ondorioz baina Alemaniatik bidali zuen eskertza bideoa ikusteko aukera izan zen. Joan Marti Torrealdaik hartu zuen hitza lehenbizi “Jakin euskararen lurralde askean sortu zen, ez inongo probintziatan. Horregatik ulertu izan dugu gure lana, hasieratik, inorena eta guztiena dela, euskaraz izatekotan. Euskaltzale eta herritar guztiekin egoten ahalegindu gara. Kritikoki, maitasunez kritiko”.
“Euskal kultura eta modernitatea lotzeko egindako lanagatik” jaso zuen Urrezko Domina Jakinek, eta Markel Olano diputatu nagusiak lau ataletan adierazi zuen egin duten ekarpena: «bat, euskarak kultura behar du aurrera egingo badu; bi, kultura horrek moderno, antidogmatiko eta irekia behar du izan, belaunaldi berriei transmitituko bazaie; hiru, unibertsal izateko modu bakarra partikular izatea da; eta lau, partikular izateko nork bere pentsamendu propioa garatu behar du eta mundua nork bere esperientziatik azter-tzeko obligazioa du».
Ondoren, Jakin aldizkariko kide Alaitz Aizpuruk testu bat irakurri zuen eta jarraian Azurmendiren bideoa ikusteko aukera izan zen.
![]() |
Kattalin Miner, Tene Mujikako azken irabazlea. |
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, XIII. Tene Mujika beka sortu dute, 6.000 euroko diru-laguntza emango duena, ondorengo oinarrien arabera:
1. Gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.
2. Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.
3. Parte-hartzaile bakoitzak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, emailez atxikitako dokumentuan:
a) Idazlearen curriculum laburra, orri batean, argitara emandako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere.
b) Idatzi nahi duen lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz; hala nola, gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera, estiloa…
c) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa.
4. Proiektuak 2018ko abenduaren 10 arte bidal litezke helbide honetara: artxiboa@deba.eus
5. Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Aitor Zuberogoitiak osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2019ko urtarrila amaitu baino lehen.
Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.
6. Bekako diru-kopuruaren erdia izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera hain zuzen ere.
7. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua antolatzaileei helarazteko. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.
8. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenkiro kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.
9. Diru-laguntza jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezin izango du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez ondotik, argitaratu osteko sariak izan ezik.
Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.
10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, epaimahaikoei dagokie erabakitzea, eta, epaimahaikoek egin ezean, antolatzaileek erabakiko dute.
ELKAR TALDEKO AURKEZPEN ETA SINAKETAK, ABENDUAK 9
Francisco Panera
12:00 – Sinaketa Elkar banaketako standean
Alaitz Liceaga
12:00 – Sinaketa Elkar banaketako standean
Txema García eta Ramon Zallo
12:00 – Aurkezpena areto nagusian
12:30 – Sinaketa Txertoako standean
ELKAR TALDEKO AURKEZPEN ETA SINAKETAK – ABENDUAK 8
Uxue Alberdi eta Eider Eibar
11:30 – Sinaketa Elkar Argitaletxearen standean
13:00 – Aurkezpena Saguganbaran
Gaizaka Arostegi
12:00 – Sinaketa Elkar Argitaletxeko standean
Fernando Palazuelos
12:00 – Sinaketa Txertoako standean
Lehen maitasunaren dardara ke arteko egunetan…
Garbiñe Ubedaren eskutik datorkigu Lekukoa sailaren lehengo liburua: Sasieskola. Ubedaren lehenengo eleberria da eta neska gazte baten begietatik birsortu du egileak 80. hamarkadako istorio hau. Bere hitzetan, “sailak ez dakar autobiografia izpirik, baina esperientziatik kontatuta dago, Larraitz protagonista bezain galduta, amorratua eta bakartua sentitu nintzelako neu ere, hamasei urte nituenean”.
Honatx liburuaren sinopsia: Ostegun buruzuri bat da eta Larraitz, institutuan piper eginda, mendi aldera joan da, Martinekin, ezagutu orduko bihotza taupaka jarri zion mutilarekin. Askatasun gose eta egarri da eta prest dago dena atzean uzteko. Euren arteko maitasunean sinetsita dago. Baina bizitza itzulipurdikatuko zaio, han mendian, hilketa baten lekuko isila izango delako. 1984 urtea da eta biharamunean honela jasoko dute egunkariek berria: “Mueren tres terroristas en un tiroteo”. Ke arteko egunak dira Euskal Herrian. Bizitza benetan irauliko diona, ordea, Martinen abandonatzea izango da, babes eman beharrean, bizkarra emanez. Sentimendu eta emozio zurrunbilo horretan, konplize bakarra aurkituko du Larraitzek.