Xabier Leteren hegiak, antologian

Koldo Izagirrek Xabier Leteren obra poetikoa batu du Elurra ikusi dut izenburupean. Poema eta kanten bilduma kronologikoaz gain, autorea ezagutzeko baliabide gehiago ere badakartza antologia honek: biografia, nabigazio tematiko ebolutiboa egiteko aukera eta Xabier Lete ulertzeko saiakera artikulua.

Xabier Leteren ahotsa –naturala nahiz grabatua–  ezagutu zuenari, ekidinezina gerta dakioke galdera: bereiz al litezke kantagilea eta poeta? Izan ote litezke poemak kanta eta kantak poema? Halaxe dio Elurra ikusi dut-eko hitzaurreak: “Zenbait batzuek pentsatuko dute Xabier Lete poeta dela, agian, kantu nostalgikoak dauzkalako. Bestetzuek uste lezakete, agian, poema antologia batean ez dutela lekurik kantuek…”.

Zaila da kantagilea eta poeta bereiztea, baina ez dago Bob Dylanen eta literaturaren Nobel sariaren polemikara makurtu beharrik, poesiaren eta kantuaren arteko aldagarritasun horixe bailuke Letek, baliorik preziatuena. Koldo Izagirreren hitzetan, “poetek eta bertsolariek oro har ez duten herri kutsua du kantu-letrak egiteko, eta kantagileek oro har ez duten kutsu lirikoa du poemak egiteko”. Are. Kantak ala poemak izan, “bilakaera berdina antzematen da, bai gaietan, bai eta estiloan ere”. Horra hor, osotasun berean hartzeko taxuzko arrazoi bat.

Poemak –edo kantak– hurrenkera kronologikoan datozen arren, “antologia dialektiko bat” ere proposatzen du Izagirrek Leteren ur sakonetan murgiltzeko, hau da, “nabigazio tematiko eta ebolutibo bat”, poema bakoitzari alboan erantsi zaizkion erreferentziei esker. Hartara, kronologia linealari baitezpada jarraitu behar izan gabe, gai edo alegoria jakin bati segika egin liteke denboran atzera edo aurrera; halaber, ideiaren edo formaren eboluzioa alderatu, poemarik poema jauzika.

Baina zer da antologia, autorearen figuraz eta obraz daukagun ideia aberasteko tresna ez bada?

Xabier Leteren antologia honek, ikuspegi orokorra ez ezik, autorearen biluztasun totala dakar. Epilogoan bereziki, Izagirrek mitoaren oskola apurtuko duen mailua jarriko dio eskura irakurleari. Eta era berean, Leteren obra, izatekotan, bere testuinguruan epaitzeko edo balioesteko motiboa: 

“… behar genituenak eman zizkigun hamabost hamasei hamazazpi urteko ginenoi, kezka soziala, herri izatearen kontzientzia, maitasun galdua, heriotza, ezinezko zoriona, zanpaketa. Eta tristura, euriak eta lainoak eta egunerokoaren grisak ekarria, zeinen garrantzi handikoa tristura nerabeontzat, tristura eraginkor, tristura sortzaile hura, idaztera, margotzera, protestatzera, gitarra jotzera jarri gintuena. Arestik definizio batzuk eman zizkigun, Letek gandua zekarren, jakintsuagotu egin behar gintuzkeen zalantza orokorra”.

 

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario