Alaine Agirre eta Jasone Osororen eskutik “Harrak berbetan” literatur saioa

2016ko maiatzaren 6an, Donostia Kulturak antolatzen duen Literaktum literatura jardunaldien baitan, Harrak berbetan estreinatu zen. Alaine Agirre eta Jasone Osororen arteko elkarrizketa-formatua izan zuen, eta lehenengo saio horretan Jasonek Alaine elkarrizketatu zuen. Izan zuen harrera ikusita, saioaren ibilbidea luzatzea pentsatu zuten. Hala, egiten den lekuaren arabera moldatuko dute saioa. Bi egileen arteko elkarrizketa izango da, X hil da eta 12etan bermuta liburuak ardatz hartuta, baina baita bestelako gaiak ere, emakume izatea, literatura, askatasun pertsonala, erreferentzia musikalak eta literarioak, adikzioak… Inprobisazioari eta probokazioari lekua utziz, hitzak, musika azalduko dira ikuskizunean, eta bi egileek beraien testuen irakurketa ere egingo dute.

Oraingo honetan Bermeora doaz Osoro eta Agirre, eta, berba egiteaz gain, jolastu ere egingo dute: Harrak berbetan eta olgetan izango da, beraz, idazle emakume bien arteko hau. Solasaldi mamitsua baina ez horregatik aspergarria; elkarrizketa erdi-prestatua, erdi-inprobisatua, baina ez horregatik zurruna. Bermeoko andreak eskandalizatzea erraza ez dela dakiten arren, saiatu, saiatuko dira. Liburuak irakurri gabe izanda ere, aukera ederra literaturaz, bizitzaz, maitasunaz eta pasioaz berba egiteko. Datorren barikuan, martxoaren 3an, 19:00etan, Bermeoko Udal Liburutegian.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario