Louisianako abeslariaren lan berria disko luzea da, 100 minutu baino gehiago irauten du. Eta ez dago minutu bakar bat ere soberan. Lehenengo abesti akustiko biluzia (lanari izenburua ematen diona, bere aitak idatzitako poema batean oinarrituta) eta diskoari amaiera ematen dion azkenaren artean (JJ Cale-ren bertsio zoragarria) Williams-ek emozioz betetako kantu sorta aberatsa eskeintzen digu: countrya, bluesa, soula, folka eta rock & roll zuzena maisuki nahasiak. Bere ahots urratuari talde bikain baten laguntza gehitu dio ekoizpen garbi eta trinkoa gauzatzeko, kitarra solo anitzez eta melodía gozagarriez zipriztinduta.
Esan ohi da Townes Van Zandt-en musika entzutera bazoaz, bihotza apurtuko dizun arriskua kontutan izan dezazula, bere letrak hain dira tristeak. Texaseko maisuek ohi duten moduan, Williams, damuaz, desamodioaz, galdutako aukerez zein itxaropenaz dihardu bere kantuetan. Eta galdera da: nola lortzen du halako edertasuna suntsiketaren hondakinetatik? Hori izango da benetako artelanaren misterioa.
Nire ustetan Lucinda Williams-ek dagoeneko Bob Dylan edo Joni Mitchell handiek ongi irabazitako ohorezko maisuen statusa erdietsi du. Ez galdu emozioz betetako perla ahaztezin hau entzuteko aukera.
Iaz Donostiako Udalak, Donostia Kulturaren bidez, Adarra saria sortu zuen euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bat omentzeko. Lehen edizioan, 2014an, saria Mikel Laboaren sorkuntza-lanari eta jeinuari eman zitzaion. Aurten, berriz, Ruper Ordorikari ematea erabaki du aholkularitza batzordeak, aho batez.
José Antonio Echeniquek, Jon Eskisabelek eta Agurtzane Aizpuruk osatutako aholkularitza batzordeak arrazoi hauek hartu ditu kontutan, besteak beste: “Ruper Ordorikak bere estiloaren berezko modernotasunari eta proposamen musikalari ibilbide luze eta emankorra gehitzen dizkio. Ibilbide horretan, Ruperrek, Euskal Herriko abangoardiako artistekin ez ezik, beste jatorri eta tradizio batzuetako lehen mailako artistekin ere grabatu eta partekatu ditu proiektuak. Ohikoa da Ruperrek jazzeko eta rock garaikideko artista amerikarrekin elkarlanak egitea eta diskoak ekoiztea. Era berean, Ruper Ordorikak euskal kantutegiaren zati garrantzitsu bat berreskuratu eta eguneratu du, bai bere izenean eta bai kolektiboki partaide izan den proiektuen bitartez.” (Irakurri +)
Aguxtin Alkhat – Haizeen meneko
2013.eko martxoan 6 kantuz osatutako IHES EGIN izeneko disko harrigarria aurkeztu ondoren, eta pasa den urtean ELKAR Estudioko Sesioetan parte hartu eta gero, aurtego udaberrian disko luzea argitaratuko du Nafarroa Behereko Heleta herriko Aguxtin Alkhat-ek ELKAR zigiluan.
Familiaren magaletik jaso du zuzen-zuzenean Aguxtin-ek tradizioaren indarra, Ernest bere aitarengandik batik bat. Bere lengoaia musikala pop-rockean oinarritzen duen arren, muinean Iparraldeko kantagintza lirikoaren ondorengoa da Heletako kantaria, kantu ederrak bezain hurbilak konposatzeko eta, bera talde eraginkorraren laguntzarekin, interpretazioan berezko nortasun eta estiloa erakusteko.
Amaiur plaza taldean, eta Sokaide taldean geroago, urtetan aritu ondoren, Karratura izeneko hau Naroa Gaintzaren proiektu berria dugu. 2014ko negua eta udaberria bitartean Asier Ercilla teknikariarekin Bilboko Balea estudioan grabatu da, eta bertan David Nanclares musikaria eta ekoizlea, David Gorospe bateria jolea, Mandoilek taldeko Igon Olaguenaga ahotsean eta Eunate Vilches biolinean, besteak beste, izan dira lagun. Bakarkako disko bat izan arren, rock and roll banda baten kontzeptuari heldu dio, elementu gutxirekin bada ere, rock talde on batek asko eman dezakeela erakutsiz. Une intimoak daude, pasarte indartsuekin kontrastatuak. Mugaldeko gitarrak, psikodelia eta underground ukituak, hamaika kantu, hamaika lagun, hamaika doinu, hamaika erritmo, hamaika istorio eta milaka sentsazio biltzen dituen diskoa deskubrituko du entzuleak.
Amaiur taldea, Sokaide… urte mordoa eman duzu plaza taldeetan kantatzen. Zer suposatzen du une honetan zure kantuekin proiektu berri hau aurkezteak?
Ilusioa, ardura, jakin-mina, beldurra, zerotik hastea… hori dena eta gehiago. Amaiur taula gainean hazten zen piztia zen, erromeria talde indartsua nortasunez betea, konpaktua eta zuzena, dena irakatsi zidan eta dena eman nion. Baina dabilenak badaki noiz hasi behar duen bere bidea, batzuetan bakarrik, zaila bada ere, eta urteetan idatzitako esaldiak kanta bihurtu nituen, pianoa afinatu eta jotzeari ekin nion berriz ere. Nire indar guztiak utzi ditut bertan, paperetik ahora.
Zeri kantatzen diozu Karratura izeneko zure lehen disko honetan? Zein dira zure kezkak?
Kanporatzen dut nire barruan zama suposatzen duena, ahulezia ematen didana, hauskorrago bihurtzen nauena… Azalekoa alboratuz hasten naiz idazten eta indarberriztuta ateratzen naiz kantu bakoitzetik, nire buruari aukera berri bat emanez.
Gai zintzoak dira, gertukoak; maitasunik gordinena, herri honek pairatzen dituen bidegabekeriak, momentu on-onen sentsazioak… bizitzea tokatu zaigun Eroen aro honek eskaintzen dizkigun tematikak, batik bat. (Irakurri +)
Dionisio Cañasen poema batetik hartu du Ruper Ordorikak disko berriaren izenburua, Lurrean etzanda. Bizitzak eskaintzen dituen gauza ederrez gozatzeko –adiskidetasuna, maitasuna, natura…– eta haren ifrentzuarekin –gizaki ororen zalantzak, ikarak…– elkarbizitzen jakiteko gonbita dira Ordorikaren kantuak.
Arreta deitu dit azken hiru diskoen izenburuek naturako erreferentziak dituztela (haizea, hodeiak, lurra). Horrek, eta hirurek nolabait gordetzen duten batasun tematikoak, trilogia bat osatzen dutela pentsatzera eraman dezake.
Ez da nire asmorik izan, ez daukat horrelako ahalmen taktikorik, baina beste aldera esango nizuke baietz, azken urteetan beste esparru batean sartzen ari naiz kantugaietan, eta litekeena da egotea horrelako harreman bat… Polita da esaten duzuna. Niretzat natura da umeak marrazten duen orriaren alde hori, non agertzen den zeru bat, eguzki bat, mendi bat… hori da da gure kantuak bizi diren tokia.
“Hemen dago, heldu da eguna, pozik izan, heldu da”, dira diskoko lehen hitzak. Aurreko diskoetan bezala, bizitza berri bat hasi duenaren lilura islatzen da kantu askotan, bizitzaren ospakizun neurtu eta sosegatu bat.
Ez dakit nori entzun diodan berriki esaten ezkor izateari utzi egin diola harik eta sasoi hobeak iritsi arte. Nik ere garai hobeetarako utzi dut pesimismoa. Sasoi oso ilunetan ez zait ateratzen horretan sakontzea. Orain badugu aski kezkarik inguruan. Aspaldian ari naiz hain logizistak ez diren testuen atzetik. Eta musikan, berba jakin bati hain lotuak ez diren giroen atzetik. Hitzari doinua gehituz gero halako zoriaz sortzen den hirugarren gune baten bila nabil, barruko gauzak esan ahal izateko. (Irakurri +)
Berri Txarrak taldearen Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitz berria gaur kaleratuko da. Talde nafarraren 20 urtetako ibilbidea elkar-ek ere ospatu nahi izan du, eta horregatik hainbat elkar aretotara gonbidatu dugu talde ezaguna; zehazki hiru elkar aretotan izango dira Gorka Urbizu, David González eta Galder Izagirre taldekideak. Bertan, azken disko hirukoitz honetako lagin akustiko bat eskainiko dute, eta ondoren, diskoak sinatzen izango dira.
Gasteiz (San Prudencio 7)
18:30
Iruñea (Comedias)
18:30
Baiona (Arsenal plaza)
18:30