Uxue Alberdi: “Jende gutxirekin konpartitutako ideiak garatzeko aukera eman dit fikzioaren distantziak”

Argazkilaria: Jonathan Mccallum

Nagore Vargas du pertsonaia nagusi Uxue Alberdiren Jenisjoplin (Susa) eleberriak, haurtzarotik molde askotako borrokatan eta disidentziatan zaildutako neska gaztea. Ziurtasun dogmatikoetatik urruti, gai askoren inguruko pentsagaiak zabaltzen dituzte hala Nagoreri gertatutakoek nola Nagorek gertatzen zaizkion horiei emandako erantzunek.

“Arima otxenteroa” duela dio Nagore Vargasek, nobelako protagonistak. Borrokalaria da (“Borrokan bizirik sentitzen naiz”, dio; “bakean, hilda”), baina ez soldadu baten antzera, disidente petoa baita, errebeldea. Zerk bultzatu zaitu horrelako pertsonaia bat sortzera?

Haurtzaroko baldintza makurrek eraginda identitate gotorra eraiki behar izan duen pertsonaia sortu dut, errebelde bat: Nagore Vargas Espainiako migratzaile ezkertiarren ondorengoa da, tabernarien alaba, klase-kontzientzia eta zapalduaren identitatea bereganatzen dituena txikitatik. Langile-auzo bateko kaleetan eta gurasoen taberna otxenteroan iniziatuko da eta oso gazterik hartu beharko ditu heldu bati legozkiokeen ardurak eta erabakiak. 80ko eta 90eko hamarkadetako krispazio-giroak bat egiten du Nagoreren egitura emozionalarekin: justizia-grina du, biolentziarako predisposizioa, autoritatearen kontrako jarrera, gainezka egindako amorrua, arbasoak mendekatzeko premia… Baina, gutxien espero duenean, goitik behera amilduko zaio bere buruaz sortu duen irudia, identitate zaharrak hondamenera baino ezin eraman dezakeela ohartuko da, eta berriro marraztu beharko ditu klasearen, aberriaren eta sexuaren koordenatuak. Identitatearen berrasmatze prozesu bat da Nagorerena, gorputzari lotua, oso intimoa eta, aldi berean, Euskal Herriaren ibilbide identitarioaren ispilu izan daitekeena. 

Hiesak presentzia handia du nobelan. Arrasto sakona utzi badu ere, nahiko ahaztua den gaia da, baina zuk gogoeta-hari asko zabaltzeko baliatu duzu nobelan.

Gure haurtzaroan ez zegoen beste gairik herrian (Elgoibarren). Hiesa, langabezia, gatazka politikoa…, denak nahasian. Ikastolara bidean xiringekin kontuz ibiltzeko esaten ziguten, hiesak jota hildako gazteen berri aditzen genuen, amaren dendan lapurretak izaten zirela oroitzen dut, eta ez zituela salatu nahi izaten, gazte haiek are gehiago ez hondoratzearren… Gazterik inarrosi ninduen “defentsarik gabe” gelditzearen ideiak, umea nintzela. Izugarria iruditzen zitzaidan. Gero, goizetik gauera, ahaztu egin genuen gaia. Dena den, jende asko bizi da diagnostiko horrekin, eta urtero diagnostikatzen dira kasu berriak.

Halako diagnostiko batek arakatzeko zirrikitu asko uzten ditu, estrapolagarriak: “kutsatuen” eta “normalen” arteko elkarbizitza; plazeraren eta erruduntasunaren arteko gatazka; norbere buruari egindako minaren eta besteri eragindakoaren ardura; estigma eta ahultasuna kudeatu beharra; bizi-filosofia bat edo bestea hautatzearen ondorioak… Identitatearen gaia arakatu nahi nuen gorputzari eta sexualitateari lotuta eta perspektiba politiko batetik.

Gaur egungo ezker abertzaleko gazteak dira pertsonaia nagusietako asko, baina ez datoz bat estereotipo zabalduenekin. Bizitza eta ideia propioak dituzte eta beren kontraesanez jabetuta daude. “Norberaren kutretasunaren kontzientzia dun giza garapenaren maila gorena”, esaten dio adibidez Nagorek Irantzuri.

Pertsonaiak jabetuta daude heroien kulturak eman duela berea, agortu dela, eta ahultasunak eta kontraesanak kudeatuz egin beharko dutela aurrera. Lagun onak dira, konfiantza dute elkarri kutretasunak seinalatzeko, ironia darabilte, umoretsuak dira, ondo pasatzen dute. Haien arteko dialogoetan txirikordatzen dira pentsamendua, ziria, emozioa, pultsioak… Gazteak dira, bizirik daude eta ideia propioak dituzte.

Abertzaletasunaren zein iraultzaren diskurtsoak berritu beharraren inguruko gogoetak egiten dituzte pertsonaiek. “Eusko gudariak gara kantatzeak sorturiko erridikulu-sentsazio errepikaria”, aipatzen du adibidez Nagorek. Pentsatzekoa da zurea ere badela kezka hori.

Jende gutxirekin konpartitutako ideiak garatzeko aukera eman dit fikzioaren distantziak, deformazioak. Ideiak baino lehen, ideientzako plataforma eraiki dut, eta hortik bai, hortik esan ahal izan dut eroso. Euskal Herriko gatazka politikoari lotuta, nire bizipen, emozio eta kontraesan pertsonalak eta nire belaunaldikoenak arakatu ditut. Nobelako gaiak eta gogoetak pertsonaien egoera partikularrari dagozkie, baina oihartzun zabalagoa dute: disidentziaz, biolentziaz, borrokaz, baketzeaz, plazeraz… pentsatu behar dute pertsonaiek eta, jakina, nireak ere badira kezka horiek, bestela ezingo nukeen idatzi.

“Arbuiatu ditinagu ikuspegi erromantikoa eta gerrazalea, baina besterik eraikitzea kostatzen ari zaigun”, esaten dio Irantzu adiskideak Nagoreri. Ados al zaude?

Kinka horretan gaudela iruditzen zait, bai, nobelaren amaierako otarraina bezala: azal zaharra erantzita eta berria egin gabe, bigun eta zaurgarri. Edozein azalaldatzetan igaro beharreko trantzea da, beldurra eta segurtasun falta eragiten ditu, baina aukera bakarra da bizitzen jarraitzeko.

Haur eta gazte literaturako hainbat lanez gain, Jenisjoplinen aurretik aurretik bi ipuin liburu eta nobela bat zenituen idatziak. Aurreko liburuekin hasitako ibilbidean, non kokatuko zenuke Jenisjoplin?

Niretzat erronka handia izan da. Ia 300 orrialdeko nobela da, pertsonaia, gai, erregistro, denbora eta espazio asko barnebiltzen dituena. Nagore Vargasen pertsonaia sekula idatzi dudan osoena da eta haren istorioa, orain arte idatzi dudan konplexuena eta poliedrikoena. Jenisjoplinek marka utzi dit niri; ea zer dioten irakurleek.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario