Elkar argitaletxeko udaberriko nobedadeak

Elkar argitaletxea buru-belarri ari da lanean argitarapen berriak kaleratzeko. Dagoeneko udaberri honetako nobedade zerrenda zehaztuta du, eta datorren astean  hasiko da liburu berri horiek aurkezten; lehena Kattalin Miner-en Nola heldu naiz ni honaino liburua izango da.

HELDUENTZAKO LITERATURA

LITERATURA
Nola heldu naiz ni honaino – Kattalin Miner (Igartza Saria)
Nobela
Kaleratze data: otsailak 16

Enpresan mailaz eta soldataz igotzea, herentzia bat jasotzea, etxe bat erosi ahal izatea, lagun ugari edukitzea… Arrakastaren laukitxo guztiak beteak ditu Jezabelek, argi du zer nahi duen bizitzan eta zirt-zart hartu ohi ditu erabakiak. Halako batean, ordea, txikikeria batekin paralizaturik geratuko da.

 

 

Koadernoa zuri – Arantxa Iturbe
Nobela
Kaleratze data: martxoak 9

Bi ahizpa, urtetan elkar ikusi ez dutenak, bat-batean amaren heriotzak berriro elkartu dituen arte. Asko dute batak besteari esateko, urrun egon diren bitartean bakoitzari gertatu zaizkionak, eta baita lehenagotik nork bere kolkoan gordetakoak ere. Otzan eta esanekoa izana da bata, errebelde eta lotsagabeagoa bestea, ama estu eta zurrunaren alabak biak ere.

 

Gelditu zaitezte gurekin – Ana Malagon
Ipuin bilduma
Kaleratze data: martxoa

Bere bigarren ipuin-liburuarekin datorkigu Ana Malagon. Lehenbizikoan mikroipuinen maisu gisa nabarmendu bazen, oraingoan istorio luzeagoei ekin die, hamalau guztira, gai-sorta zabala ukitzen dutenak baina oro har bakardadearekin, komunikazio faltarekin, izandako espektatibak ez betetzearekin zerikusia dutenak.

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama  – Alaine Agirre (Joseba Jaka Saria)
Nobela
Kaleratze data: apirila

“Odol mamituak” eta “X hil da” nobelen ondotik, hirugarren honek ziklo bat itxi nahi luke. Amarekiko harremanak aztertzen ditu narratzaileak bertan, batzuetan gozo besteetan garratzak, maitasunez eta gatazkaz beteak. Amagandik hasita, baina, familia osoa hartzen du begipean kontalariak, haiek guztiek eta harekiko erlazioak egin dutelakoan bera den bezalakoa.

Alexix Zorba greziarra – Nikolas Kazantzakis. Itzulpena: Luis Berrizbeitia
Nobela
Kaleratze data: maiatza

Literatura greziar modernoaren egile gorentzat daukagu Kazantzakis, eta haren eleberri ospetsuena da “Alexis Zorba greziarra”, baita XX. mendeko literaturako maisulan zalantzarik gabea ere, film mitiko bati esker munduan barrena ezagun egin zena. Bizitzari egindako gorazarre bat, Luis Berrizbeitiak bere talentu bereziaz euskaratu duena.

ATEKO BANDAN
Politika zikina- Iñaki Irasizabal

Nobela 
Kaleratze data: apirila

PSEko zinegotzia da Marta, eta bere mutil-lagunak konbentzitzen du alderdiko primarioetara aurkez dadin, alkategai izateko. Horrek, baina, lehen lagunak zituen asko etsai bihurtzea ekarriko dio, eta komunikazio-estrategietan trebatu beharra, bai alderdi barruari bai gizarteari begira. Mutil-lagunak berak zuzenduko dio kanpaina, baina bikoteak baditu bere arazoak ere. Bere ohiko nobela beltzak alde batera utzita ere, gizarteari begi zorrotz eta umoretsuz begiratzen jarraitzen du Iñaki Irasizabalek.

Telleria eta gero, zer?  – Ernesto Prat Urzainki
Nobela beltza
Kaleratze data: maiatza

Baztango plan urbanistiko erraldoi baten bueltan, hainbat pertsonaia eta gertakari nahasten dira eleberri beltz honetan: sekta ultrakatolikoak, kontrabando arkeologikoa, momia egiptoarrak, psikiatrikoko gaixoak rock kontzertuak eta, batez ere, protagonista ahaztezin bat: Lurra, neska bizizale eta urduri bat, Baztan bukolikoaren irudia zapartatzera datorrena.

IPARLUMA
Frantziara bizitzera! – Maddi Zubeldia

Eleberria
Kaleratze data: martxoa

Sei urteko Anak Frantziako Mesozera bizitzera joatea argitik itzalerako bidaia bezala bizi du. Ilunpe horretan badu izpi ederrik, halere: aitaren hitz-joko zoragarriak, Danièle lagun-mina, eta, batez ere, barne mundu ezin aberatsagoa. Ana ez baita edozein neskatxa. Amets-bidaiak egiten ditu, eta bertan sekretu harrigarriak azaleratzen, emeki-emeki.

LEKUKO
Gerrak ez du emakume aurpegirik – Svetlana Aleksievitx
(Literaturako Nobel Saria, Jokin Zaitegi itzulpen Saria). Itzultzailea: Iker Sancho
Kronika

Svetlana Aleksievitx idazle bielorrusiarraren liburu goraipatuena dugu hau: II. Mundu Gerran borrokan ibilitako emakumeen testigantzak biltzen ditu bertan, normalean historia-liburuetan inoiz jaso ez diren istorioak, kazetari-sen zorrotz eta xehetasunetarako sentiberatasun apartaz. Fikziotik aparte, baina literaturaren tresnak erabiliz. Erreportajearen generoari eman zaion lehenengo Nobel saria, Jokin Zaitegi bekari esker euskaratu du Iker Sanchok, errusieratik.

Euskal Herri itsastarra. San Juan baleontzitik / Euskal Herria Marítima. A la vista de la nao San Juan – Jon Maia
Kronika
Kaleratze data: martxoa

San Juan baleontzia Pasaian eraiki zuten XVI. mendean, 1563. urtean zehazki. Gaur egun, munduko urpeko ondarearen ikurra da ontzia, UNESCOk hala izendatuta. Euskal Herriko itsas historiaren handitasunaren froga bizia da itsasontzi hau. Liburu hau gure izaera itsastarraren ikuspegi berri bat ematera dator. Itsasoari begira bizi zen Euskal Herria ezagutarazi nahi du, mundu mailako ekarpenak egin dituen itsas herria azaleratuz eta itsasoa gure izaeraren nahiz garapenaren erdigunean kokatuz. Ziur gaude, irakurri eta gero, beste talaia batetik begiratuko diozula munduari zein gure herriari.

Ekaitzaren zipriztinak –  Miren Garate (Tene Mujika Saria)
Kronika

Krisiaren aurpegi desberdinak erakutsi nahi izan ditu Miren Garatek erreportaje sorta zabal honetan: 2008 inguruan hasitako krisi ekonomikoak guztion bizitza aldatu duela esan liteke, aldi txar igarokor bat baino gehiago, mundua eta harreman ekonomikoak aldatu dituen ekaitz iraunkor bat izan dela. Aldaketa horren hainbat alderdi aztertzen dira liburuan: emigrazioa, gizon-emakumeen arteko (des)berdinatasuna, ekintzailetza deitu ohi zaiona, finantza-produktu ustelek harrapaturik geratu direnak, etxe-kaleratzeak, janari-bankuak, enpresako mobbinga, jubilatuen egoera gero eta kaxkarragoa, xenofobia… Gai horietako bakoitzean, protagonista batek lehen pertsonan eskaintzen du bere lekukotasuna, eta ondoren kazetariaren erreportaje landua dator. Proiektu honi esker historia hurbila ikertzeko Tene Mujika saria beka irabazi zuen Miren Garate kazetari azpeitiarrak.

EZTABAIDA
Hizkuntza, Nazioa, Estatua
Joxe Azurmendi Otaegi

Saiakera
Kaleratze data: otsailak 28

Hizkuntza, Nazioa, Estatua kontzeptuei eta haien arteko harremanei buruz hausnarrean jarri da Joxe Azurmendi, ez erudiziozko saio akademiko bat egiteko, baizik eta gaiaz interesa dutenekin elkarrizketa sustatzeko; ez polemika bilatuz, baina eztabaidari ihes egin gabe; historiaren argitan, baina etorkizunari begira. 

 

 

ESKAFANDRA
King Kong teoria – Virginie Despentes
Itzulpena: Itziar Diaz de Ultzurrun
Saiakera
Kaleratze data: apirila
Argitaratzaileak: Jakin + Elkar

Feminismoaren liburu giltzarriak euskaratzeko bilduma honen barruan, Angela Davisen ondoren dator Virginie Despentes-en “King Kong teoria”: feminismo liberal edo azaleko baten aldean, aldarrikapen erradikalago bat dakarren testu bortitz eta indartsua, saiakera eta autobiografia elkartzen dituena, itsustasunetik idatzia eta hainbat gai polemiko jorratzen dituena, hala nola bortxaketa, prostituzioa edo pornografia.

BILDUMAZ KANPO
Euskal Herriko etxeak  – Jone Lizarralde.

Ebakitzeko maketak
Kaleratze data: martxoa

Ebakitzeko maketa hauekin, paperezko Euskal Herriko hainbat etxe esanguratsu osa daitezke, besteak beste, Hondarribiko Arma plazakoa, Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazakoa, Mundakako Santa Katalina baseliza edo Larraineko frontoia.

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

BATELA
Hodeietan – Xabi Arnal 

Ipuina (Lehen irakurleak)
Kaleratze data: apirila

Galaxiako ume zoriontsuena zen, Txoria eta Txakurra berarekin izan zituen bitartean. Baina zorigaiztoko goiz batean, bi lagunak galdu egin zituen, izan ere, Txoria eta Txakurra ez ziren maskotak, lagunak baizik.

Eta sagarrondoa banintz? – Paddy Rekalde 
Ipuina  (Lehen irakurleak)
Kaleratze data: apirila

Anartz ikaratuta dago: sagarra jaten ari zela, haziak jan ditu eta gogoratu da eskolan irakasleari entzun diola hazietatik sortzen direla landare berriak. Anartz beldur da sagarrondo bat ez ote den bere baitatik sortuko.

KUKU
Ixon – Ana Jaka 

Ipuina
Kaleratze data: apirila

Ion du benetako izena, baina Ixon deitzen diote beti isilik egoten delako, halako batean, hitz egitea ere ahaztu duen arte. Etxetik joango da orduan, eta abentura harrigarriak ezagutuko ditu gero, basoan topatzen dituen rock musikari batzuen eskutik.
 

XAGUXAR
Munstro txikiak 1. Hagintxoren tripako mina – Xabier Mendiguren + Alaine Agirre / Belatz
Ipuina. (8 urtetik aurrera)
Kaleratze data: apirila

Bost dira munstro txikiak: Hagintxo, banbiro txikia; Mamutxo, mamu txikia; Frankitxo, gorpu-zati desberdinez osaturiko izaki mekanikoa; Neskaotso, otso-gizaki txikia; eta Sorgintxo, sorgin txikia. Munstroen eskolako irakaslea, berriz, Andereño Herminia da, Magoen Eskolan ikasitakoa. Munstro txikiek hainbat abentura bizi izango dituzte; lehenengo ale honetan, Hagintxo, bere odol-dieta utzi eta baratxuri ugari duen allioli saltsa bat jateagatik gaixotu egingo da, hiltzeko zorian geratu arte…

Armiarmak parapentean – Maribel Aiertza / Jokin Mitxelena
Ipuina. (8 urtetik aurrera)
Kaleratze data: apirila

Gabriela eta Abelardo armiarmak Kukulu mendi gainera igo eta parapentean jaitsiko dira hirira. Gain hartatik ikusten den eraikuntza biribil-biribil batean geratu dira, baldin eta nahastu eta bidean galtzen badira. Eta hori bera gertatuko da. Elkar ikusi arte, abentura handiak eta  biziko dituzte biek ere.

Astroak gara – Pello Añorga / Mikel Valverde
Ipuina. (8 urtetik aurrera)
Kaleratze data: apirila

Arrosa, Joxe eta Banba gelako lagunik onenak bihurtuko dira. Gelara Banba iritsi zenean hasi zen dena. Izan ere, haien herria txikia da eta ordura arte ez zuten euren artean haur afrikarrik izan.  

Pikondoaren balada (Lizardi Saria)Leire Bilbao / Maite Mutuberria
Ipuina. (10 urtetik aurrera)
Kaleratze data: apirila

Osaba Lukasek etxe ondoko pikondoaren adarretan pasatzen du eguna, liburuak irakurriz, etxekoekin hitz eginez eta kanta zaharrak abestuz; gerra iristen denean ere, bertan ezkutaturik geratuko da, armei uko eginda, halako batean, sekula gehiago arbolatik ez jaistea erabakitzen duen arte. Istorio eder eta hunkigarria, Martiña ilobak kontatua.

TAUPADAK (13 urtetik aurrea)
Hitz zaurituak Jordi Sierra i Fabra. Itzulpena: Xabier Aranburu
NobelaKaleratze data: martxoa

Li Huan soldadua presondegira bidali dute. Gobernuaren presondegi gogorrena da, erregimenarekiko disidente politikoak daude bertan. Oso ondo idazten eta irakurtzen dakielako bidali dute Li Huan bertara, eginkizun berezi bat duela: aurrerantzean presoei gutunak idazteko baimena eman beharko zaie. Zentsore lana egitea egokitu zaio berari.

Elurraren formula Bertol Arrieta
Nobela
Kaleratze data: martxoa

Aita-alabek eguna pasatu dute Aralarren, elurretan. Etxerakoan, elur-bola handi bat egin du alabak, amari eramateko, egunaren oroigarri, nahiz eta arrisku handia duten etxera iristerako dena urtu eta ur putzu bat besterik ez topatzeko. Paraleloan, gurasoen arteko bikote-krisiaren berri jakingo dugu, eta elur bola hori onik iristea maitasunaren iraunkortasuna lortzearen metafora dela ematen du…

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario