“Nora goaz euskalduntasun honekin?” liburuaren laburpena 23 ideiatan

Joxe Manuel Odriozolak Nora goaz euskalduntasun honekin? (Elkar) liburua kaleratu berri du. Hizkuntza, kultura, identitatea, nazioa, elebitasuna eta kultura-bitasuna, diglosia, ideología, hegemonía, folklorizazioa… hainbat kontzeptu jorratzen ditu Odriozolak, hango eta hemengo autoreen aipuetan oinarrituta, zorroztasun intelektuala eta herrien aldeko jarrera militantea uztartuz.

Autoreak 23 ideiatan laburtu du lan berri hau:

– Liburu honetan azken hamarkadetan EAEn aplikatu den hizkuntza politika aztertu nahi izan dut nazionalismoaren teoriko batzuek landu dituzten tesien argitan.

– Eusko Jaurlaritzak indarrean daukan hizkuntza politikak sortu duen euskalduntasunaren gabeziak azaleratu nahi izan ditut.

– D ereduaren emaitza txarrak izan ditut akuilu, EAEn akademikoki ikasi bai baina euskara oso gutxi erabiltzen den hizkuntza delako.

– Ebidentzia soziala da D ereduak sortu dituen belaunaldi euskaldunen euskalduntasunak ez duela funtzionatzen; edo, hobeki esanda, euskarak eskolako hizkuntza akademiko formal gisa baizik ez duela funtzionatzen.

– Sortu dugun euskalduntasunak ez du balioa euskara normalizatzeko, ez du erabilerarik sustatzen eta bermatzen, ez du ikasleen euskal identitatea garatzen, ez du balio euskaraz bizitzeko.

– D ereduko ikasleen euskalduntasunak oinarrizko bi eskakizunetan huts egiten du: a) batetik, ez ditu behar adinako gaitasun komunikatiboa (erraztasuna) duten hiztunak sortzen; eta, bestetik, eskolak sortzen dituen erdal elebidunen identitate eta atxikimendua ez da euskaltzaletasunean oinarritzen.

– Beraz, eskolaren bidezko euskalduntzeak euskararen transmisio akademiko formala bermatzen du, baina, euskal curriculum nazionalik aplikatzen ez denez, euskaldun berrien euskalduntasuna axaleko kontua da.

– Arnasguneetako eskola-umeak dira idatziz eta ahoz euskara garapen-maila egokian bereganatu duten bakarrak, nahiz eta hauengan ere eskolaz kanpo idatzizko kultura-hizkuntza erdara izan gehienbat.

– Gure gurasoen euskalduntasuna diglosikoa zen, ahozko kulturan oinarritua; gaurko euskalduntasuna, berriz, erdal elebidunen gainean eraikia dago eta erdararen eskaleak bihurtu ditu euskaldunak.

– D ereduak ez du euskal elebidunik (euskara hizkuntza nagusia duenik) sortzen erdara nagusi den eremuetan, salbuespenak arnasguneetako ume eta gazteak dira; bizitza euskaratik eta euskaraz egiteko gai diren bakarrak euskara galdu ez den herrixka txikietan daude, edo euskaltzale militanteen ardura pertsonala izan ohi da euskaraz alfabetatu eta kontzientzia hartzea.

– Erdal elebidunek (erdara hizkuntza nagusia dutenek), salbuespenak salbuespen, erdal elebakarren antzeko praxi linguistikoa dute, eta jokabide hori ulergarria da zentzu batean: hiztun hauek ez dira euskaldun sentitzen ez gaitasunez (erraztasunez) ez identitatez (sentimenduz).

– Euskaraz alfabetatu gabeko euskalduntasunak ondo funtzionatzen zuen garai batean funtzio lokal informaletan (etxean, auzoan, lagunartean…); gaurko euskalduntasunak funtzio guztietan huts egiten du, jarduera akademiko formaletan izan ezik.

– Nazionalismoaren teoriko batzuek darabilten terminologia geureganatuz, euskalduntasun etniko edo etnokultural gisa definitu dugu gaurko euskalduntasun eredua; funtzio nazionalak zinez betetzen ez dituen hizkuntzaren estatusari dagokio definizio hori.

– Gaur nagusi den euskalduntasun etnokultural diglosikoak euskal hiztun hauskorrak sortzen ditu, bere euskal nortasunean sinesten ez duten hiztunak dira, euskara utzi eta erdarara erraz igarotzen diren nortasun linguistikodunak.

– Euskarak ez du gizarte eta kultura soziologiko moderno nazional baten hizkuntza gisa funtzionatzen, bi erdarak ditugulako funtzio hegemoniko horren lekua okupatzen dutenak.

– Euskal kulturan badaude sormenezko kultur adierazpide moderno eta homologagarriak, baina euskarak ez dauka gizarte garaikidea artikulatzen duen kultura soziologiko nazionalik.

– Hizkuntza nazionalaren funtzio hegemonikoetatik erabat baztertua dagoen hizkuntza da gure nazio-hizkuntza; onik onenean, ahozko kultura soilean oinarritzen diren euskal komunitate lokal etnikoak kohesionatzeko balio du, zenbait arnasgune geografikotan bezala.

– D ereduan bezala euskarak funtzio formal hegemoniko batzuk bereak dituen arren (EITB, administrazioaren atal batzuk…), hizkuntza etnokultural subordinatu baten modura funtzionatzen du euskarak EAEn.

– Bi erdarak ditugu benetako nazio hizkuntzak gurean, hauek eratzen eta kohesionatzen dituztelako gizarte nazional hegemonikoaren harreman-sareak; aldiz, euskara komunitate erregional etniko baten mintzabidea da funtsean.

Bukatzeko:

– D ereduaren porrota, noski, testuinguru soziolinguistiko zabalean interpretatu behar da, eskolaren euskalduntze-eragina gizartearen beste esparruetan egiten den hizkuntza-politikarekin erabat loturik dagoelako.

– Eusko Jaurlaritzaren naziogintza funtsean naziogintza erdaldun eta espainola izan da sortu zenetik; beraz, D ereduak ezin dio botere publiko eta botere faktiko espainolen presio soziolinguistiko erdaldunari aurre egin.

– Euskalduntasuna ez da kontu linguistikoa hutsa, eduki eta mami politikoa dauka, eta euskalduntasun nazionala garatzen ez duen hizkuntza-politika espainolismo linguistikoaren morroi da, azken hamarkadok erakutsi duten moduan.

– Nazio eraikuntza euskaldunik gabe euskarak eta euskararen herriak ez daukate etorkizunik; egungo dinamika soziolinguistikoak ez du euskalduntasun etnokultural edo diglosikoa sortzeko baizik balio, eta, itxura guztien arabera, hizkuntza-politika autonomikoak aurrerantzean ere ez gaitu mendean hartuak gaituen egoera honetatik aterako.

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario